GARA
BAngkok

Thailandiako erregimenaren aurkako matxinada zapuztu du Gobernu paramilitarrak

Etxeratze agindua ezarri ondoren, Thailandiako Gobernuak manifestazioak debekatu, matxinadaren buruak atxilotu eta posta elektronikoa itxi du. Demokrazia gehiago eta erregearen botereari mugak jartzea exijitzen duen matxinadaren aurkako eraso zuzena izan da.

Thailandiako Gobernuak etxeratze agindua ezarri zuen atzo. Exekutiboaren egoitza inguratzen zuen kanpaldi baketsua desegin eta bost pertsona baino gehiagoko bilkurak debekatu zituen. Gainera, «segurtasun nazionala arriskuan jar dezakeen posta elektronikoa» itxi zuen.

Poliziak gutxienez 22 lagun atxilotu zituen, tartean matxinadaren lau bozeramaile. Euren artean Anon Nampa abokatua dago eta bere ingurukoak beldur dira Poliziak helikoptero batean sartu zuelako. Parit Chivarak Penguin ere atxilotutakoen artean dago. Panusaya Sithijirawattanakul Rung neska gaztea, berriz, galdekatu egin zuen Poliziak. Arratsalderako ere protestak iragarrita zeuden, milaka polizia kalteetan ziren arren.

Errege-karabana inguratu

Milaka manifestari atera ziren atzo kalera Thailandiako hiriburuko alde zaharrean Gobernuaren dimisioa eta erregearen eta militarren boterea murrizteko erreformak exijitzeko. 1973ko ikasleen iraultzaren urteurrena zen eta manifestari talde batek Suthida erregina eta Dipangkorn printze oinordekoa zeramatzan auto karabana inguratu zuen. Irudi izugarria, orain dela gutxira arte thailandiarrak belaunikatu egiten zirelako errege-karabanaren aurrean.

Gobernua sutan dago eta Poliziaren hiru jeneral kargutik bota ditu. Militarrek Thailandiako Parlamentua eta Gobernuaren egoitza babestu behar izan dute.

Future Forward legez kanpo dagoen alderdia hartzen duen Progressive Movement oposizioko plataformaren buruzagia den Thanathorn Juangroongruangkit ekintzaileak protesta guztiak baketsuak izan direla gogoratu zuen. «Errepresioa nazioarteko estandar guztiak hausten ari da», salatu zuen.

Matxinoek lehen ministro karguan den Prayut Chan-ocha jeneral kolpistaren dimisioa exijitzen dute. Konstituzio berri bat ere eskatzen dute, oraingoa estatu kolpea eman zuen junta militarrak (2014-2019) inolako lotsarik gabe inposatu zuelako.

Armadaren boterea zalantzan jartzeaz gain, protesta mugimenduak monarkiaren erreforma eskatzen du. Egun erregea kritikatzen duen oro 15 urteko kartzelarekin zigortzen dute.

Vajiralongkorn erregeak Alemaniako luxuzko hotel batean ematen du ia urte osoa, bere haremarekin. Aurreko asteburuan itzuli zen Thailandiara, jainkotutako Bhumibol Adulyadej bere aitaren heriotzaren laugarren urteurreneko elizkizunetan parte hartzera.