Maddi TXINTXURRETA
TOLOSA
KORONABIRUSAREN KRISIA

Eskualderako ospitale publiko eta kalitatezkoa eskatu dute Tolosan

Ehunka herritarrek Topa Tolosaldeko Osasun Publikoaren Aldeko Mugimenduak eta hamarka sindikatu, alderdi politiko eta herri eragilek deitutako manifestazioarekin bat egin zuten, atzo, Tolosan. Eskualdeko ospitale publiko eta kalitatezkoa eskatu zuten, eta, aldi berean, Asuncion itunpeko klinikaren kudeaketa kaskarra gaitzetsi.

Iragan astean Asuncion itunpeko klinikan 41 kasu positibo atzeman eta berau partzialki konfinatu zutenean, herritarrek urte luzez kritikatu duten Tolosaldeko osasun sistema areago deitoratu zuten, manifestazioaren antolatzaileek uste baitute klinikaren kudeaketa publiko-pribatuak eragin duela egungo egoera. «Beste inon gertatu ez dena hemen, Tolosaldean, gertatu da, erreferentziazko ospitalea ixtea», esan zuten.

Horregatik, berretsi zuten Asuncion klinikaren itxiera «Tolosaldeko Osasun Zerbitzu eskasaren» ondorio dela, «administrazio publikoak Asuncion klinikarekiko duen esku hartze eta kontrolik ezaren ondorio».

«Joan den astean Asuncion klinika covid-19a dela-eta konfinatu zuten. Hau ez da kasualitatea izan. Mila bider adierazi dugun kalitate baxuko zerbitzuaren ondorioa da», berretsi zuten.

Hori dela eta, ostiralean, Tolosako Udalak (EAJ) «herritarren segurtasuna bermatzeko neurri gehiago» eskatu zizkion Lakuako Gobernuari, Asuncion klinikaren covid-19 agerraldiari aurre egin ahal izateko. Klinikak, bestalde, iragarri zuen bihar, astelehena, hasiko dela normaltasunarekin lanean.

Osasun arretaren «kalitate baxua» eragiteaz gain, Asuncionen kudeaketa pribatuak langileen baldintzetan ere eragina duela salatu zuten eta exijitu zuten, egoerak irauten duen bitartean bederen, ospitalizazio berriak Donostiara bideratzea, eta ez Irunera, orain arte egin den bezala.

Kaleak kolapsatuta

Manifestazioa abiatu aurretik hedabideei egindako adierazpenetan, Marian Etxeberria Asuncion klinikako langileak nabarmendu zuen klinika «publifikatzea» eskatzen dutela, ez dutela izan nahi «bigarren mailako ospitale bat».

12.30ean abiatu zen protesta Plaza Zaharretik. Herritarrak hiru ilaratan antolatu eta kaleetan barrena ibili ziren, banaka, distantziak zainduz. Tolosara jendetza hurbildu zen seinale, bukaerako ekitaldia bertan behera uzteko eskatu zuen Ertzaintzak, harik eta plaza kanpoko kaleetan «kolapsatuta» zegoen jendeak alde egin zuen arte.

Urteetako eskakizuna

Tolosaldeko 28 herrientzako ospitale «ehuneko ehun» publiko eta kalitatezko bat galdegin zuten herritarrek. «Urteak dira osasun zerbitzu publikoa aldarrikatzen ari garela, hau delako pertsonak erdigunean jarri eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko berme bakarra», adierazi zuten protesta amaierako ekitaldian.

Lakuako Gobernuak esana du hurrengo legegintzaldian hasiko direla proiektu hori aurrera eramaten, baina herritarrek zalantzak agertu dituzte, ez baitakite «noiz, non eta nola» egingo den. Ez dute ulertzen, gainera, zergatik eman dion orain baiezkoa hainbeste urtetan herritarrek egin duten eskakizunari, orain arte eskualdeko osasun arreta «ezin hobea» dela ziurtatu dutenean.

«Baina argi, ez dugu tranpa gehiago nahi! Eta ozen esango dugu, berriz ere, espezialitatez hornitutako anbulatorioak nahi ditugula eta erreferente izango den eskualdeko ospitale bat, kudeaketa publikoa izango duena», aldarrikatu zuten.

Protestan Tolosako Amaroz auzoko herritarren eskakizunari ere tokia egin zioten, ez baitaukate farmaziarik eskura, eta bertan botikin zerbitzua jartzeko eskatu dute hainbat herritarrek. Lakuak, baina, ez die horretarako baimenik eman.

Ekitaldi amaieran, antolatzaileek herritarrei eskatu zieten balkoietan oihal edo arropa zuriak zintzilikatzeko, «mundu guztiak jakin dezan Tolosaldeak osasun zerbitzu publiko bat aldarrikatzen duela».