Andoni ARABAOLAZA
JARDUERAK

Goi mailako bi lehen igoeraalpinista georgiarrentzat

Giorgi Tepnadze-k eta Archil Badriashvili-k Ushba-ren ipar-mendebaldeko aurpegia inauguratu dute. Bost eguneko eskaladan, ED+ zailtasuna duen 1.700 metroko marra bat sortu dute. Ailamaren hego-mendebaldeko horman ere marra berria (ED) zabaldu dute.

Giorgi Tepnadze eta Archil Badriashvili lehen lerroko bi alpinista georgiar dira. Etxeko zein atzerriko mendilerroetan erakutsi dute oso sokada zaildu eta eraginkorra osatzen dutela. Iaz, adibidez, emaitza bikoitza erdietsi zuten. Udaberrian Nanga Parbat igo zuten; udazkenean, berriz, Nepalen, Manasluren ingurumarian igo gabe zeuden bi seimilako eskalatu zituzten: Pangpoche I eta II.

Ia alpinista guztientzat bezala, georgiar hauentzat ere aurtengo denboraldia ezberdina izaten ari da. Ez dira etxetik mugitu. Alabaina, joan den irailean, Kaukasoko bi menditan azpimarratzekoak diren bi jarduera egin dituzte. Biak ala biak lehen igoerak izan dira.

Lehenbizikoari dagokionez, aurreratu behar dugu guretzat guztiz ezezaguna dela. Sokada hori Ailama izeneko mendian (4.560 m) eskalatzen izan da. Eta hain zuzen ere, mendiaren hego-mendebaldeko aurpegian bide berri bat zabaldu dute. Tira, zehaztu dezagun: igotako 2.000 metroetatik 850 (goialdea) berriak dira. ED zailtasuna du; errusiar eskalan 5B. Mendebaldeko ertzetik jaitsi ziren, eta, denera, bi bibak egin zituzten. Jarduera honetan Levan Lashkarashvilik parte hartu zuen.

Bigarrena, bestalde, Ushba (4.710 m, hegoaldeko tontorra) ikonikoan izan da. Kaukasoko Cervino deitzen zaion mendi horren ipar-mendebaldeko murruan marra zuzen eta oso gogorra sortu dute. Irailaren 10etik 14ra, 1.700 metroko bidean ED+ (6a, A4) zailtasunak gainditu behar izan zituzten. Errusiar eskalan: 6A/B. Horma horretan bost egun igaro zituzten, eta jaitsiera hego-ekialdeko aurpegitik egin zuten.

Ushbari dagokionez, Badriashvilik gogorarazi du Kaukasoko mendi ezagunena dela: «Sona handia hartu du oso estetikoa delako. Bi gailur ditu: iparraldekoa eta hegoaldekoa. Azken hori da garaiena. Georgiako Svanetiko eskualdean dago, eta guretzat hura bisitatzea derrigorrezkoa da. Sobietar Batasunaren garaian, gu geu, hots, georgiarrok izan ginen Ushba-n lehen igoerak sinatu genituenok. Pixkaka-pixkaka ezaguna egiten ari zen, eta horregatik garai hartako mendizale zailduenak mendi ikoniko honetara etortzen hasi ziren. Presaka etortzen ziren, Ushba-k eskaintzen dituen zirrikitu guztietan sartzeko. Horregatik guztiagatik, mendizale sobietarrentzat mendi hau sinbolo bat bihurtu zen. Kaukasoko mendi honen horma bertikaletan gero eta bide gogorragoak zabaltzen hasi ziren. Horregatik, egun, zaila da marra berri bat sortzeko aukera izatea. Aipatu behar dut ere Ushba-k baduela ospe berezi bat: Kaukasoko mendi guztien artean oso arriskutsua izatea. Eta hala da; izan ere, hura igo eta jaisteko ibilbide samurrik ez du. Makina bat espediziok egin dute porrot, eta hildakoak ere izan dira».

Hori guztia aipatu eta gero, esan behar dugu Tepnadze eta Badriashvilik Ushba ondo baino hobeto ezagutzen dutela. Mendiaren bi gailurrak bost bidetatik igo dituzte. Iragan uztailean, adibidez, mendebaldeko aurpegian jardun zuten, eta, Badriashvilik adierazi duenez, azken igoera horrek espedizio berri bat egiteko asmoa sortu zuen: «Eskalada hori egin eta gero, Giorgik eta biok erabaki genuen ipar-mendebaldeko horman ekinaldi bat egitea. Irailean itzuli ginen Svanetira. Lehenik eta behin, Ailaman jardun genuen. Mendi horren inguruan esan behar dut oso handia dela eta Kaukason erabat ‘alboratua’ dagoela. Eskalada honetan Levan Lashkarashvili sokakide izan genuen. Mendiaren hego-mendebaldeko horman bide berri zuzen bat zabaltzeko gai izan ginen. Onartu behar dut sortu berri dugun marra hori oso-oso basatia dela, eta jaitsiera nahasia duela».

«Luze dramatikoak»

Lashkarashvili aipatu dugunez, hari buruz esan behar dugu gaztea dela. Tepnadzek eta Badriashvilik berak sortutako teknifikazio talde bateko kide da, eta, antza denez, pronto zegoen Ailaman jarduteko: «Talde hori aurten bertan martxan jarri dugu. Eta emaitzak segituan iritsi dira. Uda honetan, hainbat gazte Chaukhi-ko mendilerroan (ekialdeko Kaukason) izan dira. Oso teknikoak diren garaiera txikiko mendietan eskalada bikainak sinatu dituzte. Ushba-n, berriz, hiru gaztek ‘Gabrieli’ izeneko bidea egunean igo zuten. Gazte hauen jarduera hauek ikusita, Ailamarako Levan ‘fitxatu’ genuen. Zalantzarik gabe, gaitasun handiko alpinista da, eta eskalada horretan argi utzi du maila oso handia duela».

Egun batzuetan atseden hartu ondoren, Tepnadze eta Badriashvili Ushbari begira jarri ziren. Ez zeuden bakarrik; izan ere, Badriashviliren aitaren aholkuak gertutik jaso zituzten: «Niretzat oso garrantzitsua da, besteak beste, eskarmentu handiko alpinista izan delako. Sobietar Batasunaren garaian errebelde bat zen. Bakarkako eta baimenik gabeko makina bat igoera egin zituen».

Ushbaren hegoaldeko tontorreko murru horrek bi bide ditu. Ezkerrean, Artishevsky-k zuzendutako taldeak bat sortu zuen. 1971. urtea zen. 14 eguneko lana eskatu zien 1.700 metroko eta 6A zailtasuneko (errusiar eskalan) marra hori zabaltzeak. Bigarrena, berriz, eskuinaldean dago eta hurrengo urtean ireki zen: “Grigorenko-Prigoda” bidea. Denera: 1.700 metro, 6A maila eta 12 eguneko jarduna.

Baina lerrootako protagonistek argi eta garbi zuten hormaren erditik proposamen berri eta zuzen bat zabaldu nahi zutela. Jakin bazekiten, xede arras zaila izango zela, erdiko murru horrek eroria duen tarte bat duelako.

Kanpalekua (2.800 m) irailaren 10ean utzi zuten. Estiloari garrantzi handia ematen diotenez, ahal zuten arinen eta azkarren eskalatu nahi zuten. “Plataforma georgiarra” izenez ezaguna den sekzioa eta arrokazko lehen tartea gainditu ostean, 4.000 metroko kotan lehen bibaka antolatu zuten.

Biharamunean, hormatzarrak duen giltzan edo headwallean sartu ziren: «Mistoko eta izotzezko metro gogor batzuk eskalatu genituen. Hurrengo bi egunetan, artifizialean luze gogorrak, artesi oso txikiak, sekzio arriskutsuak... Denetarik zuen. Eta beti eroria zuten luzeetan. Azken bi egunak dramatikoak izan ziren oso. Oso aukera gutxi genituen handik jarraitzeko. Erretiratzeko asmoa zebilkigun buruan. Nahiz eta metro ezezagun asko falta ziren eskalatzeko, guk aurrera segitu nahi genuen. Hots, ez genuen etsi».

Bi luze eskalatzeak 20 orduko jarduna eskatu zien. Baina buruhausteak paretaren amaierarekin bukatu ziren. Azken bibak bat egin eta biharamunean gailurrean ziren bide berri, zuzen eta oso zaila sortu ondoren.

Bost egun pareta tente horretan igaro eta gero, bi alpinistok “Gabrieli” bidetik (TD+) jaitsi ziren. Arestian aipatu dugun bezala, Ushbak ez du igoera edo jaitsiera samurrik. «Zazpi orduko jaitsiera izan zen. Ezagutzen genuen, baina aurreko eguneko lanak den-dena zaildu zuen. Egundoko abentura izan da, eta, zalantzarik gabe, uste dugu alpinista georgiar guztiontzat joan den uda oso ona eta emankorra izan dela».