Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA

«Resolution», konponbiderako urrats sendoak egiteko aldarria

Presoak Euskal Herrira ekartzea eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenak zein gaixo daudenak etxeratzea aldarrikatu zuten atzo Kontxako hondartzan 600 lagunek, Sareren mobilizaziorekin bat eginda. Euskal jendartearen nahia zein den erakutsi zuen mosaikoak, «Resolution» lelopean, konponbidea lortzeko urratsak egitea exijitu zuen. Urtarrilaren 9an, urtero lez, euskal presoen eskubideen alde borrokatzeko hitzordua dagoela ere gogoratu zuten.

Euskal presoen senide asko, tartean pertsona helduak eta haurrak, maite dituzten etxekoak 40 minutuz bisitatzeko ehunka kilometro egiten ari ziren bitartean, 600 lagun inguruk −pandemiak baldintzatutako kopurua– konponbidea lortzeko urrats gehiago ematea exijitu zieten Madrili eta Parisi.

Konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen bidean aurrera egiteko, dispertsioarekin amaitzea funtsezkoa dela aldarrikatu zuten, salbuespenezko espetxe politikak mendekua beste zentzurik ez duela ohartaraziz. Hala, 600 bat aterki zuri banan-banan ireki zituzten Donostiako Kontxako hondartzan, “Resolution” hitza mundura zabaltzeko, «Euskal presoak, Euskal Herrira» oihuek lagunduta. «Ozen eta argi» adierazi nahi izan baitzuten «sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat preso diren pertsonen eskubideen errespetuan» oinarritzen dela. Hori bai, nabarmendu zutenez, «tamalez», Estatu espainiarra ez da «materia hori gainditzen ari». 

Kontrara, euskal jendartearen gehiengoaren nahia espetxe politika «krudelarekin» amaitzea dela argi geratu zen. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoetako ordezkariek bat egin zuten Sarek antolatutako mobilizazioaren aldarrikapenekin, baita ELA, LAB eta UGT sindikatuetako kideek ere, besteak beste. Bat etorri ziren birgizarteratzea bultzatzeko esfortzu gehiago egin behar dituztela Paris eta Madrileko gobernuek, espetxe politiken paradigman aldaketak eman daitezen. Presoen eskubideetan urraketak ematen direla nabarmentzeaz gain, urruntzeak gertukoei ekartzen dien kalteaz ohartarazi zuten.

«Euskal jendartearen gehiengo zabalak konfrontazio etapak atzean uzteko unea dela uste du. Aurrera begiratzeko unea dela. Ahanzturarik gabe, baina gorrotorik gabe. Horixe baita aurrera egiteko modu bakarra», zehaztu zuten antolatzaileek, konponbidea lortzeko urratsak egiteko aldarri gisa erabili duten “Resolution” leloa gogoan.

 

«Berme garrantzitsua»

Atzo bezalako hitzorduek duten garrantzia ere azpimarratu zuten lau haizeetara, Kontxako hondartzaren bueltan kuriositatez begiratzen zutenei ere euren mezua helaraziz. Mobilizazioa «Madrileko eta Pariseko gobernuei egungo espetxe politika krudela alda dezaten eskatzeko berme garrantzitsuena» dela ziurtatu zuten.

Modu horretan, eskakizun argi bat igorri zieten bertaratutako euskal instituzioetako, alderdi politikoetako, erakunde sozialetako zein sindikatuetako kideei: «Manten itzazue aktibo Euskal Herrian lortutako akordio zabalak, atera itzazue agendatik desadostasunak eta atera ezazue konfrontazio eremutik espetxeen auzia, akordioen agendara eramateko».

Gobernu espainolak eta frantsesak egindako zenbait urrats txiki onuragarriak izan direla onartu zuten Sareko bozeramaileek ekitaldi bukaerako hitzartzean. Bego Atxa eta Joseba Azkarragaren esanetan, aldiz, aurrerapauso horiek «normalizazioa» lortzetik urrun daude, nahiz eta hainbat familiarentzat «lasaitasun» handiagoa ekarri duten. «Urruntze politikarekin amaitzea, euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen da eta ez, oraindik ere, Euskal Herritik 300 kilometrora dauden espetxeetara lekualdatzean», argitu zuten.

«Mendeku honek amaitu behar du», adierazi zuen irmo Bego Atxak; ildo horretan, galdetu zuen ea ze zentzu daukan, «ez bada mendekua, bisita minutu bakoitzagatik Andaluzia, Galizia edo Levanten dauden presoen senideek 40 kilometro egin behar izateak».

Covid-19aren pandemiak presoen egoera are gehiago zaildu duela ere gogorarazi zuten, espetxeetan urruntze soziala eta osasun segurtasuna bermatzeko aukerarik ez dagoelako. Kanpo komunikazioak era nabarian murriztu direla ere gogora ekarri zuten. Bis a bisekoak eten egin dira eta motxiladun haur askok −egun 90 daude– zortzi hilabete baino gehiago eman dituzten jada ama, aita edo biak besarkatu gabe.

Dispertsioaren bukaerak euskal jendarte zabalaren babesa du aspaldi, eta, berriki, Estatu espainoleko 300 jurista baino gehiagok ere eskatu dutela nabarmendu zuen Sarek. Duela sei urte Sare sortu zenetik eskatzen dutena ez dela «inongo pribilegioa» ere azpimarratu zuten: «Salbuespenezko espetxe politika bertan behera gera dadin eskatzen ari gara, euskal presoei lege arrunta ezartzeko eskatzen dugu. Ezohiko erregimen hori baita euskal presoen kopuru handi bati bizi osoko zigor kamuflatuak ezartzea ahalbidetzen duena», esan zuten, astean hil berri den Asier Aginako preso ohi durangarra gogoan. 

Adierazpenak

«Mendekua ez bada, ze zentzu dauka bisita minutu bakoitzagatik Andaluzia, Galizia edo Levanten dauden presoen senideek 40 kilometro egin behar izateak?»

BEGO ATXA

Sare Herritarra

«Salbuespenezko espetxe politika bertan behera gera dadin eskatzen ari gara, euskal presoei lege arrunta ezartzeko eskatzen dugu»

JOSEBA AZKARRAGA

Sare Herritarra