Surflari ernegatua

Berandu

Ez naiz teoria konspiratiboen zale, gehienetan gauzek uste baino esplikazio sinpleagoa dutela iritzi diot, baina aitortu behar dut luzaroan sinetsi nuela bazela zerbait hor nonbait, kosmosean, naturan edo auskalo non, olaturik onenak gauez izatea bultzatzen zuena.

Gazte nintzenean gauez surf egiten jarraitzen nuen udazkeneko surf saioetan. Izan ere, olatu hoberenak ziren unean erortzen zen gau iluna. Zinez pentsatzen nuen Luzifer edo antzeko beste indar gaizto batek gure kontura barre egiteko jartzen zigula halako goxokia muturren aurrean.

Niretzat mareak biziak zirenean eta itsasgoran izaten ziren olatu ederrenak. Itsasoak gora egin ahala olatuek forma borobilagoa hartzen zuten, baina orduantxe nagusitzen zen iluntasuna. Kexu ginen surflariok, «beti onenean» ezkutatzen baitzen eguzkia. Batzuetan, Zarauzko malekoiko farolen argiek lagunduta surf egiten jarraitzen genuen, baina ez zen batere erraza. Olatu gainean moldatzen ginen, argiek isla egiten baitzuten uhinaren magalean. Ordea, olatua hartzea zinez zaila zen, itsasora begira iluntasuna baino ez baikenuen parean. Olatuak itsu-itsuan hartu eta zentzu guztiak adi, olatuaren forma asmatzen gindoazen neurrian erabakitzen genuen gora, behera edo alboetara jo, eta olatu guztiak “mekauendios” batekin amaitzen genituen.

Orain badakit ez zegoela ezkutuko indar maltzurrik gibelean. Mareak biziak ilbetean edo ilberrian izaten dira, eta aste horretan itsasgora arratsaldez izaten da. Puntu gorena, gainera, itsasgora seietan denean izaten da. Hau da, udazken sasoian gaua iristen den unean. Baina hortaz ohartzeko hogei urte behar izan ditut. Hala ere, uste dut ez nabilela hain atzeratuta, ikasteko ez baita inoiz berandu.