Jon GARMENDIA
Idazlea

Trapala

Mundu huntako gaitza beti trapala-trapala heldu da, ongia aldiz oinez, bi zangoetarik maingu eginez». Erran didanerako nabaritu dut hitz lerroak itzuli osoa egin duela ene buruan zentzua ulertu nahian. Geldo samar telefonoa desblokeatu dut esaldia idazteko; errazagoa zen arkatzarekin kaierean idazten nuen garaia. Antzina ia. Memoriari kolpe batzuk eman eta liburu artetik atera dut esaldia azkenean, gero, marinel zaharra zertaz ariko zen zalantza. Zango batetik egiten dut maingu, eta mania enea entzundako dena niganatu beharra. Orokortasuna existitzen baita, asko hitz eginda deus erran gabekoa bezala.

Zilbor heste bat lotu ziguten zerura, ia haren laino artean galtzeko ezgauza, eta kulunka ageri horretan norbanakoa nor banaka bizi da ispiluari begira. Baina zein ilun gabiltzan aspaldian, ezta? Zalantzati beti, uzkur, eta mesfidati oro, ezker zehar doa begirada eskuin hatz dardartiaren erritmora. Hargatik agurtu nau «egun xuri dena, beltza daiteke biharko, aski biziren denak oro ikusiko» erranda. Zuririk, ordea, apenas gris zabal honetan; Persiako Ruc zuriak eramango ote du elefante astun hau, marinelek askotan ikusten zuten arrano zuri erraldoia, beti salbatzaile. Errealitatea aldatuko duen neurririk ez denean, ametsei tarte eginda dena beste modu batean bizi dezakegula sinistuta.