GARA
Donostia

Emakume bat larriki zauritu du gizon batek Donostian, labankadaz

Lakuako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, 52 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Ertzaintzako eta Donostiako Udaltzaingoko agenteek Gipuzkoako hiriburuan bikotekidea ustez sastakatzeagatik, genero biolentzia eta hilketa saiakera leporatuta. Adin bereko biktima Donostiako osasun zentro batera eraman zuten eta azken informazioen arabera, larri dago.

Segurtasun Sailak jakitera eman zuenez, Donostiako Gros auzoko Iztueta kaleko pentsio batean gertatu zen erasoa, 05.00etan. Udaltzaingoko patruila bat joan zen bertara, herritar batek liskar bat entzun zuela esanez telefonoz abisua pasa ostean.

Pentsiora iristean, agenteek gizonezko bat aurkitu zuten eraikineko solairu bateko eskailera-buruan emakume bat igogailura arrastaka eramaten. Biak ala biak odolez estalita zeudela zehaztu zuen Lakuak.

Ertzaintzako eta Udaltzaingoko agenteek emakumea zaurituta zegoela egiaztatu eta gero, larrialdi zerbitzuek anbulantzian eraman zuten Donostiako Ospitalera, eta, gutxienez, bi ebaki odoltsu zituen lepoan. Segurtasun Sailak zehaztu zuenez, momentuz bere bizia ez dago arriskuan.

Gertatutakoa egiaztatu ondoren, 52 urteko gizona atxilotu egin zuten bertan zeuden agenteek, bikotekidearen aurkako hilketa saiakera eta genero biolentzia leporatuta.

Atxilotutako gizonezkoa Donostiako Ertzaintzaren komisariara eraman zuten, bertako agenteak hartu baitute ikerketaren ardura.

Ertzaintzako ikuskatze talde bat gertaeren lekura joan zen probak bilatzeko asmoz, eta ustez erasoan erabilitako arma aurkitu zuen, sukaldeko aizto bat. Segurtasun Sailak gehitu zuenez, ustezko erasotzaileak ez dauka indarkeria matxistarekin lotutako delituengatik aldez aurreko polizia espedienterik.

Alkatearen gaitzespena

Eneko Goia Donostiako alkateak atzo adierazi zuenez, hirian gertatutako erasoa «onartezina» da erabat.

Goiak adierazi zuen Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren bezperan gertatutako erasoak «zoritxarrez, gaurkotasun berezia» ematen diola gaurko, azaroaren 25 eko aldarrikapenari. «Gizartean, tamalez, oraindik ere izaten diren horrelako portaerak» erabat baztertzen dituela gaineratu zuen alkateak prentsaurrean.