Maddi TXINTXURRETA
EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA

ISILEAN ERAMANDAKO SUFRIMENDUARI ENTZUN

Emakundek azaroaren 25aren harira egindako kanpainak adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria jarri du erdigunean; horretarako, biktima izan diren zazpi emakumeren testigantzak jaso ditu.

Tratu txarren segida etengabea da, ni saiatu nintzen besteari ulertarazten ez nengoela ondo, laguntza behar genuela. Saiatzen zara harreman hori salbatzen, garrantzitsua dela uste duzulako. Azkenean, indarkeria handituz doa, bultzadak eta hausturak iristen dira. Une batean beldurra sentitu nuen eta nire etxetik atera behar izan nuen. Ikusi nuen ez zegoela konponbiderik, hura ez zela aldatuko. Nik aldatu behar nuen». Gazte pairatu zuen biolentzia Inma Matak. 19 urterekin ezkondu zen eta 30 urterekin banandu. Egun, 62 urte ditu eta Bizituz Elkarteko kidea da.

55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakumek, Inma Mata tartean, gogoratu, murtxikatu eta bota egin dute duela urte batzuk sufritu zuten biolentzia mindua, Emakundek bultzatutako kanpainarako. Kanpaina azaroaren 9an hasi zen, gordin, EAEko irrati, telebista eta sareetan, spot modura, eta gaur amaituko da, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean. “Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena” da hautatutako leloa, eta oraingoan adineko emakumeek jasaten duten indarkeria fokuratu du, gizartea honen inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin, «biktimak ikusezinak direlako», Emakunderen azalpenen arabera.

Inma Mataren aburuz, beharrezkoa zen adineko emakumeek sufritzen duten indarkeria nabarmentzea, eta horregatik hartu du parte Emakunderen kanpainan. «Adineko emakume asko isilik ari dira sufritzen. Kontuan hartu behar da gaur egungoa ez bezalako testuinguru batean bizi izan diren emakumeak direla, eta luzaroan tratu txarren eraginpean egon direla. Horregatik, garrantzitsua zen emakume adindunek pairatzen duten egoera argitara ekartzea, indarkeria pairatzen duten baina indarkeria onartzen ez duten asko daudelako», nabarmendu du.

Inma Matarekin batera beste sei emakumezko ere prestatu dira pairatutako indarkeria azaltzera Emakunderen azken kanpainan. Jasandako sufrikarioa kontatu dute: «Berak ez zidan inoiz eraso fisikorik egin, baina badira sendatzeko denbora gehiago behar duten orbainak»; «Kontsulta batera joan nintzen, ni erotuta edo zoratuta nengoela pentsatuta. Han esan zidaten tratu txar psikologikoak jasaten nituen emakumea nintzela».

30 urteren ostean, Inma Matak jasandako erasoen inguruan hausnartu du, eta bide horretan formakuntza feministak duen garrantzia azpimarratu du. «Batzuetan ez gara kontziente biolentzia jasaten ari garenik. Baina ikusten duzunean emakume pila bat egoera berdinean daudela, eta batzuk okerrago, hil egiten dituztelako, konturatzen zara hau ez dela zure arazoa, baizik gizartearena, eta denon artean, politika publikoekin, egin behar zaiola aurre».