Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Babesa

Euskal musikagintza ongi ezagutzen duen lagun batek kontatua da, euskal rockaren urrezko garaian, 80ko eta 90eko hamarkaden zubian, ohitura bihurtu zela plazetan aritzen ziren kantarien artean, nork bere mikro propioa etxetik eramatea. Horrela, ez zuten erabili behar, kasuan kasu, emanaldirako kontratatutako ekipo/teknikariek, berez, jarritakorik. Profesionaltasun seinaletzat har daiteke erabakia, nola ez, pentsa daitekeelako kantari horiek fortuna txiki bat xahutua zutela, haien ahotsaren xehetasun guztiak ongi islatuko zituen tramankuluak erosten. Zuzeneko emanaldietan ohikoak ez ziren eta haiek bakarrik erabiliko zituzten mikrofonoekin oholtzan maila hobea emango zuten eta. Ala ez? Agian beren buruak babesten ari ziren.

Ba al da mikroa baino traste antihigienikoagorik? Atera kontuak: zenbat lagunen hats, izerdi eta lerdea jasoko du mikrofono bakar batek, jaialdiak sei ordu iraun badu, eta oholtzatik lau talde, aurkezle bat eta hiru espontaneo pasa badira? Zer bakterio, estafilokoko, bazilo saltsa egon daiteke bertan? Uztartu emaitza kezkagarria musikarien bizimodu lauso eta kartsuak osasunean utzitako ondorioekin, eta gehitu 80ko hamarkadan droga gogorren kontsumoak euskal jendartean utzitako panorama iluna. Harritzen al dizue inork mikroa bere zorroan, eta txukun-txukun bilduta ekartzea etxetik? Hau kontatu zidaten igandean, tekniko lana suertatu eta literatura irakurraldi baten harira, mikroari hidrogelarekin bustitako zapia 30. aldiz pasa ondoren. Gihar-minez dut oraindik eskuineko besoa.