Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

«Oilasko hegalak», irakurketa hegoduna askapenaren bidaiari

Haurrei eta gurasoei zuzendutako albuma da Eider eta Arrate Rodriguezek aurkeztutakoa, hausnartzeko pentsatua. Irakurketa ugari ekar dezakeen bidaia bat dakar testu eta ilustrazioen bitartez.

Eider eta Arrate Rodriguez ahizpek “Oilasko hegalak” album ilustratua argitaratu berri dute Erein argitaletxearekin. Eiderrek idatzitako testuak eta Arratek marraztutako ilustrazioek elkarren artean elkarrizketan dihardute familia bat aurkezteko, eta familia horretako ama, etxe askotan bezala, soberakinekin bizitzera ohitu dena. Amak, oilaskoa erretzen duen aldiro, bere txanda iritsi orduko soil-soilik hegoak aurkitzen ditu, izter eta bularkiak harrapatzera aita eta seme-alabak aurreratzen zaizkio.

Familia bat aurkezten du albumak, pertsonaia gizatiarrak, haragizkoak, eta familien ekosistemari beste ertz batzuetatik begiratzeko gonbita dakar berarekin, «katarsi domestiko» txikiak eragiteko saiakera, zeren, oso zaila den jakitun, «beharrezkoa» da, Eider Rodriguezek atzo Donostian egindako aurkezpenean azaldu zuenez.

Amaren askapenerako bidaia hegoduna kontatzen du albumak, testu sintetizatu eta ilustrazioen interpretazio zabalean. Bidaiak sentimendu argi zein ilunak eragin asmo dio guraso zein haur irakurleari, maitasunetik berekoikeriara, busti dezakeen ekaitz batetik entzun daitekeen paisaia elurtu baten isiltasunera.