Maddi TXINTXURRETA
GASTEIZ

Musika dantzari eta maitasunari letrak, Modus Operandiren diskoan

Koronabirusaren pandemiak erabat baldintzatu du Modus Operandiren bigarren lan luzea, «Dantza gaitezen hil arte» diskoa; konfinamenduan pentsatu eta grabatu behar izan dute. Dudak izan zituzten diskoa kaleratzerakoan, baina, zailtasunak zailtasun, orain hiru kide berri dituen musika taldeak atzo aurkeztu zuen hamar kantuko bilduma. Ororen gainetik maitasunari eta desamodioari eskainitako kantuak dakartza ska estilotik harago doan bildumak.

Modus Operandi taldeak “Dantza gaitezen hil arte” diskoa aurkeztu zuen atzo Gasteizko Jimmy Jazz antzokian, Baga Biga ekoiztetxearekin kaleratua. Bigarren lan luzea du Betagarri eta Lauroba desegin berri ziren taldeetako Iñaki Ortiz de Villalbak eta Andoni Matxainek 2018an sortutako proiektuak, batik bat ska doinuetara emana.

Eta ska musika dakar Modus Operandiren bigarren lanak ere, baina ez soil-soilik. Punk-rocka, musika latinoa, reggaetona, salsa eta funky estiloak nahasten dira ere hamar kantuko lanean, Ortiz de Villalbaren musika dantzagarriari leial. Horregatik, baita, diskoari izena ematen dion singlea ere, koronabirusa kari ezarritako neurriei keinu garbia egiten diona: “Dantza gaitezen hil arte”.

Taldean, gainera, partaide batzuk erori eta beste batzuk batu dira: Diego Martinez (Luz de Putas), Joseba San Sebastian (Sen) eta Josu Erbiti (Iseo, Tximeleta, Txarrena). Azken horrek diskoko produktore tekniko eta artistiko gisa egin du lan, bateria-jotzaile izateaz gain.

Maitasunari eta desamodioari eskainitako letrak idatzi ditu Iñaki Ortiz de Villalbak, bazter utzi gabe Betagarritik dakarren kantu soziala, salaketarena. Proiektua borobiltzeko, gainera, hiru artistak kolaboratu dute Modus Operandirekin: La Furiak, Bad Sound System taldeko Moro-k eta Karmele Jaiok.

Konfinamenduaren eragina

Indartsu hasi zen Modus Operandi. 2019an, taldea eratu eta urtebetera, 45 kontzertu eman zituen Euskal Herrian eta horietako bat Madrilen, marka esanguratsua talde hasiberri batendako. Alta, pandemiak harrapatu ditu aurten, eta bigarren diskoaren ekoizpena konfinamenduak baldintzatu du.

2020rako «irrikitan» zeudela segurtatu zuen prentsaren aurrean Iñaki Ortiz de Villalbak. Diskoa pentsatzen ari ziren eta Katalunian eta Suitzan kontzertu bana ematekoak ziren. Dena bertan behera geratu zen, ordea, diskoaren ekoizpena salbu.

Konfinamenduan sortu dute “Dantza gaitezen hil arte”, ezinbestean, lan egiteko modu berriak arakatuz. Esplikatu zutenez, Ortiz de Villalba abeslariak Whatsapp bidez audioak bidaltzen zizkien taldekideei, kantu baten ideia batekin, doinu argi bat edo estilo berri baterako pista bat. Ondotik, taldekideek bakoitzak bere etxetik audio horren gainean lan egiten zuen, harik eta hamar kantuko bilduma osatzea lortu arte.

Aurreprodukzioan egindako lanak, taldekideen hitzetan, grabaketa asko erraztu zuen, ideiak garbi izan zituztelako hasiera-hasieratik. Halere, dudak izan zituzten ekoizpen prozesuaren amaieran. «Diskoa atera ala ez». Egoera «kaotiko» baten erdian, «Durangoko Azokarik gabe, kontzerturik gabe», zehaztu zuen Ortiz de Villalbak, ez zekiten momentu egokiena ote zen lana kaleratzeko.

Baina entsegu gutxirekin, proiektuan «lan eta konfiantza handia» jarrita, “Dantza gaitezen hil arte” aurkeztu zuten atzo, eta oraingoz itxita daukaten kontzertu bakarrerako data ere iragarri zuten: Bilboko Santa Ana aretoan izango da, urtarrilaren 15ean. Gehiago ere izango direla zehaztu zuten, halere.