GARA
DONOSTIA

Basagain herrixka gotortuari buruzko liburua osatu dute Peñalverrek eta Uribarrik

«Basagain. Herrixka bat bi aroen arteko mugan» argitalpen dibulgatiboa argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Xabier Peñalver eta Eloisa Uribarri arkeologoak dira lanaren autoreak.

Basagain herrixka gotortuaren gaineko argitalpena argitaratu dute Xabier Peñalverrek eta Eloisa Uribarrik. Bertan, azken 25 urteotan Basagainen egindako aurkintzen berri eman eta, era dibulgatiboan, herrixkaren balioa goraipatu dute.

Herrixkako ikerketa proiektua 1994an abiatu zen, Bigarren Burdin Aroaren ezagutzan sakontzeko asmoz. «25 urtez etenik gabe egindako landa-lanei esker, osatzen ari gara tipologia bereko beste kokaleku batzuetan –Intxur eta Buruntza, adibidez– esku hartu ondoren genituen datuak, eta gero beste batzuekin –Santiagomendi edo Munoaundi–indartzen joan dira», zehaztu zuten Gipuzkoako Foru Aldunditik, eta nabarmendu zuten liburuak «oso modu dibulgatzailean eta errazean» jasotzen dituela ekarpen horietako batzuk, hainbat irudiz lagunduta.

Aurkezpenean Basagainen gaineko zenbait xehetasun eman zituzten. Kokagunearen tipologiari dagokionez, gure aroaren aurreko lehen milurtekoaren une horretan (Burdin Aroa) berezkoa den goialdeko kokaleku gotortu bat dela aipatu zuten, espazio guztietatik ikuspen handia duena, Oria ibaiaren ibilguaren zati handi bat menderatzen duena, «hain zuzen ere egungo Gipuzkoaren eta, zalantzarik gabe, bere garaian barduliarren lurraldearen ardatz egituratzaileetako bat».

Indusketa lanetan identifikatu dituzten jarduera nagusiak nekazaritzari lotuta daude (artatxikia eta beste zereal batzuen ekoizpena) eta abeltzaintzak ere badu presentzia, baita landare-espezien bilketak ere. Hala ere, brontzearen eta burdinaren jarduera metalurgikoa da Basagaingo elementurik nabarmenetakoa.