Surflari ernegatua

Ken eta Barbie

Sarri gertatzen da; aspaldi ikusi ez dugun norbait etortzen zaigu burura eta hortik gutxira nonbait topatzen dugu, eta hurrengo egunetan, gainera, behin eta berriz topatzen dugu. Gauza bera gertatu zait Laird Hamiltonekin. Surflari hawaiiarra ez dut ezagutzen; beraz, ez da hurrengo egunetan edozein lekutan topo egiteko arriskurik, baina zertan dabilen jakiteko pista galdu behar ez zaion tipo horietako bat dela uste dut. Kargu publikoak utzi behar izaten dituzten politikari ustelak bezala, batzuk beti zutik erortzen baitira.

Azkenaldian Hawaiin izan diren itsaski erraldoiei esker ehunka irudi ikusi ahal izan ditugu sarean, horietako asko Peahin hartutakoak. Orduan, olatu handietako surfak azken urteetan izan duen bilakaera aztertzeko, ezinbestean atzera egin behar da, eta hor bada ekidin ezin den izen bat: Laird Hamilton.

Uretako moto baten laguntzaz ezinezkoak ziruditen olatuak hartzen lehena, Teahupoon tubo erraldoiak egiten lehena, Peahiko urautsian surf egiten lehenetarikoa, eta olatu handiei lotutako beste hainbat gauzatan ere aitzindaria izan da Hamilton. Hortaz, sarri, «non ote dabil tipo hau?» galdetzen nion neure buruari.

Egun 56 urte dituen Mauiko surflari famatuaren ehunka iragarki topa daitezke sarean. Kolonia iragarkietan, surfari lotutako marka desberdinen publizitateetan, eta hitzaldietan eta filmetan ere ikus dezakegu. Baita «Laird Hamiltonekin ez zahartzeko» kurtsoetan ere. Denetik egin du eta egiten du zezen ilehoriak, baina inoiz ez du ezer musu-truk egiten, eta horri esker diru asko irabazten duen fama ere beti izan du. Aldiz, ez nuen espero 2020. urtean diru gehien irabazi duen surflaria bera izango zenik, eta, are gutxiago, bere izena duen kafe markari eta bere «super janariei» esker izango zenik, baina “Stab” aldizkariaren arabera, 35 milioi dolar irabazi zituen.

Iaz diru gehien irabazi zuen bigarren surflaria, ostera, Ellie-Jean Coffey izan omen zen. Goi mailan lehiatzen aritu ostean, txapelketak albo batera utzi eta bere egitasmo propioak ekoiztu ditu «Barbie australiarrak». Lehenik film porno bat argitaratu zuen eta jarraian «helduentzako» webgune bat ireki zuen. Horrela, hiru hilabetetan hiru milioi dolar irabazi omen zituen. Industria pornografikoa «eremu segurua» eta «epairik gabekoa» delako maite duela esaten du Coffeyk, eta ez omen du faltan botatzen munduko surf lehiaketen zirkuitu «misoginoa». Zalantzarik gabe, surflariak askoz interesgarriagoak dira lehorrean lur hartzen dutenean. Ziur naiz aurrerantzean Hamilton baino sarriago ikusiko dudala Coffey...