Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Muskis

Nikolas Zabala “Muskis” durangarra omen zen, eta ofiziorik ez zaio ezagutzen; bai, ordea, bere kontalari sena, istorioren bat beti ahoan. Horixe kontatu zion, behintzat, Antonio Trueba idazle bizkaitarrak Vicente Arana lagunari. “Cuentos Populares de Vizcaya” (Bizkaiko herri ipuinak) liburuan agertzen den “Erromeriak” izeneko ipuinaren jatorria argituko dio lagunari, Muskisen ahotik entzuna.

Azalduko du durangar hark hamaika istorio zekiela, eta ezin jakin berak asmatuak ote ziren edo besteen ahotik ikasiak zituen, baina «todos eran intencionados, agudos y oportunos». Azalpen berean argituko du Durangaldean pauso bat eman orduko topatzen dela pasarteak eta ipuinak kontatuko dituen norbait. Muskisek kontatu zion ipuinean, San Blasek azarotik maiatzera bitartean euren festa ospatzen zuten santuen batzarra antolatu omen zuen; kexu baitziren udako santuen ospakizunekin alderatuta eurenak eskasak zirela eguraldiagatik; eta Jainkoarengana jo zuten. Ipuin bitxia, ziur Muskisen ahoan ederragoa, Truebaren luman baino.

Dena dela, honetan guztian interesgarriena da kontalari baten berri ematen digula idazleak. Euskal kontalaritzaren bizitasuna azaltzen digu, ipuinen egunerokoan txertatutako ondare gisa. Honek gure kulturan zein literaturan izan duen eta duen garrantzia ez ohi da behar bezala baloratzen. Zenbat Muskis galdu ote dira bidean, euren ahotsaren oihartzunarekin batera. San Blas opila jaten ari zaretela, agian, jakin nahiko duzue zer demontre eskatu zioten Jainkoari.