GARA / DONOSTIA

Ehunka erakundek «Mendebaldeko Sahara ez dago salgai» kanpaina abian jarri dute espoliazio naturalaren aurka

Lurralde okupatuetako, kanpalekuetako eta diasporako saharar gizarte zibileko ehun bat erakundek “Mendebaldeko Sahara ez dago salgai” kanpaina jarri dute martxan, herrialdeko baliabide naturalen espoliazioaren aurka. Kanpainaren helburua da «Mendebaldeko Saharan natur baliabideen espoliazioa salatzea eta Marokoko Estatuarekin akordioak eginez Mendebaldeko Sahararen jatorrizko produktuak erauzten, garraiatzen edota inportatzen dituzten atzerriko enpresa multinazionalengan arreta jartzea, saharar herriaren aberastasunak sistematikoki arpilatzen ari baitira».

Era berean, erakunde bultzatzaileek manifestu bat ere plazaratu dute. Bertan salatzen dutenez, «Mendebaldeko Sahararen marokoarren okupazioa 45 urtez luzatu da eta urteotan saharar herriaren oinarrizko eskubideak zigorrik gabe zapaldu dira». Manifestuak azaltzen duenez, joan den azaroaren 13an Marokok 1991n sinatutako su eten akordioa hautsi zuen eta, modu horretan, «eskualdea berriro gatazka armatura itzultzea» bultzatu zuen.

Kanpaina herri ekimen gisa sortu zen, gizarte zibileko erakundeek gidatuta bai lurralde okupatuetan, bai errefuxiatuen kanpamentuetan, bai eta diasporan ere. Helburua «marokoarren okupazioaren legez kontrako jardunbideak eta saharar herriaren oinarrizko eskubideen urraketa salatzen laguntzea» izan da hasieratik. Erakunde bultzatzaileen artean nazioarteko saharar elkarteak daude, baita Estatu espainoleko eta frantseseko eta Euskal Herriko beste hainbat elkarte ere.