Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Historia eta istorioak

Oharkabean joan da gure artean, Joe Bidenek bere agintaldiaren lehen orduetan jaulkitako agindu exekutiboen sorta horretan. Baina badu gurerako irakurketa ere.

Trump-aldiaren erauzketa-lanen aurreneko puntan egon baita 1776 Batzordea desegitea. Irailean sorrarazi zuen azenario koloreko presidenteak batzorde hori “hezkuntza patriotikoa” sustatzeko helburuarekin, eskuin muturreko 18 dinosauroko talde bat bilbatuz bertan. Haren bizialdiaren emaitza izan da 41 orrialdeko txosten bat, urtarrilaren 18an (M. Luther King egunean; eta horrek berak petraldu egin du haren edukia), Trumpek Etxe Zuria utzi baino bi egun lehenago, plazaratu zena. Bazekiten batzordekideek etorkizunik ez zutela aginte berriarekin, eta presaka errun dute arrautza.

Edukiaren narrastasunak presa horrekin baduela zerikusia pentsatu nahi dut. Estatu Batuetako eskuin muturreko pentsamenduak ere badu hori baino gehiagoko sakonera. Izatez, bi adjektibo-zaku hala moduz lotzea besterik ez du egiten lanak: alde batetik, adjektibo onak, zuzenak, etxerako; eta bestetik, gaiztoak, makurrak beti-beti AEBen etsai diren horientzat. Eta mutur horien arteko tarte ikusgarria ez da existitu ere egiten. Ez da harritzekoa historialarien artean izan duen harrera ezkorra. Esaten badut maketazioa duela gauza salbagarri bakarra…

Batzordea deseginda ere, arazoak hor jarraitzen du, ordea. Arazoa da, azken finean, Estatu Batuetako arrazismo sistemikoa. Hein handi batean, 1619 Proiektuari, eta haren baitan egiten den AEBren historiaren irakurketari, erantzuteko sorrarazi zioten Trumpi 1776 Batzordea (ez dut uste intelektualkeria horiek loa galarazi diotenik hari).

Gure artean kontaketaren gatazkaz eztabaidatzea hain gogokoa dutenek bistadizo bat bota behar liokete panfletoari, hala ere. Urte batzuk dituztenek, “Formación del Espíritu Nacional” haren eta Menendez Pelayoren kutsua hartuko diote, nik uste.

Edonola ere, Bergogliori entzun nion beste hura datorkit burura niri: narzisismo ideologikoa. Nolakoa gainera. Covid-19arekin II. Mundu Gerran baino herritar gehiago galdu dituen herrialdean.