Ibai AZPARREN
IRUÑEA
Interview
URKO AIERBE
EHE-KO KIDEA

«Burujabetza prozesua bera euskalduna izatea ezinbestekoa da» 

«Ikusmira» deitu duten agirian Euskal Herrian Euskaraz (EHE) berrituaren printzipio berrituak jasotzen dira. Bertan jarraitzen dute duela 40 urte finkatutako oinarri baliagarriak, baina hausnarketa eginda, berrikuntza garrantzitsuak gehitu ditu mugimenduak. Independentziaren aldeko aldarriak zeharkatuko du eraberritze hori, ez helburu gisa, baizik eta bitarteko gisa betiere.

1979an Euskal Herrian Euskaraz (EHE) sortu zenean, hurrengo hamarkadetarako oinarri ideologikoa izango zena finkatu zuten. Berrogei urteren ondoren, EHEk «eraberritu eta garai berrietara egokitzeko» garatu duen prozesuaren lehenengo emaitza aurkeztu zuten aurreko larunbatean: “Euskal Herrian Euskaraz-en Ikusmira”.

Azken 40-50 urteetan paradigma batekin lan egin duzue, baina, zuen ustez, goia jo du. Zer balorazio egiten duzue?

Urte hauetan gauza asko egin dira, gauza batzuk EHEren ekimenez eta beste gauza batzuk euskalgintzako beste taldeekin elkarlanean. Ikusten duguna da, ez horrenbeste ibilbidean, baizik eta orokorrean, euskararen normalizazio prozesuak geldialdi bat bizi duela. Ez da berria, hamar bat urte badarama euskalgintzak esaten hizkuntza politikek goia jo dutela, instituzio politikek goia jo dutela. Badaude zantzu eta adierazle asko nolabaiteko kezka puntu bat helarazten digutenak. Oraindik ere, ikasle asko euskara jakin gabe ateratzen dira hezkuntzatik, erabileraren auzia ere hor dago, ez dugu lortzen jauzi bat ematea, eremu askotan euskararen egoera ez da nahiko genukeena. Eta horregatik ikusten genuen momentua zela, impasse egoera horri ekarpen bat egin nahian, Euskal Herrian Euskarazek ekarpen ideologikoa egiteko.

Eta, eraberritze horri begira, zer aldatuko du EHEk berak?

Duela hilabete batzuk abiatu genuen prozesua, ikusten genuelako EHEk berak eta euskararen normalizazio prozesuak bultzada behar zutela garai berrietara egokitzeko. Prozesu hori orain bukatu berri dugu. Batetik, oinarri ideologikoa [“Ikusmira”] landu dugu baina horrekin batera antolaketa eraberritu dugu, baita funtzionamendu eredua ere eta hurrengo urteetarako zeregin zehatzak.

Independentziaren aldeko aldarria da berritasun nagusia. Nolanahi ere, ez duzue helburu gisa aldarrikatuko, euskararen normalizaziorako bitarteko modura baizik.

Eraberritze horretan, ez da izan apurketa bat EHEk orain arte egin duen bidearekin eta izan duen oinarri ideologikoarekin. Baliagarria dena mantendu dugu, gauza batzuk moldatu ditugu eta berrikuntza batzuk gehitu dizkiogu. Mantentzen duguna da euskararen egoeraren azterketaren zergatia. Zergatik dago euskara menpeko egoera batean? Argi eta garbi, estatuen jazarpenean kokatzen dugu. Duela 40 urte aipatu zuten estatuen ekimenez euskara egoera diglosikoan zegoela eta berdin jarraitzen dugu. Eta helburua ere berretsi dugu: Euskal Herri euskalduna da euskaldunon hiztun komunitateak bizirauteko modu bakarra. Berrikuntza independentziarena izan da, zeren, orain arteko ibilbidea ikusita, estatuek ez daukate inolako borondaterik euskaraz bizitzen uzteko eta jarraitzen dute beraien inposizio linguizidarekin eta ahaleginak egiten euskara bazterturik mantentzeko. Gure ustez, marko juridiko honetan ezin izango dugu euskaraz normaltasunez bizi eta horregatik salto hori. Helburua ez da egoera juridiko bat lortzea, euskaraz bizitzera iristeko ezinbestekoa ikusten dugu independentzia lortzea.

Nola egin, ordea, euskalduntzea eta independentzia uztartzeko mesedegarri izango den bide-orriaren diseinua?

Euskaraz bizitzeko burujabetza osoa behar dugu, baina horrekin batera garrantzia ematen diogu prozesuari berari. Burujabetza prozesua, independentzia prozesua bera, euskaraz izan behar da, eta hor ahalegina egiten ari gara beste eragileekin batera elkarlanean. Garrantzitsua da gaurdanik markatzea etorkizunean nahiko dugun Euskal Herria. Hau da, ulertzen dugu burujabetza prozesua euskalduna izatea ezinbestekoa dela etorkizuneko Euskal Herria euskalduna izan dadin.

Eremu geografiko guztietan euskararen erabilera hegemoniko bilakatzea nahi duzue. Hori egingarri ikusten duzue txoko batzuetako errealitate linguistikoa kontuan hartuta?

Hori helburu gisa kokatzen dugu. Euskaraz bizi nahi duen herritar taldea izanik, gure ustez Euskal Herri osoan eta euskal herritar guztiek eskubidea dute euskaraz bizitzeko. Egoera soziolinguistikoa oso ezberdina da Euskal Herrian, lurralde batzuek lortu dute eremu euskaldunak izatea, baina Euskal Herriaren gehiengoak ez. Eremu batzuetan euskararen presentzia askoz txikiagoa da, baina argi izan behar dugu ez dela izan bertako herritarren erabakia, baizik eta mendez mende mantendu den zapalkuntza baten ondorio. Egia da egun batetik bestera ez dugula lortuko euskararen normalizazioa, baina iparra argi izan behar dugu. Herritarren gehiengoak euskara normalizatuta nahi du.

Ibilbide berri horretan euskaltzaleen mugimendua ahulago dagoen lekuetara zabaltzea hartuko duzue kontuan?

Euskalgintzak orokorrean oinarri eta printzipio komun batzuk izan ditu Euskal Herri osoan, baina gero saiatu da eremuz eremu, errealitate soziolinguistikoaren arabera, horiek moldatzen, bakoitzean zeuden baldintzen arabera neurri batean edo bestean garatzen. Batez ere, ezinbestekoa da tokiko euskaltzaleen borondatea aktibatzea eta hauek protagonista izatea. Etorkizunari begira, hori izango da gakoetako bat, tokian toki, herriz herri garatzen diren dinamika horiek piztea.

Independentzia aldarrikatzea ez ezik, beharrezkotzat jo duzue Euskal Herriko biztanleen «deskolonizazioa». Nola ulertzen duzue deskolonizazioa?

Espainiar eta frantziar estatuek jarrera koloniala izan dute gure herriarekin, beste eztabaida bat da zer kolonialismo eredu den, hirugarren mundukoa bezalakoa den edo Europan egonda berdina ote den... ez genuen jo eztabaida horretatik. Guk planteatzen duguna da hemen euskaraz hitz egiten duen herri bat zegoela eta estatu horiek inposizioaren bidez herri hau konkistatu zutela eta bi eremutan zatitu. Azken finean konkista jarrera egon da, kolonizatzailea, beraien hizkuntza, kultura eta legeak inposatu dizkigute. Aldarrikatzen duguna da, deskolonizazio formalarekin batera, herritar bakoitzak bere burua ere deskolonizatzearen garrantzia, hau da, ez dela bakarrik independentzia letra handitan aldarrikatzea, baizik eta gure buruak deskolonizatzea eta gure nortasuna berreskuratu.

Erdaldunei zuzendutako mezuak orain arte baino gehiago landu behar direla uste duzue?

Bai. Kasuistika ezberdina dago erdaldunen artean. Ez-euskaldunak baina euskaltzaleak diren erdaldunak daude eta izugarrizko ekarpena egin diote euskarari eta euskararen normalizazioari, beren burua euskaldunduz, euskararen aldeko ekimenak sustatuz, eta egia da aintzat hartu behar dela beraiek egindako lan izugarria. Guk agirian planteatzen duguna da hizkuntzen arteko beste harreman eredu bat. Ez dugu proposatzen zein, gure ustez eztabaidatu behar dugulako herri bezala, euskaldunak, frantsesez eta gaztelaniaz hitz egiten dutenak… baita munduko beste herrietatik gurera etorri diren euskal herritarren artean ere, edozein tokitan jaioak izanda ere. Gero eta anitzagoak gara kulturalki eta linguistikoki, eta aniztasun hori balio bat da.

Instituzioei deia egin diezue hizkuntza politika «eraginkorra» egitera. Nola baloratzen duzue orain arteko ibilbidea?

Azken finean momentuko alderdi politikoaren araberako jarrera izan da. Nafarroaren kasuan adibidez, edo Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, momentu batzuetan euskararen aurkako jarrera guztiz oldarkorra zuten gobernuak egon dira, eta harreman bakarra gatazka eta borroka zen. Beste batzuek urratsak egin dituzte, baina gure balorazioa kritikoa da, ikusten dugulako instituzio gehienetan, aitzindariak izan beharrean, jarrera nagusia atzetik joatea izan dela. Euskalgintzak presioa egin ahala, orduan mugitzen ziren. Eta gainera modu ez nahikoan, beti gutxienekoen azpitik. Bada garaia instituzioek ere autokritika egiteko. Aldarrikatzen duguna da hizkuntza politika egokiak indarrean jartzea denok, elkarlanean euskalgintzarekin, ez besterik gabe batera sinatu, baizik eta batera pentsatu, diseinatu eta inplementatu, berdintasunezko egoera batean.

Konfrontazioa eta desobedientzia ere aipatu duzue agirian. Non planteatuko duzue?

Joango gara proiektu zehatzak garatzen, baina desobedientziaren aldarrikapena egiten dugu. Desobedientzia beharrezkoa da oraindik ere euskaraz bizitzeko, ez bakarrik ekimen zehatzei dagokienez. Gure herriari ezarritako zapalkuntza horren ondorioz, euskaraz hitz egite hutsak jarrera desobediente bat ekartzen du. Norma-araua, eta kasu askotan legea bera ere, gaztelaniaz edo frantsesez hitz egitea da.

Parte hartzeko deia ere egin duzue. Gazteengana iristeko arazoak daude euskalgintzan, EHEn?

Arazoa baino gehiago da asmatzea gazteek gaur egun dituzten lan egiteko, militatzeko moduetara nola egokitu. EHEren kidegoa beti izan da oso gaztea, eta gaur egun ere hala da, gazteak dira nagusi. Baina egia da eragile bezala eta tresna bezala EHE tresna baliagarria izan behar dela gazteen gaur egungo kezkei erantzuteko, harremanetarako moduei erantzuteko. Inoiz baino gazte euskaldun gehiago ditugu, eta horiek ere euskararen alde inplikatzeko ahalegina egingo dugu, etorkizuna eurena delako. Gazte taldeekin harremanetan ari gara elkarrekin egitasmoak garatzeko, gazte perspektibarekin.