Jon GARMENDIA
Idazlea

Kandela

Ez dakit Tyler Durdenek nehoiz sinetsiko zuen hainbeste jendek irakurriko zituela bere Borroka Klubaren arauak. Oroitzen duzue lehena ezta? «Borroka Klubeko aurreneko araua da ez duzula Borroka Klubaz hitz egingo». Bigarrenak ere gauza bera dio hitzez hitz, eta tira, isiltasuna, diskrezioa eta errespetuaz gain arau gutxi dakar Klubaren arautegiak. Chuck Palahniuk estatubatuarrak ez zuen salmenta handirik egin liburuarekin, baina David Fincherrek izen bereko filma egitean salmentak biderkatzeaz gain liburuak mundu mailako errekonozimendua izan zuen. «Gau bat Borroka Klubean eta mundu errealeko guztiari bolumena jaisten zaio. Ezerk ezin zaitzake izorratu. Zuk diozuna lege da, eta besteek lege hori hausten badute edo zalantzan jartzen bazaituzte, horrek ere ez zaitu izorratzen». Naroa Zubillagak itzulitako liburutik jaso dut esaldia, eta inguratzen nauenari erantsi diot paralelismoen xerka. Tira, narratibak egungo errealitatea identifikatzen hainbeste lagunduko zidanik ez nuen pentsatuko, eta harridura sortu dit bestalde, filmaren zale izanda, liburua euskaraz zergatik ez nuen orain arte irakurri pentsatzeak. Gomendio ttipi bat uzten dizuet aste honetan horrela. Erraz leitzen da, txukun ekarria dago idazlearen hastapeneko ideia oro, eta hain azalekoa gelditzen ari den gure zeru pean, besteek zer dioten hain garrantzitsu bilakatu den oihanean, itxurakeriari ihes egiteko bidean kandela argi bat besterik ez bada ere.