Maddi TXINTXURRETA
BAIGORRI
Interview
JOSE MANUEL PAGOAGA, «PEIXOTO»
ETA-KO KIDE OHIA

«Euskaldunon erronka nagusia elkar hobeto ulertzea da oraindik»

Jose Manuel Pagoaga «Peixoto» (Arrasate, 1944) ETAko lehen belaunaldiko kide izan zen. Telesforo Monzon gertuko zuen eta hark kartsuki borrokatutako helburua berretsi du 2021eko Aberri Egunerako: euskaldunak elkar hobeto ulertzeko beharra.

1979ko urtarrilaren 13an «mina hartu» zuenetik ETAn emandako denboraren inguruan pausatuki hausnartzeko abagunea izan du Jose Manuel Pagoaga Peixotok, Baigorrin etxe duen talaiatik. Handik begiratu dio, oraingoan ere, freskoki gordeta duen memoriari, belaunaldi baten historia bere sentipenetatik kontatuz, «neurtezinak baitira gauza gehienak», eta ez baitzaio gustatzen hitz «kontundenterik» ahoan ibiltzea.

Memoria egitera elkartu garenez, zergatik da garrantzitsua memoria historikoa?

Gauza asko gordeak direlako oraindik, alde batetik hori. Isilean daudelako, eta eragin bat izan dute. Eta etorkizuna taxuz asmatzeko, iraganaren oinarrizko ezagutza bat guztiz beharrezkoa da denontzat, zahar eta gazteentzat. Iraganean egin ditugun hutsak eta asmatu dugun apur hori ere, aberasgarri gerta daitezke etorkizunean. Bide luze-luze batean sartuta gaude, eta bide horretan egia borobil bakarrik apenas dago. Errealitatea anitza den bezala egiak anitzak dira. Politikan eta, nik uste, gizartean, dugun ariketarik zailenetakoa da.

Gazte sartu zinen ETAn militatzera, 1962an. Bazenekien orduan non ari zinen sartzen?

Kontatuko dizut prozesua. Baserritarrak ginen eta lehen borroka, nahiko latza, euskararekin izan zen. Zeren guk euskara erabiltzen genuen egunerokotasunean. Eta berehala etortzen zen bat ‘habla en cristiano’ esaten. Baina berehala sartzen zen adinekoren bat gure alde. ‘Zer diozu? Bere hizkuntzan ari da’. Orduan konturatu ginen ez geundela bakarrik. Gizon adinekoak gure alde azaldu zirenean izugarrizko eragina izan zuen guretzat. Arrazoia ematea bezala izan zen; jendea bazegoela horren alde egin nahi zuena. Bide horretan saiatzeko grina piztu zigun. Beraz, abertzaletu naiz euskararen eskutik.

IV. Biltzarrean joera desberdinak azaleratu ziren ETAn, eta V. Biltzarrean zatiketa gertatu zen, 1966an. ETAren geroa markatuko zuen horrek?

Nik V.a ezagutu nuen. Horrek luzaz iraun du. Argalak zioen, ‘uste dut zer egiten ari ziren zekiten bakarrak Etxebarrieta anaiak zirela’. Lehen aldiz ikusi zen fronte bereziak antolatu beharra. Baina fronte berezi horiek ez ziren behar ziren hesiekin jarri politiko-militarrarekin etena egin genuen arte; beraz, zazpi urte beranduago. Baina hor ikusten da garbi alor desberdinetan egin behar zela lan.

Bitartean, kantuan ziren Mixel Labeguerie eta Ez Dok Amairu sortu berria. Zer suposatu zuen horrek euskal kontzientziarentzat?

Garrantzi itzela izan zuen. Orduan Segura Irratia bakarrik zegoen, gerora sortu zen Arrate Irratia. Antonio Molinarekin-eta leporaino geunden. Ez Dok Amairu izan zen beharrezko genuen loratze bat. Euskaraz ulertzen genituen gaiak ukituaz eta hunkitzen gintuzten gaiak landuaz etorri zen. Herri-egarria alde guztietatik loratu zen. Helburua bikoitza zen garai hartan: beldurra ehorztea –gerra ondoko giroan beldurra zen nagusi– eta itxaropena piztea.

68an Ekuadorrera joan zinen. Zerk bultzatu zintuen hara?

Galdera hori pertsonala da, baina onartzen dizut. Nik 68an 24 urte nituen eta neure buruari sakonki begiratzen hasita nengoen. Garbi konturatu nintzen behar nuela nire formazioa sendotu, eta horretarako denbora behar nuen. Nola sartuta nengoen horretan [ETAn] erabat murgilduta nengoen, behar nuen gauzak hotzez pentsatzen hasi; urruntasun baten beharra sentitzen nuen. Abertzaletasuna obsesiboki bizi izan dut eta bizi dut orain ere. Inork ez zuen sinesten misionero joango nintzenik. Egiten nituen bekatuez itxurak egiten nituen damututa nengoela, baina bekatuak egiteko gogoekin nengoen. Neure buruarekin faltsukeriaz ari nintzela konturatu nintzen, eta beti saiatu izan naiz nire buruarekin zorrotz edo zintzo behintzat jokatzen. Horregatik joan nintzen eta uste dut ondo egin nuela.

Meliton Manzanasen hilketa, Burgosko Prozesua, han zinela gertatu ziren. Hiru urtera itzuli zinen; Ipar Euskal Herrira ezinbestean. Nola aurkitu zenuen Euskal Herria itzuleran?

Nik 68ko irailaren 8an alde egin nuen eta urte hartako abenduan nire talde guztia eroria zen. Burgosko Prozesuaren hazia sortzen da Meliton hiltzearekin. ‘Nola? Pintadak bale, baina hau?’. Errepresio askoz gogorragoa hasi zen.

Eta erakundea, nola aurkitu zenuen? Sakoneko aldaketarik atzeman zenuen?

Etorri nintzenean 71ko udara zen. Donibane Lohizunera joan nintzen. Aurreko urtean “Sexta”-ko eszisioa egina zen, oraindik zauriak oso berriak ziren. Baina aurkitu nuen Iparraldean jende bat, jende talde txikia, dozena bat lagun. Jende heldua eta deliberatua, erabaki sendoa zuena. Baina erakunde bezala egiteko zegoen, urteak behar izan ditugu erakundea erakundetzeko.

Mili eta polimilien zatiketa etorri zen gero.

Hor hitz bat azaldu zen, “desdoblamendua”. Egiturazko garrantzia zuen erabaki horrek, baina sakonean zer zegoen gero konturatuko nintzen ni, Argalak bazekien orduan. Guk Euskal Herriaren independentziaren alde borroka gogorra egin behar zela sinesten genuen eta, aldiz, politiko-militarrek, ikusten zuten borroka armatua laguntzaile bezala baliagarria zela, baina sakonean bilatzen zuten zetorren egoera berrian politikoki kokatzea. ‘Franco hil behar da, egoera berri batean sartuko gara, nolabaiteko demokrazia sortuko da eta hor politikoki jokatu beharko da’. Gaurtik begiratuta inolako zalantzarik gabe horrela ikusten dut.

Anai Artean zebilen Telesforo Monzon, zer harreman zenuen berarekin?

Monzon ezagutu nuen 71ko udaran. Niretzako jainko bat ezagutzea bezala zen. Harritzen ninduen Monzon aristokrata bat izanda nola herrikoitu zen, eta berari galdetu nion. ‘Begira, Mexikotik etorri nintzenean, lehenbizi bizi ginen Pauen eta gero etorri ginen Donibane Lohizunera. Emaztea eta biok gonbidatuak izan ginen Urtubira bazkaltzera’, esan zidan. Elkartzen dira lorategian hemengo kalonje batekin, euskalduna, euskaltzalea, idazlea ere. Monzonek: ‘Egun on jauna, eta besteak, ‘bonjour’. Besteak erdaraz egin eta Monzonek hirugarren aldiz euskaraz erantzutean, kalonjeak esaten dio Monzoni: ‘Jauna, hori ez da hemen ibiltzeko hizkuntza’. Emozionatu egiten naiz horrelako hitzekin. Orduan, Monzonek: ‘Agur! –ozen– ez nauzue berriro hemendik ikusiko’.

Orduan hasten da Monzon antzerkian gehiago sartzen, Larzabalekin batera, eta hasten dira Iparraldeko jende xumearekin lana egiten. Beraz, nire ondorioa da Monzon herrikoitu zela euskararen eskutik.

KAS Alternatibarekin Monzonen babesa izan zenuten.

Monzonek zerbait garrantzizkoa zuenean hitzordua eskatzen zigun eta bi lagun izaten ziren hautatuak berarengana joateko. Halako batean Argala eta biok bidali gintuzten. Sartu eta berehala hasten zaigu oso bero hitz egiten KAS Alternatibaz. Gu txundituta. Txundituta ez, oso pozik. Bukatzeko esaten digu: ‘Uste dut hemendik aurrera zuen eskutik ibili behar naizela’. Argalak erantzun zion berehala: ‘Ez zaizu iruditzen hau publikoki esatea ona izango litzatekeela?’, ‘Baliteke, baina begira. Ni lehenbizi naiz abertzalea, gero kristaua eta gero demokrata, eta nire kristautasunak eragozpenak sortzen dizkit zuen alde azaltzeko’. Argalak ukondoak belaunera eraman zituen eta lurrera begira geratu zen eta nik hitz egiten jarraitu nuen, ez dakit zertaz. Halako batean Argala zutitu zen eta, bere ahots eder horrekin, ahots ederra baitzuen, kantatu zuen lerro bakar hau: ‘Mendizabal Sasetaren hurrena’. Eta Monzon geratu zen txundituta. ‘Barkatu momentu bat’. Zutitu zen, joan zen. Hitz egiten genuen salatik oihal batek gordeta jangela zegoen beste aldean. Handik minutu batera deitu zigun, ‘zatozte’. Mahai gainean hiru edalontzi zeuden ardo sorta banarekin. ‘Nire hitzekin bidea argitu didazuelako, zuekin topa egin nahi dut’.

Handik gutxira, Monzonek agertu zuen “Enbata”-n idatzi bat non azaltzen zen gure alde, oso lainoki, bere estiloa hori baitzen. Monzonek hil arte erabiliko zuen deiadar ozena hantxe sortu zela sentitzen dut nik: atzoko eta gaurko gudariak.

Errefuxiatuak ustez babestuta zineten Ipar Euskal Herrian, baina Triple A, ATE eta BVE agertu ziren. Zer suposatu zuen euskal errefuxiatuentzat?

Erabat aldatu zen errefuxiatuen bizitza eta baita Iparraldeko laguntzaileena ere. Bazekiten guk hemen babes bat genuela. Anai Artea itxi behar izan zen eta errefuxiatuak hasi ginen bizitzen erdi-klandestinoki. Helburua zen panikoa sortzea. Hori ez zuten lortu.

Argala hil zuten 78ko abenduan. Galera handia izan zen ETArentzat; hala izango zen zuretzat ere.

Horixe baietz. Asmoa zuten Argala eta ni egun berean botatzeko, hori gerora jakin du erakundeak.

Zu botatzen ere saiatu ziren, 1979ko urtarrilaren 13an, baina ez zuten lortu.

Urruti ez ziren ibili, halere.

Zer garrantzia du Aberri Egunak 2021. urtean?

Uste dut euskaldunok elkar hobeto ulertzen hasiko bagina berehala konturatuko ginatekeela abertzaleek egiten dituzten ekimen ia denak elkarren osagarri direla. Beraz, Monzonen bizkarrezurra oraindik zauri betean dago; ez dugu konpondu hori. Pausoak eman dira, hori onartuko dut. Baina euskaldunon erronka nagusia oraindik elkar hobeto ulertzea dela uste dut.

Gaur egun Aberri Egunak erakusten digu aipatu dudan paradigma. Bizpahiru Aberri Egun egiten ari gara, aberria bat izanda ere, horretarako ere ez gara batera jartzen. Aipatu dut euskaldunak elkar hobeto ulertzeko beharra, horretarako abertzalea den bezala hartu eta errespetatu behar da.

Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa Euskal Errepublika sortzeko bidean? Bada aukerarik?

Horretaz Monzon konturatu zen hobekien. ‘Azkenean konturatu zarete pausoz pauso joan behar dugula’, esan zigun Argala eta niri. ‘Baina ematen dugun pausoak hurrengo aurrerapausoaren baldintzak bermatzen ez baditu, atzerapausoa izan daiteke’. Hori zen bere kezka. Bide luzean gaude, oso luzean, eta pausoz pauso joan beharko dugu. Gakoa da pauso bakoitzean asmatzea. Ni optimista naiz herrian sinesten dudalako eta ikusten dudalako herri-gogoa sendotu egin dela eta zabaldu egin dela; Iparraldean inongo zalantzarik gabe. Baina hori neurtzeko metrorik ez dago, nire sentipenak dira.

Batasun, askatasun eta maitasunaren eguna

Euskal Herria Batera ekimenak deituta, gutxienez 115 plazatan egingo dira ekitaldiak Aberri Egunaren karietara. Iaz etxetik ospatu zuen Euskal Herriak abertzaletasunaren eguna eta milaka herritarrek ikurrinak eta Nafarroako banderak zintzilikatu zituzten balkoietan; aurten, nork nahi duen tokitik ekitaldiarekin bat egiteko aukera izango du.

Bizi dugun egoera dela eta, osasun neurri guztiak errespetatuz egingo dira ekitaldiak eta hiru abesti elkarrekin kantatuko dira euskal plazetan: “Gernikako arbola” batasuna adierazteko, “Txoria txori” askatasuna aldarrikatzeko eta “Ikusi mendizaleak” maitasuna irudikatzeko. Internet eta irrati bidez ere zabalduko dira kantak, 12.30ean, herritar guztiek batera sintonizatu ahal izateko.

NAIZek Iruñeko ekitaldia zuzen-zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du gaur, 12.00etatik aurrera. GARA