Amaia U. LASAGABASTER
NAZIOARTEKO TXAPELKETA

Euskal Selekzioak etxean utzi du lehen txapela

Zubietan jokatutako Basque Country International Women’s Cup txapelketaren lehen edizioa irabazi dute euskaldunek, Argentina gaindituz (1-0) eta Venezuelarekin berdinduz (0-0).

Jokalarien kalitatearen eta selekzioaren kamiseta janztearen motibazioaren uztarketak oztopo guztiak gainditzen ditu. Horrela frogatu zuen beste behin ere Euskal Selekzioak Zubietan jokatutako Basque Country International Women’s Cup txapelketaren lehen edizioan. Hiru urte luze zeramatzan Euskal Selekzioak lan saio bakar bat egin barik eta atzo hainbat jokalari garrantzitsu falta ziren –halabeharrezkoa, lesioak alde batera utzita, ofizialtasuna lortu arte–, baina Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek zuzendutako taldeak txapela lortu zuen. Nigeriaren azken orduko ezezkoaren ondorioz txapelketaren formatua aldatu behar izan zuten antolatzaileek, baina Argentinaren eta Venezuelaren aurkako 45 minutuko bi partiduak baliagarriak izan ziren euskaldunen maila ona egiaztatzeko.

Carlos Borrelloren Argentina omen zen aurkari indartsuena, bai jokalarien esperientziagatik –venezuelar askok Liga handietan jokatzen badute ere–, bai selekzioak berak duen ibilbideagatik. Baina Euskal Selekzioa bikain aritu zen Argentinaren aurka eta Yulema Corresek sartutako golarekin garaipena lortu zuen. Ondoren, aurreikusi baino lehiakorrago aritu zen Venezuelaren aurka berdindu egin zuten euskaldunek, eta, horri esker, garaikurra altxatzea lortu zuten. Argentinak 45 minutuko lehendabiziko partidatxoan garaipena lortu zuenez Venezuelaren aurka (1-0), bigarren postuan amaitu zuen txapelketa.

Bi gol

Goizeko lehen partida horrek, Argentinak eta Venezuelak joan den ostegunean Lezaman jokatu zuten lagunartekoaren itxura izan zuen, zuri-urdinek jokoa menderatu baitzuten une gehienetan. Aldiz, zelai-erditik aurrera lehiakideari mina egiterik ez zuten lortu venezuelarrek.

Ez zen gol aukera garbirik egon 29. minutura arte, baina Borrelloren taldeak sekulako eraginkortasuna erakutsi eta partida erabakitzeko baliatu zuen. Yamila Rodriguezek baloia bidali zuen areara falta batean eta Mariana Larroquetek lortu zuen 0-1ekoa.

Euskal Selekzioa zelairatu zen ondoren, lau debutari eta bi datu nabarmen utzi zituen hamaikakoarekin: Sophie Istillart selekzioarekin jokatzen duen Ipar Euskal Herriko lehen emakumea bilakatu zen eta Yulema Corresek zazpigarren aldiz jantzi zuen selekzioaren kamiseta, ranking historikoan bigarren lekua hartuz, zortzi aldiz jantzi zuen Sandra Ramajoren atzetik.

De la Nava; Moraza, Etxezarreta, Valdezate, Eunate; Istillart, Itxaso, Maite Oroz; Leire Baños; Peke eta Yulema. Hamaikako hori aukeratu zuten Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek selekzioaren itzulerarako, Ipuruan Txekiako Errepublika gainditu eta hiru urte eta erdi geroago.

Bi lan saio zuzendu ahal izan zituzten apenas hautatzaileek txapelketaren aurretik, baina taldeak ez zuen nabaritu. Jokoa kontrolpean izan zuen hasiera-hasieratik eta gol aukerak ere sortu zituen. Protagonismoa bereganatu zuen Pekek bere estreinaldian, abiadurarekin sortutako arriskuari esker. Gola, izan ere, Deportivoko aurrelariak sortutako jokaldi batekin heldu zen. Yulema Corresek errematatu zuen haren pasea 1-0koa sartzeko 3. minutuan. Peke bera bigarrena sartzetik gertu geratu zen, aurretik Etxezarretari korner batean gertatu zitzaion bezala. Valdezatek baloia sareetara bidaltzea lortu zuen azkenean, baina epaileak gola baliogabetu zuen.

Carlos Borrello ez zegoen konforme, ez zelaian ez markagailuan ikusten zuenarekin. Aldaketak egin eta bere taldeak hobera egin zuen. Norgehiagoka orekatu egin zen eta epaileak hegoamerikarren gol bat ere baliogabetu zuen 32. minutuan, Stabilek baloia langara bidali ondoren Larroquettek jokoz kanpoko posizioan sartu zuena. Zazpi minutu geroago, Szymanowskik zutoinera bidali zuen Troncosoren erdiraketa, eta, hurrengo jokaldian, Yulemak bere esku izan zuen Euskal Selekzioaren bigarren gola sartzeko aukera. Ez zuen asmatu.

Azken partidatxoa Euskal Selekzioak eta Venezuelak jokatu zuten. Valdezatek, Eunatek, Itxasok eta Morazak soropilean jarraitu zuten eta aulkian zeuden zazpi jokalariak (Amaia Peña, Napo, Azkona, Sheila Elorza, Cirauqui, Marta Perea eta Naroa Uriarte) zelairatu ziren beraiekin batera Venezuelaren aurka jokatzeko. Eta aurreikusi zitekeena baino gehiago sufritu zuten, partidaren kontrola bereganatzea ez baitzuten lortu euskaldunek. Presioa ondo landuz, gainera, Venezuelak arriskua sortu zuen Amaia Peñaren atearen inguruetan. Aukerarik onena Joema Guarecucok izan zuen, zutoinera bidalitako baloi batekin.

Egoera ikusita, Juaristik taldea berrantolatu zuen, lehenbizi Maite Oroz eta ondoren Peke berriro zelairatuz. Zelai erdiaren kontrola berreskuratzea zen asmoa eta Euskal Selekzioak partida orekatzea behintzat lortu zuen. Talde bakoitzak aukera bana izan zuen, baina ez zen golik izan eta txapelketa etxean geratu zen azkenean.

Pozik egindakoarekin eta aukera gehiago izateko irrikatan

Federazioak lehen aldiz antolatutako nazioarteko txapelketa ez zen hasiera batean iragarritakoa izan, baina oso pozik amaitu zuten euskal jokalariek Zubietan bizi izandakoarekin. Horrela entzun ahal izan zen, behintzat, Federazioak berak bidalitako adierazpenetan, eguneko bakarrak, argazkiak bezala, komunikabideek sarrera debekatuta izan baitzuten Zubietan pandemia tarteko.

Iñigo Juaristik hautatzaileak taldeak eskainitako maila ona azpimarratu zuen. «Horrelako taldeen aurka aritu gaitezkeela erakutsi dugu beste behin. Harro egoteko modukoa da. Gainera, ezin dugu ahaztu ofizialtasunik ez daukagunez, gure maila igoko luketen jokalari batzuk ezin ditugula normalean deitu. Hala ere, oso lan ona egin dugu. Oso pozik nago jokalari guztiek parte hartu dutelako eta hemen daukagun futbolaren maila erakutsi dugulako».

Ane Etxezarreta debutariak «Euskal Selekzioarekin jokatzea ilusio handiarekin eta harrotasunarekin egiten den gauza» dela azpimarratu zuen. «Aukera gehiago izatea espero dut», gaineratu zuen.

Gauza bera espero du Ainhoa Vicentek ere. «Pena bat da hain gutxitan elkartzea. Jarraitutasuna falta zaigu, entrenatzeko bada ere», aldarrikatu zuen. Bizitako poztasunarekin bat egin zuen Vicentek ere. «Itzela da. Gure helburua disfrutatzea eta irabazten saiatzea zen eta biak lortu ditugu. Oso pozik gaude».A.U.L.