Ion TELLERIA BARRENA
Interview
MANU LEZERTUA
EAE-KO ARARTEKOA

«Iaz jasotako kexuen %10-15ek covidarekin zerikusia zuten»

Gasteizko Legebiltzarraren inoizko babes handiena jasota ekin dio Manu Lezertua arartekoak (Bilbo, 1957) bigarren agintaldiari. Covid-19aren pandemia izan da 2020ko kexuetan protagonista eta hainbat arlotan lan berezituak abiatu behar izan ditu bere bulegoak.

10.000 bat ekinbide egin zituen Arartekoaren bulegoak iaz, Lezertuak NAIZ Irratiarekin izandako solasaldian azaldu duenez (elkarrizketa osoa Naiz.eus atarian dago). Eskubide sozialen urraketak izan dira, beste behin ere, protagonista, baina covidak eragin nabarmena izan du herritarren kexuetan.

Urte oso berezia izango zen azken hau zuen bulegoarentzat ere, ezta? Nola eragin du covidak herritarren kexuetan?

Zaila da kopurua esatea, baina jaso ditugun kexen %10-15ek covidarekin zerikusia zuten. Erresidentzietako egoerarekin ere asko, baita Ertzaintzarekin loturikoak ere, hezkuntza arlokoak, garraioa... Arazo berri asko izan ditugu, eta, gainera, lan egiteko oso giro zaila.

Oinarrizko eskubide eta behar asko jarri ditu ezbaian pandemiak. Oro har, instituzio publikoek egoki erantzun dutela uste duzu?

Ni ez naiz pandemietan aditua, ezin dut esan zein izango litzatekeen neurri egokiena momentu bakoitzean eta nik uste dut elkarrekin deskubritu dugula zelakoa den pandemia bat, zelako ezaugarriak dituen. Uste dut hanka-sartzeak egon direla, batzuetan beranduegi hartu direla neurriak, baina erreakzionatzeko gaitasuna egon dela. Gutxienez saiatu dira arazoak konpontzen agertzen zirenean eta ikusten zenean neurri bat ez zela egokia edo indartu egin behar zela; batzuetan apur bat berandu, agian, baina uste dut erantzuteko gaitasuna egon dela.

Urteko txostenean aipamen berezia egin zenion Poliziaren esku hartzeari. Kexa asko jaso dituzue horren inguruan?

Beti jasotzen ditugu, urtero, Poliziarekin loturiko kexak. Kasu honetan Bilboko San Frantzisko kalean izandako gertakari baten harira jaso genituen salaketa batzuk. Gogoratu behar da Ertzaintzak ez duela zigorrik ipintzen, salaketa baizik; Administrazioa da gero eskuduna zigorra ezartzeko, eta oraindik ez dugu jaso kexarik ipinitako zigorra ez zela bidezkoa azalduz. Oraindik badirudi ez direla asko ipini eta ikusiko dugu iturri horretatik kexa gehiago datozen.

Zuen eskakizun eta argibide eskariek erantzun positiboa izaten dute?

Gogoratu behar dut Arartekoari erantzuteko betebeharra dutela instituzioek, legeak arautzen duela. Orduan, administrazio gehienek erantzun egiten dute; zelan erantzuten duten beste kontu bat da. Hori esanda, kexu mordo bat, zati handi bat, oso erraz konpontzen dira. Esaterako, herritar bat guregana etorri, bere arazoa azaltzen du eta guk Administrazioarekin kontaktuan jartzen dugunean, berehala, edo egun batzuetan, konpondu egiten dute; ondorioz, guk ez dugu txostenik egin beharrik. Eta hori askotan gertatzen da. Ondorioz, eraginkorra da kasu askotan Arartekoarengana jotzea eta laguntza eskatzea.

Gero badira kasu zailagoak: gure txostena osatu eta gomendioak egiten dizkiogu Administrazioari. Gure gomendioak ez dira bete beharrekoak eta hor portzentaje handi batean gertatzen da Administrazioak edo ez duela erantzuten edo ez dagoela ados erantzuten duela.

2020ko bilanean ere eskubide sozialen urraketak ageri dira nabarmenduta...

Erdia-edo eskubide sozialekin lotuta dago, bereziki diru sarrerak bermatzeko prestazioarekin.

Zein izaten da kexua? Kendu egin dietela prestazioa?

Diagnostikoa osatzen jarraitzen dugu. Lanbiderekin lotuta ageri dira arazo gehienak, eta bada mota berezi bat, aipatu nahiko nukeena: batzuetan kendu egiten du diru sarrerak bermatzeko errenta, herritarrak ez duelako dokumentu bat aurkeztu edo ez duelako abisatu halako egunetan ez doala lan elkarrizketa batera. Eta ikusi dugu pandemiarekin herritarrentzat askoz ere zailagoa, edo ezinezkoa, dela dokumentu hori lortzea. Eskatzen diogu Lanbideri kontuan hartzeko herritarrek izan dituzten zailtasunak eta ez erabakitzeko «ez duenez dokumentua aurkeztu, diru sarrera kenduko diogu». Ez, azter dezala lehendabizi zergatik ez duen aurkeztu. Muturreko egoeran dagoen jendeaz ari gara, errenta hori ez jasotzeak esan nahi duenarekin.

Adinekoen egoitzetan foku garrantzitsua izan dugu covidarekin. Jaso dituzue eremu horri dagozkion kexak?

Bai, hasieratik jaso genituen kexak eta uztailean, gauzak gutxi gorabehera amaitzen ari zirelakoan, erabaki genuen azterlan berezi bat egitea erresidentzia bakoitzean nolako neurriak hartu ziren aztertzeko. Irailean hasi ginen txosten hori lantzen, baina ez genuen asmatu, ze hurrengo hilabeteetan erresidentzietan egoera oso larria bihurtu zen. Lan pila bat egin dugu, baina informazio guztia lortzeko oztopoak izan ditugu. Beraz, ez ditugu datu denak izango, baina lortutakoekin aterako ditugu gure diagnostikoa eta gomendioak erresidentzietan hartu behar diren neurriak hobetzeko, halakorik berriz gertatuz gero kontuan har daitezen.

Hainbat gomendio orokor eta azterlan berezi iragarri dituzue hurrengo hilabeteetarako. Zein eremutan?

Erresidentzietako hori legoke, alde batetik, eta bestetik atera dugu beste azterlan bat, familia erreferentziarik gabe dauden gazteek sufritzen dituzten arazoen inguruan. Informe nahiko zehatza atera genuen eta nahiko harrera ona izan du.

Estrategia integrala eraiki behar da gazte horien egoera tratatzeko eta laguntzeko. Egia esan, nahiz eta ekimen batzuk izan diren, ez dago estrategia zehatzik. Ea hor egiten ditugun gomendio zehatzen bidez lortzen dugun behar den bezalako babesa jende horrentzat, asko sufritzen dutelako eta askotan kalean daudelako.