GARA
iruñea

Espainiar Estatuan 21 euskal presok jarraitzen dute oraindik lehen graduan eta 143 bigarrenean daude

Espainiar Estatuko espetxeetan dauden 185 euskal preso politikoetatik 21 geratzen dira lehen graduan sailkatuta, hau da, kartzelako erregimen itxi eta gogorrenean. Datu horrek behera egin du, nabarmen, azken hilabeteotan. Izan ere, Behatokiak otsailean adierazi zuenez, orduan 78 ziren gradu horretan sailkatutakoak eta 154 ekainean.

Orain, beraz, presoen %11 daude lehen graduan espainiar Estatuan. Datu hori, 2017. urtean, %96koa zen EPPK-ko kideen artean. Orduan euskal preso politikoek lehen eta bigarren graduen artean aurkitzen zuten harresia, bigarren eta hirugarren graduen artean topatzen dute egun. Izan ere, 143 (%77) daude bigarren graduan eta soilik 11 hirugarrenean (horietako sei etxean preso daude).

Bestalde, azken hilabeteotan astero iragarri dira presoen gerturatzeak. Gutxi batzuk Euskal Herrira hurbildu dituzte, eta, gehienak, Euskal Herritik gertuagoko espetxeetara. Egun 42 dira euskal kartzeletan daudenak, 144 espainiar Estatukoetan eta 27 frantziar Estatukoetan.

Otsailean presoen %13 zeuden Euskal Herriko espetxeetan eta orain %23 dira. Espainiar Estatuan, duela bi hilabete, %46 zeuden 400 kilometro baino gehiagora eta, egun, kopuru hori %21era jaitsi da: %11 daude 400 eta 600 kilometro bitartera eta %10, berriz, 600 kilometro baino gehiagora. Euskal presoen %56 daude Euskal Herritik 200 eta 400 kilometro artera. Frantziar Estatuan dauden 27 euskal presoen %79 «gertuko» espetxeetan daudela jakinarazi du Etxeratek eta %21, aldiz, 600 kilometro baino gehiagora.