GARA
GASTEIZ

Gasteizko Mercedesek ekoizpena geratuko du uztailaren 29an eta 30ean

Erdieroaleen hornidura arazoak direla medio, Mercedesek Gasteizen duen lantegiak ekoizpena geldituko du bi egunez. Muntaketa gordineko, pintaketako eta banakako muntaketako hiru txandetako zuzeneko eta zeharkako langile guztiengan izango du eragina geldialdiak.

Mercedesek Gasteizen duen lantegiak ekoizpena geldituko du berriro ere uztailaren 29an eta 30ean, erdieroaleen hornidura arazoak direla medio, zuzendaritzako iturriek Efe agentziari atzo baieztatu ziotenez. Sindikatuek azken geldialdian adierazi zutenez, zuzendaritzarekin biltzekoak ziren atzo, piezak eta ordezkoak iritsi al diren eta uztailaren hondarrean geldialdi gehiago izango al diren jakiteko.

Fabrika bi aldiz egon da geldirik dagoeneko arrazoi beragatik, ekainaren 21ean eta 25ean lehendabizi, eta, bigarrenik, aste honetan bertan, astelehenean eta asteartean zehazki. Pieza faltak eta merkatuaren «ezegonkortasunak eta aldakortasunak» hasiera batean jarritako 141.001 furgoneta ekoizteko helburua murriztea eragin du ezinbestean; zehazki, hasiera batean aurreikusitakoak baino 7.599 ibilgailu gutxiago egingo dira.

Ekoizpena eteteak muntaketa gordineko, pintaketako eta banakako muntaketako hiru txandetan izango du eragina, eta plantillaren ordu poltsaren kargura egingo da. Atal horietako zuzeneko eta zeharkako langile guztiei eragingo die etenaldiak, «ezinbesteko lanak» egitea eskatzen zaienei salbu.

Erregulazio espediente adostua

Zuzendaritzak eta gehiengo sindikalak uztail hasieran enplegua aldi baterako erregulatzeko 30 eguneko espediente bat adostu zuten urte amaiera bitartean, merkatuaren bilakaerak behartuta geldialdi gehiago egitea beharrezkoa balitz aplikatzeko. Oraindik ez da baliatu.

Hori bai, uztailaren 5etik aurrera muntaketako gaueko txandako lanaldia murriztea erabaki zuen enpresak, zortzi ordu eta erditik zazpi ordu eta erdira. Horrez gain, Mercedesen lan egiten duten 5.000 lagunek oporrak hartuko dituzte abuztuaren lehen hiru asteetan. Hartara, 2tik 22ra arte ez da ezer ekoitziko.