GARA
BILBO

Langabezia tasa %10,3ra jaitsi da EAEn urteko bigarren hiruhilekoan

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atzo jakitera eman zuenez, urteko bigarren hiruhilekoan langabeziak behera egin du EAEn eta okupazioak gora aurtengo lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Zehazki, %10,3koa da langabezia tasa EAEn; langabeak, berriz, 108.600 dira.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak aurtengo bigarren hiruhilekoko lan jardueraren datuak ezagutarazi zituen atzo. Inkesta horren arabera, langabeziak behera egin du eta okupazioak gora aurreko hiru hilabeteekin alderatuta. Hain zuzen re, 15.000 pertsona gehiago ari dira lanean EAEn. Hala, langabezia tasa %10,3ra jaitsi da 2021eko bigarren hiruhilekoan, lehen hiruhilekoan baino 0,8 puntu gutxiago; langabeen kopurua, aldiz, 7.100 lagunetan jaitsi da, 108.600 pertsonatan geratuz.

Gizonezko langabeak 3.700 gutxiago dira (-%6,2), eta emakumezko langabeak, berriz, 3.400 gutxiago (-%6). Gizonen langabezia tasa, berriz, %10,1ekoa da (-0,8 puntu) eta emakumezkoena %10,5ekoa (-0,8).

Langabezia tasaren jaitsierarik handiena bigarren mailako eta erdi mailako ikasketak dituzten herritarren artean gertatu da (-0,9 puntu portzentual). Nazionalitateari dagokionez, espainiar Estatuko nazionalitatea duten langabeen kopurua 4.200 pertsonatan jaitsi da eta 81.000 dira uneotan. Beste nazionalitateetako herritarren artean 2.800 lagunetan jaitsi da langabe kopurua; 27.700 dira uneotan.

Lurralde historikoen arabera, Bizkaian 3.100 pertsona gutxiago daude langabezian, eta jaitsiera %0,7 puntukoa izan da, %11,4an kokatuz. Gipuzkoan 28.300 pertsona daude lanik gabe, 3.000 gutxiago, eta langabezia tasa %1 jaitsi da, %8,2an kokatuz. Araban 1.000 pertsona gutxiago daude lanik gabe eta langabezia tasa %11,1ekoa da uneotan, aurreko hiruhilekoan baino %0,7 gutxiago.