Iker BIZKARGUENAGA
BILBO
HEZKUNTZA SISTEMAREN GAINEKO E

Egungo dikotomia gainditu eta sare publiko bateratua nahi du EH Bilduk

Deszentralizazioan oinarritutako sare publiko bateratua proposatu du EH Bilduk, Euskal Herriko hezkuntza sistema burujabearen bidean EAErako trantsizio-bide gisa. Sistema horretan, ikastetxeek komunitatearekin hartzen duten konpromisoak –denek eskubide eta betebehar berak izango bailituzkete– definituko luke beren izaera publikoa.

Baiezko botoak, atzoko Konferentzia Politikoko bozketetan: hezkuntza proposamenak, plan politikoak eta plan feministak oniritzia jaso zuten.  |  EH BILDU
Baiezko botoak, atzoko Konferentzia Politikoko bozketetan: hezkuntza proposamenak, plan politikoak eta plan feministak oniritzia jaso zuten. | EH BILDU

Hezkuntza sistema publiko burujabea erdiesteko xedea duen proposamena onartu zuen atzo EH Bilduren Konferentzia Politikoak, hilabete luzez landu eta Mahai Politikoak aurkeztutako dokumentua, hain zuzen. Txostena mardula eta mamitsua da, eta ikuspegi zabaleko hausnarketak jasotzeaz gain, auzi honen gainean EAEn bete-betean irekita dagoen eztabaidari bere ekarpena egiten dio koalizioak, bertako baldintza orokorrak eta partikularrak kontuan hartuta.

Proposamena «trantsizio-bide gisa» ulertu behar dela nabarmentzen du EH Bilduk, eta «orokorra» dela azaltzen du; hots, haren helburua ez dela zehaztasun guztiak eskaintzea, «norabide estrategiko bat definitzea, iparra finkatzea» baizik.

Eredua konpromisoek definitu

Deszentralizazioak ezaugarritzen du EH Bilduren sistema publiko bateratuaren –Hezigune– proposamena, eta «ikastetxe komunitario» deritzenak hartzen ditu oinarri. Horiek, dokumentuan azaltzen denez, «eskubide eta betebehar berberak lituzkete gizartearen eta administrazioaren aurrean», eta eredu deszentralizatu horrek aukera emango lieke «autonomia garatu dezaten, bai berrikuntza pedagogikorako bai antolaketarako».

Ikastetxe komunitario horien izaera juridikoa, publikoa zein pribatua izan ahalko litzatekeela aipatzen du koalizioak, baina, hori esanda, gaineratzen du eredu juridikoa bat edo bestea izan, ikastetxe denek «lankidetzarako hitzarmen berbera» sinatuko luketela Lakuako Gobernuarekin.

Beraz, proposamen honen arabera, zerbitzu publiko izaera ez luke ikastetxe bakoitzaren izaera juridikoak definituko, «komunitatearekiko hartuko lituzkeen konpromisoek» baizik.

«Formulazio honekin ikastetxeak eskubidez eta betebeharrez berdintzen ditugu, administrazioaren eta gizartearen aurrean parekide eginez», adierazten du EH Bilduk atzo onartutako dokumentuan, eta nabarmentzen du, zehazki «orain arteko publiko/kontzertatu dikotomia gainditzeaz» ari dela.

Alde horretatik, publiko/kontzertatu dikotomia hori gainditu eta bat-egitearen bidea abiatzeak «sistemaren hiru eremu nagusitan egiturazko berrikuntzak txertatzea» eskatzen duela uste du koalizioak: «Eskola eskaintzaren planifikazioan, ikastetxeen finantziazioan eta langileen lan-harremanetan».

Eskola eskaintzari eta ikasleen onarpenari dagokionez, «prozedura zehatza definitu eta, planifikazio bateratua eta matrikulazioaren kudeaketa tokiko mailan egin ahal izateko organoak arautu» beharko liratekeela aipatzen du dokumentuak, eta, ildo horretan, ikastetxe komunitarioek «tokian tokiko eskola planifikazio orokorra» errespetatu beharko luketela.

Finantzaketaz, sarearen parte liratekeen ikastetxe guztiek %100eko finantzaketa jasoko luketela azaltzen du, eta, modu berean, «hezkuntza eskubideak bermatzeko helburuz», ezingo luketela inolako kuotarik kobratu. Horrela, «ikasleen onarpena erabat irekia litzateke, justua eta gardena» izango litzateke, betiere proposamen honen arabera, eta, noski, «sare publiko bateratu honen parte ez liratekeen ikastetxeek ez lukete inolako finantziazio publikorik jasoko».

Eta langileei dagokienez, EH Bilduk dio «sarea osatuko luketen langile guztiek lan baldintza paretsuak izateko norabidean urratsak» egingo liratekeela, «progresiboki». Gainera, irakasleak hurbileko ikastetxeetan egonkortu eta lan baldintza duinak bermatu eta iraunkortzea ezartzen du helburu gisa.

Udalen parte-hartze zuzena

Proposamenaren oinarri-oinarrian dagoen ideiara itzuliz, koalizio independentistak adierazten du deszentralizazioak ez duela hezkuntza administrazioaren eginkizuna lausotzen. Aitzitik, bere ustez, «halako eredu batean hezkuntza administrazioaren rola are garrantzitsuagoa bilakatzen da». Izan ere, aipatzen duenez, lehenik «helburu orokorrak finkatu beharko lituzke»; bigarrenik, «sistema publiko bateratuaren parte litzatekeen ikastetxe bakoitzak autonomia garatzeko beharrezko baliabideak jasotzen dituela ziurtatu beharko luke, aintzat hartuz zaurgarritasun egoeran dauden ikastetxeek baliabide gehiago beharko lituzketela»; eta, hirugarrenik, «hezkuntza berrikuntzan, euskalduntzean, irakasleen formakuntzan eta beste esparru batzuetan trakzio lana egin beharko luke, norabidea finkatuz, baliabideak sortu eta eskuragarri jarriz, eta finean, ikastetxeak eta irakasleria ahaldunduz».

Edonola ere, sare publiko bateratuaren proposamenak badu nabarmentzeko beste berrikuntza bat: udalen parte-hartze zuzena hezkuntza sisteman. Eta, bide horretan, EH Bilduk Hezkuntza Sailaren organigramaren parte izango liratekeen Tokiko Hezkuntza Ekosistema Kooperatiboak (THEK) sortzea aurreikusten du. Haren helburuak hauek izango lirateke: «Hezkuntza formala eta ez-formalaren ekimenak uztartzea»; «hezkuntza xedeetara zuzendutako ekimenak sustatzea»; «eskolaz kanpoko baliabideak koordinatzea eta proiektu integralak sustatzea»; eta «aniztasuna balioan jartzea, ikastetxe ezberdinen hezkuntza proiektuen arteko sinergiak eta elkarlana sustatuz». Hori gauzatzeko, udalek orain baino baliabide gehiago beharko dutela uste du koalizioak.

Hori ez da, dena den, dokumentuan aipatzen den egitura berri bakarra. EH Bilduk Euskararen Jabekuntzarako eta Euskal Kulturaren Transmisiorako Institutua (EJEKTI) sortzea proposatzen du, «Euskara Zerbitzuak izan direnak berrantolatu eta berrindartzearen ondorioz».

Institutuak, gaur arte garatu diren proiektu eta programen irakaspenak jasoz –Irale, Nolega, girotze barnetegiak–, ikastetxeen hizkuntza proiektuak garatzeko beharrezko baliabideak eskainiko lituzke, koalizioaren esanetan, modu horretan «derrigorrezko eskolaldia bukatzean ikasleek legeak zehaztutako gutxieneko hizkuntza gaitasuna eskuratzen dutela bermatuz».

 

Adelante con el 88,5% de síes en la Conferencia Política

Esta propuesta para una transformación del marco educativo actual fue sometida a debate y votación ayer en la Conferencia Política de EH Bildu y obtuvo una adhesión del 88,49% de los votos frente a un 4,66% de noes.

En la misma Conferencia se aprobaron el plan político para este curso y el plan feminista, que cosecharon un respaldo de casi el 98%.

En su intervención, el coordinador general, Arnaldo Otegi, hizo un alegato contra el «pesimismo» y la «resignación» en un contexto que admitió como marcado por las «fragilidades»: de la vida humana, de los derechos sociales, del autogobierno... Indicó que «las cosas son así, pero vamos a cambiarlas» y remarcó la existencia de «ventanas» para conseguirlo.

En este contexto remarcó la necesidad de soberanía y recordó que hoy día eso equivale a Estado, en clara réplica a lo expuesto por Iñigo Urkullu en el Parlamento de Gasteiz.

 

Eskubideak oinarri dituen eta burujabea den hezkuntza sistema

EAErako beren-beregi egindako ekarpenaz aparte, EH Bilduk hezkuntza proposamen berritua dakar, haren hitzetan, «herri gisako ikuspegia duena oinarrian eta Euskal Herriaren burujabetzeari ekarpen kualitatiboa egin asmo diona».

Egungo egoeraren azterketatik abiatzen da dokumentua, eta alde horretatik, bertan ondorioztatzen dena argigarria da: «Euskal hezkuntza geldialdian dago».

EH Bilduk uste du «egungo hezkuntza sistemak agortu» direla, eta ez direla gai «herri gisa ditugun erronkei erantzuteko». Gainera, bere aburuz, badira bi faktore denbora laburrean kolapsora eramango gaituztenak sakoneko erreformei ekiten ez badiegu: jaiotza tasaren beherakada eta «klase eta jatorriagatiko segregazioa». Horri guztiari gehitzen dio pandemiak hezkuntza ereduaren eta marko pedagogikoaren agorpenaren kontzientzia indartu duela, koalizioaren hausnarketaren arabera.

Horixe izango litzateke testuingurua, eta horri erantzun nahi dio atzo Donostian onartutako proposamen «estrategikoak», azken helburu gisa euskal hezkuntza publiko burujabea eraikitzea duenak.

EH Bilduk euskal hezkuntza sistemak «berezitasun propioak» dituela aipatzen du txostenean, eta gogora ekartzen du historiak erakutsi duela «euskal hezkuntzaren errealitatea, neurri handian, era askotako herri ekimenez eraiki dela azken hamarraldi luzeetan», eta horregatik, «bereziki garrantzitsu» deritzo gaur arte egindako lan guztia aitortzeari.

Hori esanda, euskal hezkuntza sistemak eskubideak oinarri dituela esaten du, eta bermatu beharko lituzkeen eskubideak zerrendatzen ditu. Besteren artean, «euskal herritar guztiek, nazioarteko oinarrizko eskubideen hitzarmenetan jasotakoa aintzat hartuta, Euskal Herrian bertan edozein ikasmailatan edo ikas-arlotan ikasteko eskubidea» dutela aipatzen du, eta ez dela inor baztertuko «arrazoi politiko, ekonomiko, sozial, jatorriarekin edo sexuarekin lotutako, ideologiko, akademiko, fisiko edo psikikorengatik».

Bigarren puntu gisa, gaineratzen du euskal herritar orok hezkuntzaren bidez euskalduntzeko eskubidea duela. «Euskal Herri osoan, edozein hezkuntza eskaintzatan, euskaraz ikasteko eskubidea du. Eta hezkuntza prozesu osoan, hezigune guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea du», nabarmentzen du agiriak.

Orotara, bermatu beharreko hamahiru eskubide aipatzen dira; besteak beste, curriculum eta ebaluazio sistema propioa izatekoa, hezikidetza, pedagogia feminista jasotzekoa eta doakoa izatea.

Eta, horrekin batera, EH Bilduk hezkuntza sistema burujabea hobesten duenez, argi uzten du euskal instituzioei, hezkuntza komunitateari eta herritarrei dagokiela, «soilik», hezkuntzaren gaineko erabakiak hartzeko eskumena. Gainera, burujabetza bi norabidetan aldarrikatzen du koalizioak: «espainiar eta frantziar sistemetatik burujabe eta merkatuaren lehiakortasun eta logika lukratibotik burujabe».I.B.