Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA

Munduko WSL zirkuitua: Carissa Moore eta Gabriel Medina nagusi

Carissa Moore hawaiiarrak eta Gabriel Medina brasildarrak irabazi zuten «Final Handia» eta aurtengo WSL titulu mundiala eskuratu zuten. Nesken zein mutilen CT rankingetako lehen bost postuak erabaki ziren Trestlesen, olatu ederrekin.

Lehen aldiz egin zen irailaren 17an lehen mailako “Final Handia”, Trestlesen (Kalifornian). Guztira hamar lehiakide lehiatu ziren, nesken WCT rankingeko lehen bost sailkatuak eta mutilen CT rankingeko lehen bost sailkatuak. Horien artean finalerako pasea eskuratu zutenak Tatiana Weston-Webb brasildarra, Carissa Moore hawaiiarra eta Gabriel Medina eta Filipe Toledo brasildarrak izan ziren, baina 2021eko WSL titulua Moorek eta Medinak soilik irabazi zuten.

Munduko WSL titulua eskuratzeko bi final irabazi behar zituen garaileak. Horrela, Medinak segidan irabazi zituen bi finalak Filipe Toledo aberkidearen kontra, baina Carissa Mooreri gehiago kostatu zitzaion, zeren lehen finala Tatiana Weston-Weben kontra galdu ostean beste bi bider lehiatu behar izan baitzuen azkenik titulu mundiala eskuratzeko.

WSL rankingean lehen postuan ziren bi lehiakideak gailendu ziren Trestlesen. Horri esker Moorek bere bosgarren WSL titulu mundiala lortu zuen eta Medinak, hirugarrena. Nesken kategorian, Layne Beachleyk eta Stephanie Gilmorek soilik lortu dituzte Moorek adina titulu mundial, biak zazpi bider izan baitira munduko txapeldun.

Mutilen kategorian, Medina bezala titulu mundiala hiru bider irabazi duten surflari mitikoak Tom Curren, Andy Irons eta Mick Fanning dira. Eta horiek baino titulu gehiago irabazi dituztenak soilik bi surflari dira, Mark Richards lau garaipenekin, eta Kelly Slater, 11 garaipenekin.

Ikuskizun ederra

Rankingeko lehen bost lehiakideen artean “Final Handia” egitearen helburuetako bat ikuskizuna bermatzea zen baina, halako zerbait egiten zen lehen aldia zenez, ez zen ziurra ikusleek nola erantzungo zuten. Azkenean egun handia iritsi zen eta formatu berriak itzelezko arrakasta izan zuen, milaka pertsonak ikusi baitzuten lehiaketa zuzenean.

Egun bakar bateko lehiaketaren aldeko apustuak izan zezakeen etsai nagusia itsasoa zen, olaturik izan ez balitz hondamendia izango zen, baina zorionez olatu ederrak izan ziren, Trestles izateko ohikoak baino handiagoak, eta horrek ikuskizuna aberastu zuen. Tarteka barealdi luzeak izan ziren eta horrek lehiakide batzuek olatu handiena hartzeko egin zuten hautuan eragin zuen, baina uhin lerroak gerturatzen zirenean bi metroko olatu garbiak ezker-eskuin lehertzen ziren.

Esan beharra dago rankingeko lehen postuan zirenek, alegia, Carissa Moorek eta Gabriel Medinak txapela eskuratzeko aukera gehiago zutela, zuzenean finalean baitzeuden, baina Medinaren kasuan hasieratik bere aurkarien gainetik zegoela agerian geratu zen eta bi txanda baino ez zituen behar izan munduko txapela irabazteko.

Aitzitik, nesken kategorian lehia gogorragoa izan zen. Tatiana Weston-Webek, lehenik, Sally Fitzgibbons kaleratu behar izan zuen finalera iristeko. Horrela, lehen finalean Carissa Moorekin lehiatu zen eta irabazi egin zuen; beraz, beste behin irabaztea nahikoa zuen titulu mundiala eskuratzeko.

Aldiz, bigarrenez lehiatu zirenean Moore nagusitu zen eta azkenik, hirugarren aldiz lehiatu zirenean ere hawaiiarra nagusitu zen. Edonola ere, bost bider itsasoratu arren brasildarrak itzelezko indarra erakutsi zuen eta aurrerantzean oso kontuan hartzeko lehiakidea izango dela agerian utzi zuen.

Rankingeko lehen bost postuak

Treslesen, nesken zein mutilen kategoriako munduko txapeldunak izendatzeaz gain, rankingetako lehen bost postuetan nor geratzen zen erabaki zen. Nesken kasuan, lehen txandan WCT rankigean bosgarren eta laugarren postuan zirenak lehiatu ziren; hau da, Stephanie Gilmore australiarra eta Johanne Defay tahitiarra. Defay gailendu zen eta hurrengo txandan rankingean hirugarren postuan zen Sally Fitzgibbons australiarraren kontra lehiatu zen.

Fitzgibbons gailendu ostean, nesken kategoriako txanda hoberenetakoa etorri zen. Australiarrak lehia bizia izan zuen Tatiana Weston-Webben aurka, baina azkenean brasildarra nagusitu zen eta Fitzgibbons rankingeko hirugarren postuan geratu zen.

Mutilen kategorian, ostera, Morgan Cibilic australiarra eta Conner Cofin estatubatuarra lehiatu ziren lehen txandan. Cofinek hurrengo txandarako pasea lortu zuen, baina bigarren txandan Filipe Toledok kaleratu zuen; beraz, rankingean laugarren postuan geratu zen. Hirugarren txandan, Filipe Toledo eta Italo Ferreira brasildarra lehiatu ziren, eta berriz ere Toledo gailendu zen, eta finalerako pasea eskuratu.