GARA
KAYAK-SURFA

Ia proba guztietan gailenduta, Euskal Selekzioa nagusi Europako txapelketan

Kayak-surfeko Euskal Selekzioak munduko potentziarik handienetako bat dela berretsi zuen asteburuan, Sopelako Barinatxa hondartzan jokatutako Europako Txapelketako talderik onena izanda. Lehian izan ziren 17 mailetatik 15etan euskal palistak izan ziren garaile, eta taldekako sailkapenean ere lehen postua eskuratu zuten, Galizia, Italia Frantzia eta Danimarkaren aurretik geratuz. Horrela, modu ezin hobean prestatu dute datorren urtean Ingalaterran jokatuko den Munduko Txapelketa.

Banakako lanetan, Hodei Etxebarria nabarmendu behar da, Open mailan egungo munduko txapeldun Pablo Arrouaysi gailendu baitzitzaion, ontzi luze eta motzeko probetan nagusituta. Emakumeetan ere proba nagusiko irabazlea euskaldun bat izan zen, Ainhoa Tolosa, hain zuzen ere.

Txapelketa hiru egunez jokatu zen Sopela Kosta Fest jaialdiaren baitan, eta azken bi egunetan itsasoaren baldintzak nahikoa zailak izan ziren, haizearen eraginez bi metrorainoko olatuekin. Munduko sei txapelaren jabe den Euskal Selekzioaren maila, beste behin, bikaina izan zen, Munduko Txapelketan jokatzen diren hamar mailetan zazpi txapeldun izan baitzituen Sopelan. Maialen Chorrautek gertutik jarraitu zituen probak.