J.O.
SASKIBALOIA

Bulegoetan jarraituko du dantzan Luis Scolak

Saskibaloiak bere eguneroko jardunaren ardatza izaten jarraituko du, baina aurrerantzean zapatilak jantzi ordez, zapatak jantziko ditu dantzarako Luis Scolak. Izan ere, Varese talde italiarrak, jokalari gisa aritu den azken taldeak, jakitera eman duenez, argentinarra klubeko zuzendaritza taldeko kontseilari izango da.

Scolaren lan berriak inor ezustean harrapatu badu ere, ezin esan Baskoniako eta Argentinako selekzioko izarra izan denaren erabakia ezusteko handia izan denik; are gutxiago, Tokioko Olinpiar Jokoetan Australiaren aurka kanporatuta geratu eta gero jasotako omenaldi hunkigarriaren ostean.

Varesera bueltan, bere ibilbidearekin zer egin pentsatzen jardun da azken asteotan eta alde fisikoak eta kanpoko jaurtiketak gero eta pisu handiagoa duten saskibaloi honetan, kantxan behintzat, ez jarraitzea erabaki du.

Ikur handia

Bertan gehiago jokatuko ez zuela jakina zen arren, erabaki honekin umezurtz utzi ditu bai Baskonia, baita Argentinako selekzioa ere. Izan ere, batez ere NBAn izandako inpaktuarengatik Manu Ginobilik izen gehiago izan ditzakeen arren, hegal-pibota da, bere konpromisoagatik, baita unerik zailenetan ere, Argentinak inoiz izan duen belaunaldi onenaren ikurra. 2004an Atenasen urrea jantzi zuten.

Eta zer esan, Baskonian 2007an NBAra joatean utzi zuen zuloaz. Gaztetxo bat zela fitxatu zuen Alfredo Salazarrek eta ordutik puntuak sartzeko makina bat izan da Luifa, ACB liga bat eta 3 Kopa irabazita gainera.