Idoia ERASO
BIARRITZ

Pisu bat okupatu du Aldak etxebizitzaren krisia salatzeko

Biarritz erdigunean dagoen apartamentu bat okupatu zuten atzo Alda mugimenduko kideek, eta ostiralera arte bertan gelditzeko asmoa agertu zuten. Pisua Airbnb plataformaren bidez alokatzen da, eta, salatu zutenez, dagozkion legeak errespetatu gabe egiten da. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko egungo egoeraren adibide gisa hautatu dute apartamentua. Azaroaren 20an manifestazioa deitu dute Baionan hainbat elkartek eta eragilek Aldarekin batera.

Atzo goizeko hamarretan Alda mugimenduko kideek egindako deialdi konfidentzial bati erantzunez, prentsa Gare du Midi antzokiaren parean bildu zen. Dozenaka militantek jarraituta Errepublika etorbideko 20. zenbakira hurbildu ziren kazetariak, eta, ekintzaileek, bertako sotoko apartamentua okupatu zuten. Jarraian, “Airbnb-k hemen legea nahita hausten du. Etxebizitzak herriarentzat!” zioen pankarta jarri zuten kanpoan. Okupatutako etxebizitzak ez ditu hainbat lege errespetatzen eta horregatik aukeratu dute.

Ostiralera arte jendea bertaratzeko deia egin dute militanteek, bai okupazioan parte hartzeko bai egungo egoeraren berri izateko. Xede horrekin aperitifa antolatu zuten arratsaldean, etxearen ondoko parkean.

Urte osorako alokairua eskaintzen duten etxebizitza gero eta gutxiago daude Ipar Euskal Herrian. Aldiz, turistei zuzendutakoen kopurua etengabe ari da handitzen. Era berean, azken horien bi herenak legez kanpoko egoeran daudela kalkulatu dute Aldatik, merkatuaren egoera ezagutzeko datuak bildu eta horiek aztertu ondoren.

Bi alokairu moten arteko trantsizioa kasu anitzetan deklaratu gabe egiten dela jakinarazi zuten; ondorioz, dagozkion zergak ez dira ordaintzen. Aldi berean, etxebizitzaren alokairuaren iragarkian ez dute erregistro zenbakia jartzen, hori ere legez kanpokoa izanik.

Parisko Herriko Etxea, epaitegiek babestuta, erregistroa agerrarazten ez duen etxebizitza bakoitzari 8.000 euroko isuna ordainarazten ari da, eta horrek egoera nabarmen hobetu duela baieztatu dute Alda mugimendutik. Ipar Euskal Herrian egoera horretan dauden 10.000 etxebizitza daudela kalkulatu dute, eta politika hori aplikatuko balitz 80 milioi euro bildu ahalko liratekeela adierazi zuten. Horrek 500 bizitoki sozial eraikitzeko aukera emango luke.

Hori dela eta, erakundeei neurriak har ditzaten exijitu diete militanteek. Ekain hastapenean ere etxebizitzaren krisia salatzeko beste ekintza bat egin zuten eta konpentsazio politika ezartzea galdatu zuten.