Salgai den etxe baten «gehiegizko prezioa» salatu dute Baigorrin
Baigorriko Ameztoia etxea 899.000 eurotan salgai da. Nafarroa Behereko herrian ezohikoa den prezioa da eta justuki gehiegikeria horrek bertako herritar talde bat mobilizatzera eraman du. «Etxeen prezioa goititzea salatzeko» elkartu ziren atzo landetxe izaera duen eta salgai dagoen etxe horren aitzinean. «Gure baliabideez harago dauden salmentek ondorio argiak dituzte: auzoko etxeen prezioek gora egitea, gazteek alde egitea, herrian bizitzea erabakitzen dutenen zorpetzea, oinordekoentzako estimazio handiegiak eta bigarren etxebizitzen biderkatzea», salatu zuen herritar taldeak.
«Beheko solairuan, espazio zabal bat dago jangela, sukaldea, supazterra, egongela bat eta bokatategi batekin. Gaineko solairuan, lau gela handi daude, komunarekin eta beste bat bainu salarekin. Eremu pribatua hiru gelaz osatuta dago: bi gela dressing batekin (gela bat jantziak biltzeko), bainugela bat, komun bat eta pasabide bat». Etxearekin batera, 1.850 metro karratuko lurrak salgai daudela azaldua da Immobilier France webguneko iragarkian. Salgai den etxearen prezioa «gehiegizkoa» iruditzen zaie Baigorriko herritar batzuei eta, horren kontra mobilizatzeaz gain, bilkura publiko bat antolatzea erabaki dute. Hitzordua irailaren 27an iraganen da Baigorriko Plaza Xoko gelan, 20.00etan. Bilkura irekia arazoa eta horren aitzinean eraman beharreko estrategia aipatzeko baliatuko dute.
Azken hilabeteetan ohikoak bilakatu dira Iparraldean etxebizitzen prezioen gorakada salatzeko mobilizazioak. Jakin behar da, Hendaiako agentzia bateko lankideak azaldu bezala, urte batez etxebizitzen prezioa %15-20 artean igo dela.