GARA
Aramaio

Lindanoa izan dezakeen bidoi bat topatu du Ekologistak Martxanek

Ekologistak Martxan taldeko kideek Aramaion, Albinako urtegiko ur-laminatik 40 metrora eta urak urtegira isurtzen dituen errekatik 20 metrora, hondatutako metalezko upel baten edukiaren laginak hartu dituzte, «HCH-lindano pestizida izan daitekeen substantzia baten hondakin solidotuekin».

Atzo ohar batean azaldu zutenez, upela abandonatuta dago, azaleko uren babeserako gune gisa kalifikatutako eremu batean. Lagin hartzearen bidez «erakundeen arreta eskasa» azalarazi nahi izan dute ekologistek, baita «oso toxikoak eta arriskutsuak diren hondakinen susmoen aurrean azkar esku hartzeko protokolorik eza» ere.

Ekologistak Martxanek 2021eko abuztuaren 26an eman zion Uraren Euskal Agentziari bidoiaren berri, bere ezaugarriak direla-eta lindanoa izan zezakeela zehaztuz. 2021eko urriaren 6an oraindik bidoia bertan zela ikusita, Ekologistak Martxan taldeak 112 telefonora deitu zuen egoeraren berri emateko, eta Ertzaintzaren patruila batek ingurua hesitu zuen.

Administrazioen ardura

Atzo bidoiak han jarraitzen zuela nabarmendu eta «administrazioen arteko koordinazio falta» salatu zuen Ekologistak Martxanek. Arazoa konpontzeko aurrerapausorik eman ez dela ere salatu zuen: «Konpromisoak ezin dira izan eguzkitan egindako topa, asmoen adierazpen hutsa».

Egoera ikusita, Gasteizko Parlamentuko taldeei dei egin zieten ekologistek «ekintzara pasatzeko, bertan onartutako legez besteko proposamenean jasotako konpromisoak eta erabakiak gauzatuz». Lan mahai instituzionala, teknikoa, zientifikoa eta soziala berriro martxan jartzea ere eskatu zuten.