Ibai AZPARREN
IRUÑEA
SELF-DETERMINATION CAUCUS

Subiranotasun auziak konpontzeko lege baten beharra, Europara

EAJ eta EH Bildu beste indar independentista eta subiranista batzuekin batera biltzen dituen Self-Determination Caucus taldeak, Europar Batasunak argitasun lege bat aztertzeko ekimen komuna aurkeztu du, Quebecen erabilitakoa adibidetzat hartuta. «Subiranotasun gatazkak» Europaren etorkizunari buruzko CoFoE konferentziara eramango dituzte.

CoFoE Europaren etorkizunari buruzko hurrengo konferentziaren testuinguruan, eurodiputatu talde batek caucus bat sortu zuen urtarrilean, lurraldeen arteko liskarrak dituzten estatutuen barneko nazioek autodeterminazio eskubidea legez onartutako modu batean gauzatu ahal izatea defendatzeko.

Eurodiputatu horien artean EAJko Izaskun Bilbao eta EH Bilduko Pernando Barrena daude, François Alfonsi korsikarrarekin, Antoni Comin, Clara Ponsati eta Carles Puigdemont katalanekin eta Chris MacManus irlandarrarekin batera, besteak beste. Europaren Egunean (maiatzaren 9an) hasi zen lanean taldea, eta Europar Batasunak argitasun lege bat aztertzeko ekimen komuna aurkeztu zuten asteartean, Quebecen independentzia lortzeko bi erreferendum baimendu dituen Kanadako legea adibide hartuta.

«Helburuetako bat da lan politikoa egitea, Europan egon dadin legezko mekanismo bat, argitasun mekanismo bat, nahiko nabarmen utziko lukeena herri, komunitate edota demos batek zer baldintza bete beharko lituzkeen autodeterminazio eskubidearen ariketa legalki egin ahal izateko», azaldu dio Pernando Barrenak GARAri.

Taldea osatzen duten eurodiputatuen ustez, CoFoE konferentzia aukera paregabea izango da Europako herrien eta EBko erakundeen arteko tartea ixteko, baita EBren erreforma bati buruz hausnartzeko ere. Ildo horretan, Barrenak dio konferentzia «populismoa, xenofobia eta eskuin muturraren gorakadaren» kezkatik sortu dela, eta, nabarmendu duenez, «auzitan jartzen ari den proiektu europarraren» testuinguruan, herri eta nazioak, europar integrazio proiekturako arazo izatetik urrun, «klabe europarzalean eta aurrerakoian aritzen dira». Horregatik, «europar proiektuaren mesedetan kontuan hartu beharrekoak dira».

Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak nabarmendu bezala, argitasun mekanismo horrek «EBren barnean gatazkak prebenitu nahi ditu, honek munduko beste eskualde batzuetako gatazketan esku hartzeko erabili dituen balio eta prozedura berberekin». Bilbaoren ustez, ekimena «EBko estatu batzuetan eta honen parte izan den beste batean aipatu arazoaren adierazpenak bizi diren unean aurkeztu da, eta horrek gaurkotasuna ematen dio proposamenari».

Eztabaida piztu

Proposamena gorabehera, Europako Batzordeari ez diote eskatuko autodeterminazio eskubideari buruzko zuzentarau bat sortzeko; izan ere, Jordi Solek (ERC) agerraldian adierazi bezala, «erantzuna badakigu, eskumenik ez duela». Helburua, beraz, eztabaida piztea da.

«Eztabaida abiatu behar dugu ikuspegi politiko desberdinak daudelako gure baitan. Oso ezberdinak gara, nahiz eta amankomunean hori eduki. Ez dugu proposamen itxi bat, ez diogu aditu talde bati proposamena idazteko eskatu, lehenengo bide bat egin nahi dugulako», nabarmendu du Barrenak. «Presio asko» daudela eta ondorioz konferentziatik «ezer onik» ateratzea zaila izango dela jakin arren, EH Bilduko europarlamentariak uste du bide horretako lehen urratsa bertan emango dutela, eta konferentzia «bozgorailu bezala» erabiltzeko tresna izango dela, «gaurko eztabaida horiek kokatzeko» asmoz.

Hala, euren proposamena bide desberdinetik eramango dute konferentziara. Batetik, osoko bilkuran azalduko dute, eta, bestetik, Europako plataforma erabiliko dute. Bertan, europarrek beren ideiak planteatu ahal izango dituzte, eta, aldi berean, herritarren kontseiluak izango dira, EBren gabeziak eta arazoak aztertzeko, bai eta irtenbide posibleak ere. Konferentziaren osoko bilkura horretan, berriz, Europako erakundeetako 165 ordezkari, EBko estatu kideetako legebiltzarretako 108 hautetsi eta 108 herritar izango dira. Proposamen horiek guztiak txosten batean jasoko dituzte, eta estatuei, Europako Parlamentuari eta Europako Batzordeari bidaliko zaizkie, neurri horiek bultzatu ala ez erabaki dezaten.

Bilbaok azaldutakoaren arabera, Europan dauden estaturik gabeko nazioek formulatzen dituzten egoera, aldarrikapen, prozedura eta proposamenen aniztasunera egokitutako prozedura bat bermatzea nahi dute. Proposamen horiek «autonomismotik independentziara doaz, eta autodeterminazio eskubidea aitortzea eta nazionalitate horietako bakoitzaren etorkizuna askatasunez erabakitzea aldarrikatzen dute, nazionalitate hori zein izango den aurrez juzgatu gabe».

Jardunaldiak

CoFoE Europako etorkizunari buruzko konferentziako osoko bilkuretatik haratago, Self-Determination Caucus taldeak hainbat hitzaldi antolatuko ditu urtean zehar Europako estaturik gabeko nazioen inguruan, kasu zehatzak aztertu asmoz.

Lehenengoa Kataluniari buruzkoa izango da, azaroaren 18an, eta Bruselan egingo da. Hurrengoak Korsika izango du hizpide eta Estrasburgon egingo da. Uda baino lehen, azkenik, beste bat antolatuko dute Euskal Herriaren inguruan.