Maider IANTZI GOIENETXE
DONOSTIA

Altxorraren bila Jimenezen eskutik, Canoren obra zabalduz

«Abentura bat idatzi nuen, irakurleari esango banio bezala ‘nahiko nuke ni bezala entusiasmatzea’», adierazi zuen Irati Jimenezek «Ogia eta zirkua» obraz. Harkaitz Canoren «Neguko zirkua»-ri buruzko saiakera da, literaturaren maitale grinatsu batek modu jostarian idatzia.

«Liburu guztien atzean idatzi gabeko liburu bat dago, edo bi, eta ‘Neguko zirkua’-k zortea izan du, Iratik bat behintzat azaleratu duelako. Esker mila. Liburua azaldu beharrean, zabaldu egin du». Hala laburbildu zuen Harkaitz Canok Irati Jimenezen “Ogia eta zirkua”.

Bilboko Udalaren Miguel de Unamuno saria jaso zuen lan hau (Ereinek argitaratua) aztertzen duen jatorrizko testua baino luzeagoa da. «Atzo beste gauza bat deskubritu nuen –aitortu zuen mundakarrak atzo Donostian egindako aurkezpenean–. Gauza gehiago esango nituzke, beti egon gaitezke honi buruz zerbait esaten. Quijoterekin bezala».

Altxorraren bila abiatu zen idazle abenturazalea, eta «erabaki kontzienteak ongi hartuta daudenean literaturan gertatzen den zeremonia magikoa» aurkitu zuen. «Kamera sekretu bat zabaltzen denean eta barruan beste kamera sekretu bat agertzen denean izaten den sentsazioa izan nuen».

Gauez irekitako arrakala

«Gauez, ia ametsetan» etorri zitzaion Jimenezi ezerezetik sortzen diren ideia horietako bat. Arrakala bat zabaldu zitzaion eta bertan ikusi zuen lehen objektua beharbada eskularruak izanen ziren. «Gero malabarista bat eskularruekin, pertsonaia bat esposatua, erortzen ari dena, alkandora batzuk hutsik... Telefonoan apuntatu nituen. Berriz zabaldu zen arrakala eta denbora luzea iraun zuen. Ideien asoziazioak ez zuen etenik. Azkenean loak hartu ninduen eta susperturik esnatu nintzen».

Azaldu zuenez, “Neguko zirkua”-n, ipuin bat bukatzen duzunean, nahiz eta jakin hurrengoa autonomoa dela, sentsazioa duzu irakurri nahi duzula jakiteko zer pasatzen den, «jakinik ez dela ezer pasatzen. Baina pasatzen da. Momentu euforiko zoragarri batekin amaieran».

Zergatik gertatzen da? «Kontatzen denetik aparte, bada protagonista inbisible bat. Bidaia bat egiten du, abentura batean dago, gauzak ikasten ditu, transformatu egiten da. Bere bizitzako erabaki zentralak hartuta bukatzen du».

Jimenezek agertu zuen ez zela egon ipuin bakar bat ez zuena erran «nik uste nuena baino askoz konplikatuagoa da». Hala, gero eta gehiago zabaltzen joan zen liburua. Sinbolo batzuek aunitz harritu zuten. Adibidez, «geografikoki zer liburu den, ezker-eskubi, gora eta behera nola mugitzen diren pertsonaiak».

Kritika, berotasunetik

Mundakako idazleak adierazi zuenez, literatur kritika egiten denean patologoaren mahaian jartzen da testua, eta mahai horretan asko galtzen da, lotura ikusezinak kasu. Bera berotasunetik idazten saiatu zen hoztasunetik egin beharrean. «Kritikan zerbait negatiboa esan beharrik ez dago», egin zuen gogoeta. «Nagusitasun intelektuala eman diogu kritikari. Beldur horrekin zurrunduta gaude».

Literaturian galdetu zion Uxue Razquin Ereineko editoreak ea ez zuen beldurrik Harkaitz Canok zer erranen zuen. «Idazleak konpromisoa hartu behar du irakurlearen inteligentzia, libertate eta burujabetza eskubidearekin. Norbera bere etxean dago irakurtzen dagoenean, eta banekien Harkaitzek errespetatuko zuela. Eskerrik asko», erran zion ondoan zuen kideari.

Disekziorik gabeko analisia, atxiloturik gabeko ikerketa polizial interesgarria... Halako irudiak erabili zituen Canok, Jimenezen saiakera definitzeko.

«Ispilu deformantearen eta hiperzintzoaren arteko dantza bat» ere ikusi du bertan. «Ezagutzen ditut ondo detektatutako obsesioak, eta nik inolaz susmatzen ez nituenak ere badaude. Ikaragarri polita da Iratik egiten duen paisaia psikoemozional horren ikerketa. Ipuinen arteko tarte hutsak harrapatu ditu».

Hori dena «oso modu jostarian» egiten duela erantsi zuen lasartearrak. “Don Quijote”-ren izenburuak oroitarazi dizkio.