Ibon San Saturnino eta Ikoitz Arrese
EH Bildu
KOLABORAZIOA

Euneiz edo unibertsitate-sistemaren blindajea

Duela lau urte Alaves-Baskoniak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Kataluniako Euses eta ENTI unibertsitateek Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua aurkeztu zutenetik konturatu ginen dimentsio estrategikoko eztabaida baten aurren geundela.

Urte askoan erakundeen artean desadostasunak izan ondoren, baita EAJ barruan ere, 2019an «fumata zuria» izan zen, eta EAJk eta PSE-EEk proiektua babestu zuten. Ez dago zalantzarik, beraz: Parlamentuan gehiengo osoa izanda, Euneiz unibertsitate pribatu berriak argia ikusi eta bideari ekingo dio, seguru asko, 2022ko irailean.

Euneiz sortzeko proposamenak nabarmen aldatuko du euskal unibertsitate-mapa. Gaur egun, EAEko Unibertsitate Sistema hiru unibertsitatek osatzen dute: EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak. Sistemako kide direnez, hirurak sartzen dira Euskadiko Unibertsitate Kontseiluan, eta dirulaguntza publikoak jasotzen dituzte. Ideia bat izateko, 2019-2022 Euskal Unibertsitate Planak sistemako hiru unibertsitateentzako 200 milioi euroko finantzaketa aurreikusten zuen 4 urtean, programa-kontratuen bidez.

Euneizekin, hogei urtean lehen aldiz, EAEn unibertsitate berri bat sortzea planteatzen da. Gainera, lehen aldiz enpresa-ekimeneko unibertsitatea da, onura ekonomikoak lortzea helburu duena. Elementu hori, gure ustez, funtsezkoa da eta aurrekari oso arriskutsua ezar dezake sistema osorako.

Beraz, eta EAJren eta PSE-EEren gehiengo absolutuak Euneiz gaitzea bermatuko duela jakinik, EH Bildu saiatu da eztabaida Euskal Unibertsitate Sisteman eta, bereziki, Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan izan ditzakeen ondorioetan jartzen.

Horregatik, EH Bilduk «Euneiz EAEko unibertsitate pribatu gisa onartzeko lege-proiektuari» aurkeztutako lau zuzenketek ez dute lege-proiektu hori aldatu nahi; aitzitik, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzea da gure helburua eta, beraz, etorkizunean unibertsitate-sistema eta unibertsitate publikoaren finantziazioa blindatzea, irabazteko asmoa duten unibertsitate pribatuen mehatxuen aurrean.

Funtsean, bi dira EH Bilduren lau zuzenketen helburuak: ez Euneiz, ez etorkizunean ezarri nahi den irabazi-asmoko beste unibertsitate pribatu bat ere, ez dadila EAEko Unibertsitate Sisteman sartu, eta, beraz, horrelako unibertsitateek ez dezatela izan finantzaketa publikoa eskuratzeko inolako aukerarik.

Uste dugu defendatu beharreko funtsezko bi printzipio daudela. Lehena, Hezkuntzaren esparrua, oinarrizko eskubide den aldetik, ezin da izan enpresen onuraren eta irabazi asmoaren esparrua. Eta, betiere, helburu horiek bilatzen dituzten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez diruz finantzatu. Bigarrena: erakunde publikoen helburu nagusia da gizarte osoaren prestakuntza, baita unibertsitatekoa ere, bereizkeriarik gabe eskuratzea bermatuko duen sistema publiko unibertsal baterako baliabideak blindatzea.

Eusko Legebiltzarrean eta gizartean dago eztabaida. EH Bilduren zuzenketak onartzeak Euskal Unibertsitate Sistema blindatzea bermatuko luke, eta onura ekonomikoa bilatzen duten enpresa-proiektuen finantzaketa publikorako atea itxiko luke, orain eta etorkizunean. EAJk eta PSE-EEk utziko al dute proiektu horiek finantzatzeko atea zabalik? Zer eragin ekonomiko izango du horrek egungo unibertsitate-sistemaren finantziazioan?

Garaiz gabiltza unibertsitate-sistema eta euskal unibertsitate publikoaren finantzaketa blindatzeko. Ez galdu aukera hau.