Ane URKIRI ANSOLA
EUSKAL HERRIKO ITZULIA

«Protagonistak izateko» eta «mendian borrokatzeko» prest dago Caja Rural

Viana-Leitza, Itzuliko bigarren etapa, ikuskatu zuen talde nafarrak atzoko lan-saioan. Aurtengo etaparik luzeena da (193 km) eta kirol zuzendari Jose Miguel Fernandezek uste du sailkapen nagusiagatik borrokatzera datozenak «min ematen» saiatuko direla.

Viana-Leitza etapa osatu zuten atzoko lan-saioan Caja Ruraleko txirrindulariek.
Viana-Leitza etapa osatu zuten atzoko lan-saioan Caja Ruraleko txirrindulariek. (CAJA RURAL-SEGUROS RGA)

«Protagonistak izateko lan egingo dugu, ikusaraziak izateko, eta ea mendiko maillotaren borrokan sartzen garen». Caja Rural-Seguros RGA taldeko kirol zuzendari Jose Miguel Fernandezek GARAren deiari erantzun dio, txirrindulariak Viana-Leitza etapa ikuskatzen aritu bitartean. Itzuliko bigarren etapa da -hilaren 4koa- eta, kilometroei dagokienez, luzeena da (193 km). Dena dela, Fernandezen iritziz, ez da «konplikatuena»; «zailena beti azken etapa izaten da, motzena eta intentsoena delako».

Zailena ez, baina sailkapen nagusirako borrokan dabiltzanentzat tarteak irekitzeko aproposa izango dela onartu du: «Lekunberri ingurura iritsi aurretik, kakotx artean, betegarriak diren kilometroak dira; behin Lekunberrira iritsita, mendate gehiago datoz, Leitzatik igarotzen gara eta azken txanpan sartzen gara. Ez dira mendate handiegiak, baina gogortasuna pilatzen doa eta, seguru, sailkapen nagusiagatik borrokatzera datozenak min ematen saiatuko direla».

Iaz, alderantzizko norabidean lehiatu zen etapa hau; Leitzan hasi eta Vianan bukatu zen, alegia, eta Alaphilippek irabazi zuen. Ibon Ruiz (Kern Pharma), Julen Amezqueta (Caja Rural) eta Ander Okamika (Burgos BG) izan ziren protagonista eguneko ihesaldian eta Orluis Aular (Caja Rural) laugarren helmugaratu zen. Laugarren etapan seigarren postuan iritsi zen venezuelarra, eta Fernandezek adierazi du etapa batzuen borrokan ere egon nahi dutela, «behintzat top 5 bat borrokatzeko, joan den urtean Aular eta Cepedarekin egin legez».

Hain zuzen ere, Aular maila onean iristen da Itzulira. Arrabideko klasikoa eta Alentejoko Itzulia irabaztetik dator, iaz bezala. Fernandezek ohartarazi du Itzulian lehia estuagoa izango dela, World Tourreko 18 talde baitaude, «baina behintzat erakusten du bere egoera fisikoa ona dela, espero genuen bezala, eta prest dagoela Itzulian berme guztiekin lehiatzeko».

Euskal Herriko Itzulia hurrengo astelehenean hasiko da, apirilaren 3an. Gasteizen hasiko da lehendabiziko etapa eta Guardian bukatuko da.

MURGUIALDAY ETA BARRENETXEA

Aularrekin batera, Jokin Murguialday eta Jon Barrenetxea euskaldunak egongo dira taldean -Cepeda, Barcelo, Nicolau eta Pradesek osatzen dute zazpikotea-. «Oso lasterketa berezia da beraientzat, bereziena, etxekoa baita; lan ona egiteko ilusio eta gogo handiz daude. ‘Barrene’, gainera, oso ondo aritu zen Portugalen eta espero dugu zertzeladaren bat uztea etaparen batean», onartu zuen kirol zuzendariak.

Denboraldiko aurkezpena egin zutenean aitortu zuten bereziki itxaropentsu daudela Gamiz-Fikako txirrindulariarekin, eta Fernandezek hori berretsi du: «Kalitate handia duen txirrindularia da, urtero aurrerapausoak ematen ari da eta aurten beste bat eman du. Uste dugu edozein momentutan erdiets dezakeela emaitza on edo garaipenen bat. Alde horretatik, ilusio handia daukagu berarekin eta itxaropentsu gaude».

Iaztik hona, Jonathan Lastra -egun Cofidisen, Ion Izagirrerekin batera- eta Mikel Nieve -eliteko txirrindularitzatik erretiratu da- galdu ditu Caja Rural talde nafarrak. Kirol zuzendariak onartu du leitzarraren hutsunea ez dela handiegia, «urte batez soilik egon baitzen gurekin eta zoritxarrez, ez dugu bera disfrutatzeko aukera askorik eduki, osasun arazoak ere izan zituelako»; bizkaitarrarena, ordea, agerikoagoa da: «Oso garrantzitsua izan da taldearentzat. Ez da gehiegi nabarmendu garaipenei dagokienez, baina beti zegoen hor, presentzia handia ematen zigun, ez zuen hutsik egiten... Eta agian hori da orain falta zaiguna, konstantzia handiko txirrindulari bat, beti hor dagoena».

O Gran Camiñoko lasterketaren ostean, «atsedenaldia» hartzeko denbora izan dutela-eta, osasuntsu ikusten du taldea Fernandezek. Barcelo ere osatuta dago urte hasieran ebakuntza-gelatik igaro ostean. Orain, Sergio Martinen egoerak kezkatzen du gehien. Madrildarrak istripu larria izan zuen joan den astean, entrenatzen ari zela, eta bost saihets eta bi orno puskatu zituen; ondorioz ebakuntza egin zioten. Orain Toledoko ospitalean dago, errehabilitazioa noiz hasiko zain: «Luze joango da bere errekuperazioa, baina diziplina, lan eta ilusioarekin espero dugu ahalik eta lasterren egoera iraultzea».