GARA
GASTEIZ

EHUko dekanoak irakasleen hizkuntza prestakuntzan diren «mugez» ohartarazi du

Hezkuntza lege proiektuari buruz Gasteizko Legebiltzarrean egindako agerraldian, EHUko Hezkuntza dekanoak ohartarazi du sistema «justu» batek eredu publikoa izan behar duela «ardatz».

EHUko Leioako campusa, artxiboko irudi batean.
EHUko Leioako campusa, artxiboko irudi batean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak, Beñat Amenabarrek, irakasleen hizkuntza prestakuntza eta trebakuntzaren arloan dauden «mugak» gainditzeko neurriak hartzeko beharra planteatu zuen atzo.

Gainera, ohartarazi zuenez, ikasle guztien beharrei erantzun «justua» emango zaiela bermatzeko, beharrezkoa da irakaskuntzaren «ardatza» eredu publikoa izatea.

Amenabar Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean agertu zen atzo, Lakuako Gobernuak prestatutako hezkuntza lege berriaren proiektuari buruz EHUk duen jarrera azaltzeko.

Hezkuntza Fakultateko dekanoak adierazi zuen Hezkuntza Sailak «sakon eta zorrotz» aztertu behar duela irakaskuntzaren arloan dauden langileen egoera, bere ustez «legean ondo jasotzen ez dena».

«Azterketa sakona, errealista eta epe ertainera eta luzera begirakoa izan behar du, jakina, eskola publikoa eta itunpekoa kontuan hartuta», esan zuen. Gainera, euskal gizartearen etorkizun demografikoa kontuan hartu behar dela zehaztu zuen.

Bestalde, gogorarazi zuen gaur egun irakasleak hautatzeko prozesuak «ez daudela homologatuta, ezta bateratuta ere», eta egoera horri buelta eman behar zaiola uste du.

Dekanoak nabarmendu zuenez, irakasleen prestakuntzak «kalitatezkoa izan behar du hasierako prestakuntzarako». Irakasleen gaitasun profesionaletarako masterraren kasuan «muga batzuk» dituela onartu zuen.

MASTERRA «BERRIKUSI»

Ildo horretan, «kezka» agertu zuen, eta adierazi zuen «prestakuntza didaktiko eta pedagogiko hori egokia izatea nahi badugu», master horren egungo iraupena, urtebetekoa, «oso mugatua» dela. Horregatik, uste du beharrezkoa dela master horren antolaketa eta izaera «berrikustea».

Bi hizkuntza ofizialetarako -euskara eta gaztelania- eta atzerriko baterako «berariazko» probak ezartzearen alde agertu zen, irakasleek hizkuntza horiek menderatzen dituztela bermatzeko. Nabarmendu zuenez, hori Estatuko beste toki batzuetan ere egiten da, eta, beraz, «ez da berritasun bat».