Arnaitz GORRITI
Interview
Erik Balenziaga Azkue
Alemaniako MT Melsungen eskubaloi taldeko jokalaria

«Jokatu dudan leku bakoitzean zoriontsu izan naizela esan dezaket»

Elkarrizketa hau argitaratu den egun honetan abiatu da Erik Balenziaga (Zarautz, 1993) Alemaniarantz. MT Melsungen eskubaloi taldea Bundesligako aurreneko postuen lehian dabil, Kiel bezalako erraldoien aurrean; harrigarria, 15.000 biztanle inguru dituen herri bateko talde batentzat!

(Gorka RUBIO | FOKU eta ERIK BALENZIAGA)

 

Elkarrizketa honek kirol lorpenak beste baterako laga ditu. Maiatzaren 10ean 32 urte beteko dituen jokalari honek jada hamarkada bat darama etxetik kanpo; Pontevedra, Iruñea, Logroño, Tolosa (Okzitania) eta Melsungen ezagutzea tokatu zaio. Kantxetako argiak itzaltzen direneko Erik Balenziaga elkarrizketatu dugu.

Sekretu bat: mutilak herria lagata ere, herriak ez du mutila laga. Zarauzko Musika plaza inguruan zenbat herritar pasatu diren elkarrizketan zehar Eriki agur egiten!

Gabonetako oporretan «anfitrioi» asko izan dituzu?

Zarauzko jende askorengandik oso maitatua sentitu naiz. Kalean jende askok geratu nau. Hona etortzen naizen bakoitzean jasotzen dudanagatik zoriontsu naiz! Eta Gabonetan, familiakoekin, kuadrillako lagunekin bazkariak, afariak... egin ditugu eta, bai, pozik.

Etxean duzun harreman hori bezalakorik lortu duzu kanpoan ere?

Eskubaloia herri txikietako kirola da, Hanburgo eta Berlin izan ezik. Horrek gertutasuna handitu egiten du jendearekin ere. Ondorioz, denek ulertzen dugu eskubaloia talde kirol eta familia kirol bezala.

Eta taldekide ohiei dagokienez, jakina, talde bakoitzeko hamasei kideekin ez duzu laguntasun berbera lortzen, baina ibili naizen talde guztietan laga ditut bizpahiru lagun, benetakoak, eta horiekin harremana mantentzen dut.

Jendeak kalean geratzen zaitu, adibidez, bezperan egurra jasotzen duzuenean?

Errespetu handiz, baina bai, batzuk izaten dira. Intentzio on guztiarekin gelditzen zaituzte eta hitz bi egiten dizkizute, eta kalean, erosketak egiten edo taberna batean batzuek ikusi eta animoak ematen dizkizute, edo zorte ona opatzen dizute eta eskertzekoa da.

Zaleekin pista barruan ere kontaktua izaten duzue partida amaitu berritan?

Gure kasuan, partida bakoitza amaitzen denean, zaleak gurekin argazki bat ateratzera pista barrura sar daitezke eta badaude zenbait zale, beti jende berbera, tarteka kanpoan jokatzen ditugun partidetan ere azaltzen direnak. Halakoetan, gertatzen da elkarrizketatxo bat izan dezakedala, gertutasun hori sendotzen doalako.

Alemana ikasten ari naiz; euskaraz eta gazteleraz gain, ingelesez eta frantsesez nahiko ondo moldatzen naiz eta alemana pixkanaka ulertzen ari naiz. Diskurtso handirik ezin eman, baina saiatzen naiz hitz egiten halako kasuetan. Beste gauza bat da elkarrizketaren bat edo eman behar badut; ingelesez nahiago.

Zure aurreneko jauzia Teucrora izan zen, duela hamar urte, Pontevedran. Salto handia izan zen Zarauztik harakoa?

Aurrenekoz ateratzen nintzen etxetik! Pisu batean bizitzera, beste jokalari batzuekin... Tira, neurri batean bai, salto handia izan zen, baina oso ondo hartu ninduten eta erraza egin zitzaidan hara moldatzea.

Egon naizen toki bakoitzean oso jende ona aurkitu dut eta asko lagundu didate bertakotzen. Normala da Iruñera, Logroñora edo Pontevedrara errazago ohitzea Toulouse edo Kasselera baino -Melsungendik hurbil dagoen hiria-, hizkuntzak asko laguntzen duelako. Hala ere, denborarekin ohitzen joan naiz eta jokatu dudan leku bakoitzean zoriontsu izan naizela esan dezaket.

Inon aurkitu duzu bizimodura egokitzeko zailtasunik?

Egia da Toulousen hasieran kosta zitzaidala. Frantsesez egin behar, eta bizimodu ezberdina zen. Aurreneko hiruzpalau hilabeteetan bertara ohitzea ez zitzaidan erraza egin. Behin ohitu eta gero, izugarri ondo egon nintzen bertan urte eta erdi, eta orain, Kasselen, berdina. Ordutegiak ezberdinak dira, eguraldia ere ezberdina da, eguzkia eta iluntasuna; neguan arratsaldeko lauretarako ilun dago! Horrek guztiak zailtasun batzuk jarri dizkit baina, tira, azkenerako beste esperientzia bat da.

Kassel Alemania erdian dago eta Toulouse Frantzia hegoaldean. Badirudi zenbat eta iparralderago joan, orduan eta antzekoagoak direla denak, baina herrialde bakoitzak bere kultura dauka, bere izaera eta ezberdintasunak nabarmenak dira, hemen bezala.

Taldean herrialde askotako kideak zaudete. Zer eskaintzen diezu zure izaerarekin?

Hamabi bat herrialdetakoak: letoniarrak, espainiarrak, portugaldarra, tunisiarra, alemanak, noski... Nik espero dut poz apur bat eskaintzea. Pertsona oso irekia naiz eta asko gustatzen zait kalean egotea edo aktibitate pixka bat...

Bestalde, leku ezberdin askotan ibilitakoa naizenez, saiatzen naiz iristen diren berriei nire esperientziatik laguntzen; 31 urterekin eta hiruzpalau herrialdetan egon eta gero, nik uste zerbait lagun dezakedala. Halakoetan, hasieran jendearekin egon behar duzu: zeozer hartzen joan, buelta bat eman, inguruko herri bat ezagutzera joan... Eta gero ikusten da, hurreratu nahi duen hori azkenerako hurreratu egiten da.

Bundesligan bikain zabiltzate eta, diotenez, jatorri aniztasun horrek badu eraginik, Egia da edo taldea ondo doanean bakarrik esaten da?

Izan liteke. Azken batean, eskubaloi oso ezberdinak bizi izan ditugun jokalariak elkartu gara eta bakoitzak eskain dezakeena oso ezberdina da; batzuetan kide baten ereduak funtzionatuko du eta hurrengoan beste batenak. Egunero eredu batek ez bada beste batek funtzionatzea lortzen dugun bitartean, zoragarri.

Eta hain talde heterogeneoa izanda, hainbat kontu deigarri egingo zitzaizkizun!

Esaterako, azkenengo urteotan lehenengo aldiz erlijio ezberdinetako jendearekin taldea konpartitu dut eta hori ere oso aberasgarria izaten ari da niretzat. Asko ikasten ari naiz egoera horretaz jabetuta. Eta, bestetik, ez da gauza bera Europa iparraldeko daniarra edo hungariarra, portugaldarra edo tunisiarra... Kultura ezberdinak badaudela jakiteaz gain, sakonagotik ezagutzen saiatzea pila bat interesatzen zait.

Kanpora joan behar duen askok atzean geratzen dena galtzeko beldurra dute hasieran eta bi familia osatzen dituzte gero. Zenbat familia dituzu?

Neska laguna hemengoa dut eta nirekin Alemanian bizi da. Alde horretatik, ezin naiz kexatu eta lagunak ditut egon naizen tokietan. Beraz, familia asko dauzkadala iruditzen zait. Orain, Alemanian, baina Toulouseko lagunak, Iruñekoak, Logroñokoak... Etortzen naizen bakoitzean saiatzen naiz bat edo beste ikusten.

Nola moldatu da Kasselera neska laguna?

Toulousen joan-etorrian ibiltzen zen; hau da lehenengo aldia elkarrekin atzerrian bizi garena, Iruñean ere ere egon baitzen. Nik ere laguntzen diot Alemaniara bertakotzen, azken batean egun hobeak eta txarragoak biok dauzkagu eta niretzat bera ondoan izatea laguntza ederra den bezala, berarentzat ere hala da, hauxe duelako atzerrian bizitzen aurreneko esperientzia. Lan pila bat egiten, hori bai! Arkitektoa da eta etxetik lan egiteko aukera dauka. Kanpoan pare bat partida kateatzen baditugu eta lauzpabost egun kanpoan ematen baditut, agian zertxobait luzeago egiten zaizkio egunak. Bestela hemen bizitzearen antzekoa da.

Nolakoak dira partidarik eta bidaiarik gabeko egunak?

Lasaiak. Saiatzen gara denbora pasatzen neska lagunarekin eta Kasselen bertan egindako lagunekin. Kafe bat hartzeko, buelta bat emateko... Pare bat egun segidan libre izanez gero, agian inguruko herriren batera joan eta hura ikusi. Gabon garaian, «Christmas market» azoka horietakoren bat bisitatzera joan...

Ez naiz hain kulturazalea, bestetik, musika arloaz kanpo. Musika zerbait entzuten dut, berdin frantsesa edo alemana eta gustuko taldeak aurkitu ditut. Zinema, antzerkia... ez naiz horien hain zalea.

2027ra arteko kontratua daukazu. Gerorako planik egiteko goizegi da oraindik?

Ikasketak burutu nituen, baina oraindik nire burua horietan ikusten ez badut ere, planteatu beharko dut. Lauzpabost urte jarraitzea espero dut.

Baina egia da, era berean, inguruan dauzkadan jokalari ohiek erakutsi didatela zerbait gehiagori heldu behar zaiola eskubaloiaren ondoren.

Duela hamar urteko Balenziagak pentsatuko zukeen gaur dena izatera iritsiko zenik?

Sekula ez! Zarautzen jokatzen nuenean bizitza guztia Zarautzen jokatuko nuela pentsatzen nuen; Logroñon nengoela, nire bizitzako lauzpabost urte Errioxan ematea zen nire planteamendua, baina bat-batean 2021ean Toulousera joan nintzen... Ez dut planik egiten.

Jende asko, bizipen asko eta kultura asko ezagutu ditut eta zoragarria da, oraingo Erik hamar urte hauetako bilakaera delako. Badakit kosta egiten dela kanpora joatea, eta eskubaloiko eskaintzekin nekez aberastuko da bat, baina bizitza bat da eta saiatu nahi duen kirolariak aurrera jo behar du, gaztetan egin ezean gero ezingo duelako egin.