Maite UBIRIA - Goizeder TABERNA

ETAren lehen armagabetze saioa Zokoako apaizetxean gertatu zen

«Giristinoak bakegintzaren parte izan gara, baina Elizaren izenean», laburbildu zuen Mikel Epalza erretoreak, “Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan” izenburua duen liburuaren aurkezpenean. Bertan ezagutzera eman zuen 2014. urtean ETA erakundeak garatutako lehenengo armagabetze saioa Zokoako apaizetxean izan zela.

«Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan» liburuaren aurkezpeneko irudi bat.
«Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan» liburuaren aurkezpeneko irudi bat. (Guillaume FAUVEAU)

Gexan Alfarok euskaraturik, “Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan” izenburua duen liburua idatzi du Atxik Berrituz elkarte katolikoak. Orotara, 14 lekukotasun bildu ditu Maiatz argitaletxeak plazaratu duen lan horrek, horietatik gehienak, hamaika, laikoek eskainitakoak, Mikel Epalza Zokoako erretoreak atzo eginiko aurkezpenean zehaztu zuenez.

Bake prozesuaren lehen garaietara gibel eginez, 2011n Aieteko Konferentziaren testuinguruan sortu zen Atxik Berrituz elkartearen ibilbidea jorratu du Epalzak. «Joan gara eta giristinoekin zein laikoekin eraiki ditugu ospakizun batzuk, jendearen grinak eta penak entzuteko helburuarekin», azaldu zuen.

Hamabi bat elizetara bertaratu ziren elkarteko kideak. Lehen gaualdia 2013ko martxoaren 14an egin zuten, hain zuzen, liburua aurkeztu zuten tokitik ez oso urrun, Baionako katedralean. Handik Kanbo, Donibane Lohizune, Angelu, Aiherra, Hendaia, Donibane Garazi, Maule, Uztaritze edota Heletara hedatu ziren beilak.

«Biktima eta min guziak aintzat harturik», beste hainbat ekimen sustatu zituzten. Denbora hartan, 620 preso ziren kartzeletan. «Batzuk presoak bisitatzera joan ginen, beraiek ere bakegileak zirelako», nabarmendu zuen Epalzak.

Vatikanoaren onespena zuen Elizaren diplomaziak emandako sostengua ahantzi gabe, «bakegintzaren muina» herri izaera dela defendatu zuen Epalzak. Hain zuzen, liburuaren xedea hori izan da: «Herritarrekin egin duguna kontatu nahi genuen».

Ideia horrekin bat egin zuten aurkezpenean hitza hartu zuten beste zenbait ordezkarik ere. Arnasa luzeko bakegilea den Anne-Marie Michaud-Duhourrek aitortu zuenez, «erronka bat zen, baina pentsatu dugu bizi izan dugunaren bilana egin behar zela».

2017ko apirilaren 8an Baionan ETAren armagabetzea gauzatu ondotik plazaratu zen adierazpena irakurri zuen Maite Irazoquik irakaspena eman zuen atzo: «Errespetuz biktimak entzutea inportantea da».

Bestalde, Jeannot Lastirik aitortu zuenez, ondorengo belaunaldiei arazoak konpondu gabe utzi baino, «gure lana zen bake hori bultzatzea».

ARMAK ZOKOAN EGIAZTATU ZITUZTEN

Luzea bezain korapilatsua bilakatu zen ETAren armagabetzeari buruz orain arte ezagutzen ez zen datu adierazgarri baten berri eman zuen Epalzak. 2014an nazioarteko adituen aitzinean burutu zen armagabetze ekintzari buruz ofizialki azaldutakoaren kontra, ekimena ez zen Okzitaniako Tolosan gertatu, Zokoako apaizetxean baizik. Are, Aita Sainduak horren berri bazuen eta urrats hori babestu zuen.

«Polizia frantsesak aintzat hartu duen bertsio ofizialaren arabera, armen ematea Toulousen gertatu zen, baina egiazki Zokoan pasatu da, nire etxean», idatzi du erretoreak.

Bideo baten bidez jaso zen armen ematea. ETAren armategiaren parte bat zuriz jantzitako mahai gainean emana zen, eta erakundeko kideen ondoan Ram Manikkalingham eta Ronnie Kasrils nazioarteko egiaztatzaileak agertu ziren. Armagabetze bidean aitzineko urratsa erakutsi zuen BBC kateak, bideo hori mundu zabalera hedatuz.

Izan ere, estatuen parte hartzearekin gauzatu behar zen armagabetzeak bestelako bidea hartu zuen. Gizarte zibilaren esku hartzeari esker, 2017ko apirilaren 8an egikaritu zen Baionan. Estatu espainola kanpo kokatu zen. Estatu frantsesak, bestalde, ez zuen oztopatu ehunka herritarren sostenguz bururatu zen ezohiko desarmatze ekintza. Elizari dagokionez, 2014an bezala, jakinaren gainean zen.

Epalzak berriki aditzera eman duenez, bitartekari baten bidez eman zion sostengu horren berri Mateo Zuppik, azken saio horretan ere inplikatu zenak. Aita Sainduaren onespena esaldi esanguratsu honekin jakinarazi zion: «Nagusia gurekin dago».

«Niretzat, euskal apaiza izanik, kontua argia zen: busti behar zen, indarkeriarik gabeko aro berri horri aukera bat emateko», idatzi du, 2016ko abenduan Luhuson armagabetzearen alde eginiko ekintza heldu arte, zigilaturiko armen gakoak atxiki zituen Epalzak.

Irazoquik liburuaren aurkezpenean baliaturiko hitzak argi berria hartzen dute jakin berritako datu horien arabera: «Bakea egitea bakeaz mintzatzea baino lan zailagoa da».