Denboraren pobrezia
Bizialdi guztian zeharkatzen gaituen gezi baten antza du denborak. Denbora ez da gelditzen, ezin da jaso, bildu, gorde. Joan egiten da, tempus fugit; nor ez da ibili inoiz korrika eta presaka denboraren atzetik estresaturik, ito beharrean, lehertzear, gehiago ezinez, Kronos jainkoaren atzaparretan harrapatua? Jendarte materialista eta kontsumistan arlo guztietan dago denborarekiko harreman gatazkatsua, baina batez ere lan prekario eta arrazializatuko sektore feminizatuetan izaten da denboraren pobrezia. Denborak denok zeharkatzen gaitu, baina ez modu berean, denborarekiko dugun harreman indibidual eta soziala ez baita berdina. Kapitalak ahalik eta denbora gehien nahi du beretzat; bizitzeko eta pausatzeko beharrezkoa dugun denbora ebasten digu. Kapitalaren morrontzatik eratortzen dira hain ezagunak diren patologia ezberdinak, depresio egoerak, bizkarreko minak, neke kronikoak eta beste. Egun, ez da eskatzen langile ona, efizientea eta esanekoa izatea soilik, bere bizi pertsonala eta lana mugarik gabe nahasten dituen hura da eredugarria. Animal laborans bat azken beltzean.
Ordainpeko lan denbora alienatzailea eta bizitzeko behar dugun denbora kontrajarriak daude. Kapitala erlijio bihurtu denetik denbora galtzea, hau da, lan denbora produktiboa ez den beste denbora oro kasik bekatu mortala bihurtu da. Eta gizakiak −ez da nik esaten dudalako− batez ere Homo ludens garela diote adituek. Hots, jolastiak gara eta jolasari esker zein elkarrekin josten ditugun harremanen bidez garatzen gara. Covid-aren garaian, gatibu sentitu ginenean, zer bota genuen faltan oro har, elkarrekin egotea baino? Enpatia, elkartasuna, zaintza, arta, maitasuna... Emozioen balio erantsia lehenetsi zen hazkundearen eta logika produktibisten gainetik.
Denbora, beraz, Mark Fisherrek esango lukeen eran, desira poskapitalista marrazten joateko, denbora geure burua autodeterminatzeko, denbora jendearen beharretarako eta ez lanean hiltzeko, desberdintasunekin amaitzeko, denbora finean, bizitzeko eta ez bizirauteko.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
