GARA
GUARDIA

Guardiako Udalean irregulartasunak izan direla salatu du EH Bilduk Fiskaltzan

Guardiako alkateak ustez dokumentuak faltsutzeko delitua egin du; hori frogatuko lukeen txostena aurkeztu zuen atzo EH Bilduk Arabako Fiskaltzan. Jasotzen duenez, alkatea ADR elkartearen bileretara joaten zen horretarako izendatua izan gabe, eta parte hartzeko agiria idazkari kontu-hartzailearen oporrak aprobetxatuz eskuratu zuen.

Raul Garcia Ezquerro Guardiako alkatea.
Raul Garcia Ezquerro Guardiako alkatea. (Endika PORTILLO | FOKU)

Guardiako EH Bilduko udal taldeak txostena aurkeztu zuen atzo Fiskaltzan. Arabako udal horretan ustez egin diren irregulartasunak jasotzen ditu agiri horrek: dokumentuen faltsutze delitua egon da ustez; salaketan jasotzen denez, Raul Garcia Ezquerro alkateak (EAJ) Arabako Errioxako Landa Garapenerako Elkartearen (ADR) bileretan parte hartu du, Udala ordezkatuz, horretarako beharrezkoa den baimenik izan gabe.

EH Bilduk Guardian duen ordezkari Angel Cocak adierazi zuenez, legegintzaldi honetan «hainbat jarduera egiten ari dira alkatea eta haren gobernu taldea eta, pertsona edo talde politiko bakoitzak legez egin dezakeen balorazio politikoa alde batera utzita, uste dugu legeditik kanpo daudela eta delituzkoak izan daitezkeela».

Txostenean jasotzen denez, 2024ko abenduan Guardiako osoko bilkurak ADR elkartera atxikitzea erabaki zuen, baina ez zuen zehaztu nor arduratuko zen han udaleko ordezkari izateaz. «Maiatzetik aurrera, gutxi gorabehera, alkatea zuzendaritza batzorde horretan parte hartzen hasi zen, Udalaren ordezkari gisa, nahiz eta osoko bilkurak ez zuen inolako ordezkaririk izendatu. ADRko zerbitzu teknikoek irregulartasun horren berri eman zuten, eta alkateak ziurtagiri bat aurkeztu zuen. Ziurtagiri horren arabera, Udalaren ordezkari izendatu zuten», azaldu zuen Cocak. EH Bilduk argudiatu duenez, ziurtagiria ez zuen Guardiako Udaleko idazkari kontu-hartzaileak sinatu, haren aldi baterako ordezkoak baizik. «Itxura guztien arabera, alkateak itxaron egin zuen gure idazkariak oporrak hartu arte, haren ordezkoari ziurtagiri hori egiteko eskatzeko, ziurtagiri horretan osoko bilkuran hartu ez diren erabakiak jasotzen dira eta».

«Gure ustez, ziurtagiri honen baldintzak -alkatearen oniritzia du, legeak eskatzen duen bezala- ez dira akats baten ondorio; eta helburu bakarra du: alkateak bere burua Arabako Errioxako ADRko ordezkari izendatzea, osoko bilkurari Udalaz gaindiko ordezkaritzak izendatzeko eskumena kenduz, horretarako gertaeren errealitatea faltsutuz, trafiko juridikoan zalantzarik gabeko eragina duen dokumentu publiko batean», azaldu zuen EH Bilduk.