Zesta-puntari buruzko euskarazko lehenengo nobela dakar Arostegik
Gaizka Arostegi idazleak «Jai-Alai» nobela argitaratu berri du Elkar argitaletxearekin. Haur eta gazteentzako liburuak idatzi izan ditu euskaraz, baita gazteleraz helduentzakoak ere. Oraingoan, mundu osoan ospetsua izandako zesta-puntatik abiatu da, thriller batean.

“Jai-Alai” da Gaizka Arostegi idazleak argitaratu berri duen nobelaren izenburua. Haren esanetan, zesta-puntari buruzko istorio bat da, euskaraz idatzi den lehenengoa. Zehazki, kirol horrek munduan zehar izandako ospea hartu du abiapuntu ETBko kiroletako emankizunetan lan egin izan duen Arostegik.
Atzo aurkeztu zuen bere lan berria Gaizka Arostegik, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editoreak lagunduta. Idazleak azaldu zuenez, zesta-punta «kirol soil bat baino gehiago» delako erabaki zuen honen inguruan nobela ontzea. Munduan mende bat baino gehiagoko ibilbidea duela azpimarratu zuen, besteak beste, AEBn, Kuban, Argentinan, Txinan, Egipton eta Filipinetan.
«Beste kirolek ez daukaten xarma berezia eta epika» ditu zesta-puntak, idazlearen hitzetan. «Bizitzaren metafora bezala», grina, pasioa, borroka, dirua, sexua, arrakasta eta porrota ere tartean daude. Beraz, «osagai horiekin zirraragarria da idazle batentzat liburu bat idaztea», adierazi zuen.
Martin Larralde da liburuaren protagonista, izenarekin Ruper Ordorikaren kantari keinu bat eginez, Arostegik azaldu zuenez. Urte askoan munduko frontoietan ibilitako puntista da Larralde eta Euskal Herrira Cadillac Eldorado batean itzultzen denean hasiko da eleberria, 1989ko Ameriketako Estatu Batuetako pilotarien grebarekin batera.
1976an partida gogoangarri bat irabazi zuen protagonistak, baina bere distira itzali xamar dago orduz gero, bere gorputz segaila ere alkoholak eta desengainuek apur bat makurtuta. «Ez da gizon erraza eta orbaindu gabeko zauriak ditu bihotzean eta gorputzean», azaldu zuen idazleak. Ameriketan arazoetan sartu denez, ihes egin du, baina «oso zaila da norbere buruarengandik ihes egitea» eta etsai eta maitale zaharrak eta aspaldiko mamuak topatuko ditu.
Eleberria bi denbora espaziotan gertatzen da, biak tartekatuta. 1970eko hamarkadako Miamin, alde batetik, zestalarientzat «urrezko urteak» izan zirenetan, «benetako idoloak» ziren garai horretan. Bestetik, Larralderen itzuleraren testuinguruan, 1980ko hamarkadaren bukaerako Euskal Herrian, «bizi zen giro nahasiarekin, krisialdi ekonomikoarekin eta heroinaren izurritearekin», laburbildu zuen idazleak.
DOKUMENTAZIO LANA
Miamin ez dela sekula egon aitortu bazuen ere, eleberria idazteari ekin baino lehen, dokumentazio lan handia egin zuela adierazi zuen Arostegik, izan ere, «lotsagarria izango zen hanka sartzea». Horretarako, puntista ohiekin hitz egiten eta irakurtzen ibili zen, istripu batek zenbait hilabetez etxean geratzera behartu zuenean.
Behin liburuaren gaia bururatuta, irudi batetik jaiotzen dira Arostegiren eleberriak. Kasu honetan, azalean Euskal Herriko errepide batean irudikatutako Cadillac autoaren irudiarekin hasi zen. «Eleberri bat idaztea errepide batean bidaia egitea bezalakoa da, bidegurutzeak daude eta bideak aukeratu behar dira», laburbildu zuen Gaizka Arostegik.

«La decisión de restaurar en el trono a Reza Pahlevi es de Israel»

«Que el 51% de los nuestros esté en el ‘grupo fuerte’ del MIR es un sueño»

«Unea da kulturgintzan sortutako kontraesanei aterabide bat emateko»

El PNV se ha renombrado «abertzale y euskaldun» en diciembre de 2025
