Alaia SIERRA
GASTEIZ

Kulturgileen kondizioak hobetzeko «neurri sendoak» eskatu ditu EH Bilduk

EH Bilduk artistek eta kultura sortzaileek bizi duten prekaritatea desagerrarazteko «politika publiko berriak» pentsatu behar direla adierazi du Gasteizko Parlamentuan.

Josu Aztiria legebiltzarkidea, atzoko osoko bilkuran.
Josu Aztiria legebiltzarkidea, atzoko osoko bilkuran. (Raul BOGAJO | FOKU)

 

Sortzaileak «kulturaren azpiegiturako langile» direlako eta «euskaran eta nazio eraikuntzan kultur azpiegitura sendoa» behar delako, EH Bilduk horien lan baldintzak duintzeko ekimena aurkeztu zuen atzo Gasteizko Parlamentuko osoko bilkuran.

Josu Aztiria legebiltzarkideak jakinarazi zuenez, Euskal Herriko kulturgileekin egindako hainbat ikerketak adierazi dute artistek beraien lanagatik jasotzen duten ordaina bizitzeko beharrezkoa denaren «oso azpitik» dagoela. Hala, jarduna uztea pentsatu ohi dute, egiten duten lanaren eta jasotzen dutenaren artean dagoen desberdintasunagatik, azaldu zuenez.

Beraz, artistei eta euskaraz kultura sortzen dutenei «gutxieneko segurtasun bitala ematea ezinbestekoa» dela uste du EH Bilduk, «are gehiago adimen artifizialaren garaiotan», zeina, bestalde, Aztiriak deitoratu zuenez, «ez du mirari teknologiko batek sortu; sortzaileen testuen eta lanen espoliotik sortu da, tekno oligarkek gure lurretan dituzten datu zentroen bidez».

Hiru eskaera egin zizkion Lakuari. Batetik, langile horien «egonkortasuna bermatzeko», lege proiektu bat aurkeztea 2026ko lehen seihilekoan. Bigarrenik, partaidetza prozesu bat hastea sortzaileekin. Azkenik, Nafarroako Gobernuarekin koordinazioa indartzea.

EH Bilduren mozioa ez zen onartu. Horren ordez, EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketa onetsi zuen Gasteizko Legebiltzarrak, talde horien babesarekin, EH Bilduren, Sumarren eta Voxen aurkako botoekin eta PPren abstentzioarekin. Hala Gasteizko Legebiltzarrak Lakuako Gobernuari eskatzen dio foru aldundiekin «elkarlanean jarraitzeko» eta «sektorearen inguruabarrak ulertzen dituen eta horren bultzadaren aldeko zerga sistema bat eratzeko».

PREKARITATEAN LANEAN

EAJko Garikoitz Mendizabalek adierazi zuenez, kalitatea eta irismena kontuan hartu behar dira eta «zerga sisteman izan diren aldaketekin Europako puntako herrialdea da Euskadi». Lakuak neurriak hartu dituela ziurtatu zuen.

Bere ustez «ez da egia» prekaritatean kalitate gutxiagoko lanak sortzen direla. «Dibertsifikatzen jakitea ona da artista sena galdu gabe», esan zuen, beste lanbide bat izatea ez dela «drama bat» adieraztearekin batera.