Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
NO OTHER CHOICE

Lanaren absurdoak eta kapitalismoaren itzalak

Park Chan-wook thriller kutsuko komedia beltzean murgiltzen da, satira eta gehiegikeria erabiliz lan merkatuaren egiturazko indarkeria eta kapitalismoaren deshumanizazioa azaleratzeko. Enpresa berean 30 urtez aritu ondoren kaleratu duten gizon bat sistemaren engranajean berriz sartzeko ezintasunaren aurrean aurkituko da. Lehiaren logika muturreraino eramatea erabakiko du, biziraupena joko ergel eta krudel bihurtuz. Kontakizun sozial errealista izan zitekeena fabula garratz eta zirraragarri bilakatzen da Parken eskuetan, non umore beltzak, biolentzia estilizatuaren eztandak eta eszenaratze milimetrikoak etengabeko tentsio dramatikoa ehuntzen duten.

Chan-wookek artifizioa eta gehiegikeria ez ditu bakarrik ikuslea zirikatzeko erabiltzen; hiperbolea gizartearen ispilu desitxuratu gisa erabiltzen du, eta biolentzia, helburutzat proposatu baino gehiago, bazterketa eta prekaritatea normalizatzen dituen sistema baten sintoma gisa baliatzen du.

Kamera zehaztasun kirurgikoz mugitzen da, trantsizio dotoreak erabiliz eta eguneroko espazio arruntak -bulegoak, etxeak, korridoreak- tentsio psikologikoko eta satiraren eszenatoki nagusi bihurtzen ditu.

Zoritxarrez filmak bi arazo nagusi ditu. Bata, luzeegia dela. Premisa biziki interesgarria da, baina pasarte batzuk asko luzatzen dira. Bigarren arazoa, tonuen arteko nahasketa ezegonkorra da. Ikusleak ez daki komedia beltzaren kutsua duen film sozial bat den edo kontrakoa. Umore ukituek filmaren zama dramatikoa arintzea lortzen dute, baina istorioak seriotasuna galtzea ere eragiten dute.

Apur bat laburragoa eta zehatzagoa izan balitz, Park Chan-wooken filma biribila izango litzateke. Ez da perfektua, baina kapitalismoaren ondorio txarrenak azaltzen dituen satira sozial biziki interesgarria osatu du.