GARA
ERRENTERIA

Lanuzteak Papresan, EEE baten ezarpena prentsaren bidez jakin dutelako

Otsailaren 17an, 20an, 24an eta 27an lau orduko lanuzteak egingo dituzte Errenteriako Papresa paper lantegian. 110 langileri eragingo liekeen enplegu erregulazioko espedientearen (EEE) berri prentsaren bitartez jakin zutela salatuko dute, egoera «larria» baita. Zehazki, aurreikusitako lanuzteak 12.00etatik 16.00ak arte egingo dituzte.

LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen duten enpresa batzordeak ohar batean salatu zuenez, enpresako zuzendari nagusiarekin izandako bilera batean izan zuten asmo horren berri, eta ez zien inolako daturik eman. «Onartezina iruditzen zaigu Papresaren enpleguari eta etorkizun industrialari zuzenean eragiten dioten erabaki garrantzitsuak prentsari jakinaraztea, langileen legezko ordezkariekin elkarrizketak hasi aurretik», adierazi zuten.

Horrenbestez, mobilizazio dinamika bati ekitea «ezinbestekotzat» jotzen dute langileek, «lanpostuen defentsan, lantegiaren etorkizunaren defentsan eta langileentzako edozein neurri traumatiko baztertzea exijitzeko».

Era berean, enpresa batzordeak zuzendaritzari eta CL Grupori dei egiten die «erantzukizunez» joka dezaten, «egiazko informazioa» eman dezaten eta elkarrizketa prozesu «erreal» bat ireki dezaten, Papresan enplegua eta bideragarritasuna bermatzeko.