Amaia UGARTE
GARA.NET-EK LEIHOA ITXI DU

Sareko komunikazioan erreferente bilakatu den ataria

1999an GARA egunkariarekin batera hasitako ibilbidea bukatutzat eman du gara.net atariak. Sarean izan den ia hamabost urte hauetan Euskal Herriko azken urteotako historiaren mugarri garrantzitsuenak mundu osora zabaltzeko leihoa izan da. Baliabide gutxirekin eta lantalde murritzarekin, baina erreferente bilakatu da informazioaren alorrean. Orain Naiz.info-k hartu dio lekukoa.

Gauerdia jo orduko Interneten www.gara.net-en sartu direnek aldaketa sumatuko zuten bart. Gaurtik ez dago aukerarik GARAren papereko edizioko albiste guztiak doan irakurtzeko, azken hamabost urteotan izan den bezala. Gara.net-ek etapa bat itxi du eta beste bati ekin dio, Interneten erronka berriek eta komunikabideen sektorearen egoerak bultzatuta.

1999ko urtarrilera atzera egin behar da GARAren agerkari digitalaren sorrerari erreparatzeko. Egunkaria jaiotzearekin batera, Interneten sareratzen ere hasi zen GARAren eduki osoa. Lan tekniko hutsa zen eta gauerditik aurrera egiten zen, egunkariaren paperezko edizioa errotatibara bidali eta gero. Hasiera hartan eguneko 2.000 sarrera inguru izaten zituen Gara.net-ek, baina pixkanaka kopuruak gora egin zuen.

2001. urtearen bukaeran egin zen lehenengo salto nabarmena webgunean, edizio jarraitua sortzearekin batera. Ordutik aurrera, egunkariko artikuluak jasotzeaz gain, azken orduko albiste garrantzitsuenen berri ematen hasi zen Gara.net. Hasiera batean, astelehenetik ostiralera eta ondoren, larunbatetan ere bai.

Diseinuari dagokionez, oso webgune sinplea zen, oso baliabide gutxirekin egina, eta argazki bakarra sartzeko prestatua. Urrun zeuden artean multimedia kontzeptua eta interaktibitatea...

M-11ko mugarria

2004ko udaren amaieran iritsi zen hurrengo itxura aldaketa, baina ordurako Gara.net-en historian mugarririk handiena izan den gertaera batek bere ibilbidean inflexio puntua markatu zuen: martxoaren 11n Madrilen izan ziren atentatuak. Egun hartan Euskal Herriko, Estatu espainoleko, bai eta nazioarteko begi gehienak ere Gara.net-i begira jarri ziren. Atariak errekor guztiak hautsi zituen eta sekula izan duen bisita kopururik handiena jaso zuen. Euskal Herrian izan diren beste gertaera historiko batzuek -ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuela iragarri zuenekoa, esaterako- ere ez dute lortu zifra hura gainditzea.

2004ko martxoaren 11n askok GARAk edizio digitala bazuela deskubritu zuten eta, ordutik, erabiltzaile kopurua etengabe hazi zen. Edizio digitala erreferente bilakatu zen informazio eta komunikazioaren alorrean Euskal Herrian; datuek eta erabiltzaile kopuruak hala baieztatzen dute.

Urte hauetan guztietan gure herrian nahiz mundu zabalean izan diren gertaera garrantzitsuenen berri jaso du Gara.net-ek, betiere irakurleei informazio, gako eta erreferentzia argi eta sinesgarriak emanez.

Batasunaren eta ezker abertzaleko beste hainbat erakunderen ilegalizazioen berri eman zuen; Anoetako proposamenaren aurkezpenean ere izan zen, 2005-2007ko negoziazio prozesuari jarraipen berezia egin zion; tortura salaketei ahotsa eman zien -Igor Portu ospitaleratu zuteneko mediku partea Gara.net-ek zabaldu zuen-; Bilduren hautagaitzei argi berdea eman zitzaienean aurrenetakoa izan zen... baliabide gutxirekin baina esfortzu handia eginez egoerak hala eskatzen zuenean -hauteskundeak, Aieteko Konferentzia, ETAren jarduera armatuaren bukaera...-, eta egindako akatsak ez errepikatzen saiatuz.

Politikatik at, bestelako alorrak ere jorratu ditu: Euskal Herrian lan alorrean egin diren greba orokorrak, lan istripuen inguruko dosierra; Eva Forest, Mikel Laboa, Xabier Lete edota Txillardegiren heriotzak gurean eta Yasser Arafat, Sadam Hussein edo Bin Ladenenak, urrunago; Realaren, Athleticen eta Osasunaren garaipenak eta porrotak ahaztu gabe. Albiste onak eta txarrak, guztiak oihartzun handikoak eta mundu osoan barreiatuta dauden jarraitzaile fidelei esker Gara.net hazten lagundu dutenak.

Aro berria

2007ko otsailean berritu zuen berriro azala Gara.net-ek: diseinu garbi eta txukunagoa, berrikuntza teknikoak.... Baina benetako aldaketa 2010eko udazkenean hasi zen. Aro berri batean murgildu zen ataria, lantaldea indartu zen, ordutegia luzatu, igandeetan edizio jarraitua abian jarri, bideoekin lehen urratsak egin... 2012ko ekainean NAIZen jaiotzarako prestakuntza abiatu zen, nolabait.

Orain agur esateko ordua heldu zaio. Gara.net-ek berea egin du eta NAIZi eman dio lekukoa. Urte askotarako izan dadila.