Mikel Aramendi
Kazetaria

Betirako enbarazuan geratuko dena

Oso zaila da Israelen parte hartzea ezetsita Arafaten hilketari buruzko hipotesi seriorik eraikitzea. Noski, alferrik izango da bere etxean egoera begetatiboan dagoen Sharoni galdetzea

Enbarazuan zegoelako akabatu zuten Arafat. Hilketa ez baizik akabera «naturala» zela irudikatzea guztiz funtsezkoa zen, ordea. Bestela dena haserrearen haizeak eramango zuelako, beste askotan bezala. Eta horregatik, pozoidura ultrasofistikatu bat bururatu zitzaion norbaiti. Itxuraz, lehen inoiz erabili gabea. Sekretuaren ezagule ez zen inork kausituko ez zuena, susmoak eduki arren. Baina...

Planik onenak ere beti du bainaren bat. Kasu honetan, metodo berbera beste norbaitek (?) beste zerbaitetarako, nabarmenegi, erabili zuenean izorratu zen asmakizuna. Fidagaitzek giltza bat aurkitu zutelako orduan. Sarraila irekitzen zuen ikusi behar zen.

Polonioa ez da inon saltzen. Ia inork ez daukalako eta erabilpen «txukunik» ez duelako. Erreaktore nuklear eta teknologia aurreraturik gabe ezin daiteke lortu. Arma nuklearrak dituzten herrialdeetan baino ezin da aurkitu, «normalean». Zergatik iritsi zen orduan polonioa Yasser Arafaten sabelera?

Izugarri -adiera etimologikoan- argigarria gertatzen da 2004ko udazkeneko testuinguru hura guztia egungo jakinbideekin berraztertzea. Irakeko gerra «amaituta», Ekialde Ertaineko saltsa behin betiko «konpontzeko» garaia zela esaten zuten batzuek. Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Europar Batasunak eta NBEk osatutako laukoteak hartarako behar zen bulkada eta babesa emanen zutela ziurtzat jotzen zen, eta Hitnatkut-erako behar zen ausartzia eta biolentzia guztia ipintzen ari zen Ariel Sharon. Mukatan setiatuta, hondakinez inguratuta, zegoen Arafat zen enbarazu bakarra. George W. Bush lehendakariak bere bigarren agintaldirako hauteskundeak irabaz zitzan astebete falta zenean, botaka hasi zen Arafat bilera batean. Hamazazpi egun geroago hil zen Parisko Percy ospitalean.

Oso zaila da Israelen parte hartzea ezetsita Arafaten hilketari buruzko hipotesi seriorik eraikitzea. Noski, alferrik izango da bere etxean egoera begetatiboan dagoen Sharoni galdetzea.

Baina, berriro, izugarri argigarria da pozoitzearen inguruko albisteen aurrean Israelgo agintariek hartu duten jarrera. Ezjakinean baleude normala ez ezik derrigorrezkoa litzatekeen jakin-mina ez da inondik nabaritzen. Oso bestelako kontua da Sharon bakarrik aritu zela suposatzea. Interesdunak gehiago ziren, eta haietako batzuek ere badute polonioa.

Benetan interesgarria litzateke jakitea zergatik Errusian norbaitek erabaki zuen, lau urte beranduago, A. Litvinenkori «botika» bertsua ematea; baina alferrik izango da galdetzea, hor ere. Zilegi izan behar luke, ordea, Parisko Percy erietxe militarrean galdera honentzako erantzunen bat lortzea: hain zuzen ere, horretarako prestatuta dagoen ospitalean nolatan ez zuten kausitu Arafaten kutsadura erradiaktiboa?

Enbarazuan zegoelako hil zuten 2004ko udazkenean Arafat. Hura garbitutakoan libre espero zen bideak, ordea, betiko lekura eraman zituen hiltzaileak, konplizeak eta beste aldera begiratu zutenak. Eta, orain, gainera, hilotza daukate berriro enbarazuan. Milioika laguni adierazten die fidagaitz izateko motibo guztiak dituztela.