Ikusmira

Estatu indarkeriaren aurkako zigor eredugarria

Turkiako Auzitegi Gorenak kartzela batean gatibu zegoen lagun bat hil arte torturatzeagatik hiru akusaturen kontra ezarritako zigorra berretsi egin du, biziarteko kartzela ezartzen diena, hain zuzen. Epaileen erabakia estatu indarkeriaren zigorgabetasunaren aurkako borrokan mugarria da, eta nabarmentzekoa da epaiak ez diela hildakoa kolpekatu zuten bi zaindariei bakarrik eragiten, kartzelako zuzendariordea ere zigortzen baitu, honek ez baitzuen jipoia eragotzi. Duela bost urte jazo ziren gertakariak, polizia bortizkeriaren kontrako manifestazio baten karietara. Orduan Engin Çeber emakumezkoa atxilotu zuen Poliziak, eta hamar egun beranduago zendu zen Istanbuleko presondegi batean pairatutako tratu txarren ondorioz. Orduan, Gobernuak berak barkamena eskatu zuen, eta orain Auzitegi Gorenak estatu aparatuen ardura mahai gainean jarri eta irmoki zigortu du.

Lehen aldia da Turkiako Justiziak indar polizialek eragindako tortura kasu bategatik biziarteko zigorra ezartzen duena; izan ere, orain arte oso ezohikoa izan da halako gertakarien ondorioz estatuko zerbitzariak auzipetuen aulkian ikustea. Alde horretatik, epaileen ebazpena eredugarria dela esan daiteke, Estatu turkiarra norabide onean kokatzen duena. Eta, bide batez, tortura ahalbidetzen duten eta inoiz zigortzen ez duten estatuak nabarmen uzten ditu.