Jon LEUNDA
aizkora Nafarroako maila nagusiko finala

Nazabali aurre egitea izango da guztien helburua

Etxarrikoarekin batera, Rekondo, Lopez, Saralegi eta Senosiain I.a arituko dira gaur Donezteben, 17.30ean.

Floren Nazabal faborito dela jokatuko da gaur 17.30etik aurrera Doneztebeko pilotalekuan Nafarroako Lehen Mailako finala. Doneztebeko ferietan jokatzen da askotan herrialdeko final nagusia eta aurten ere horrelaxe izango da. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Euskal Herriko finalean izango duten lana baino bi oinbiko gutxiago moztu beharko dituzte.

Etxarriko txapeldunarekin batera, Juanjo Lopez, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Antonio Senosiain neurtuko dira, horiek lortu baitzuten urriaren hasieran Etxarrin jokatu zen kanporaketan gaur Doneztebeko pilotalekuan aritzeko txartela.

Ezeren okerrik ez dela, Floren Nazabalek irabazi beharko luke. Etxarrikoa une honetan beste guztien gainetik dago. Kanporaketan ere erraz lortu zuen garaipena eta oso zaila dirudi gaur bera txapelik gabe geratzea.

Juanjo Lopezek behetik gora egin du aurtengo denboraldian, eta agian oraintxe egongo da bere unerik onenean. Lezaungoak bigarren amaitu zuen Euskal Herriko Bigarren Mailako Txapelketan, eta bigarren Nafarroako kanporaketan. Lan on bat egin eta podiumean amaitzea da bere helburu nagusia.

Jon Rekondorekin ere itxaropen dezente daude, baina leitzarrak ez du Nazabal menderatzea batere erraza izango. Bigarren postua izango da bere lehen helburua. Gero, faboritoak huts egiten badu, ikusiko da zer gertatzen den.

Ruben Saralegi da finaleko aizkolaririk gazteena. Azkeneko urtean sekulako gorakada eman du, eta aurten Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela lortzeaz gain, Nafarroako finalean sartu da. Galtzeko ez dauka ezer, agian presiorik gutxiena ere berak izango du. Etorkizunean txapelaren borrokan ibili behar duen aizkolaria da.

Antonio Senosiain da, berriz, finaleko beteranoena. Olaguekoa ez da lehengoa, baina hortxe dago beti. Urtea joan eta urtea etorri, beti finalean sartzen da. Lehen helburua bete du, eta gaurkoa azkena ez geratzea izango da.

Donezteben jokatuko da baita ere Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala. Hasiera batean lau bikote ziren lanean aritzekoak, baina azkenean bi besterik ez dira arituko. Oteiza eta Berruezo eta Urrutia eta Saldias izango dira lanean arituko diren bi bikoteak. Etxabide eta Irigoien eta Irigoien eta Etxenike azkenean ez dira gaur arratsaldean lanean arituko.

Bakoitzak, hamar epai eman beharko dizkio etzanda jarritako 45 ontzako enborrari, eta lau, berriz, zutik jarritako tamaina bereko enborrari. Txapelduna Lehen Mailara igoko da.