Andoni ARABAOLAZA
Denboraldiko hitzordu nagusia

50 parte hartzaile Euskadiko Eskalada Txapelketan

Andrea de Goñi eta Mikel Linazisoro nagusitu dira 16 urtez azpikoen mailan. 18 urtez azpikoen artean, Jone Ugartemendia eta Gorka Ruiz gailendu dira. 20 urtez azpikoetan Itziar Zabala eta Ibai Isusi izan dira irabazleak. Eta seniorretan, Zuriñe Arruek eta Iñaki Arantzamendik lortu dute garaipena.

Pasa den larunbatean, Berriobeiti herriak hotz handiarekin hartu gintuen. Hala ere, zorionez, herri nafar horretan dagoen Rocopolis rokodromoan epeltasuna nagusi zen. Hori, bederen, Euskadiko Eskalada Txapelketara hurbildu ziren ikusleek zein lehiakideek eskertu zuten. Eta azken horiek ere eskertu zuten rokodromo horrek eskaintzen dituen azpiegitura bikainak. Rocopolis handia da, eta dituen parte ezberdinek proposamen ederrak eta kalitatezkoak egiteko aukera ezin hobea ematen dute. Eta, berriro diogu, parte hartzaileek hori izugarri eskertzen dute. Sormen lan horretan Ion Gurutz Lazkozek eta David Gambusek jardun zuten.

Guztira, 50 lehiakide bertaratu ziren Euskal Mendizale Federazioak antolatzen duen hitzordu nagusira, hots, Euskadiko Txapelketara. Aurtengo ekitaldiari dagokionez, inolako zalantzarik gabe Euskal Mendizale Federazioak hartutako erabaki bat txalotu behar da. Euskal Herriak bizi duen zatiketa dela eta, orain arte Euskal Mendizale Federazioaren euskal txartela zutenek soilik parte har zezaketen Euskadiko Txapelketan. Baina Euskal Mendizale Federazioak hori hausteko urrats ederra egin eta beste lurraldeetako eskalatzaileei aukera eman die aurtengo edizioan lehiatzeko. Nafarroako eskalatzaileek erantzun ederra eman zuten; ez, ordea, Ipar Euskal Herriko eskalatzaileek. Alabaina, urratsa edo bidea egin da, eta espero dugu, behingoz, Euskal Herriko benetako txapelketa gertu egotea.

Horrela bada, Hego Euskal Herriko 50 lehiakidek egin zuten bat hitzorduarekin. Bikaina izan zen gazte maila ezberdinetan izena eman zutenen erantzuna. Baina, zoritxarrez, seniorren erantzuna oso apala izan zen; izan ere, soilik bederatzi senior bertaratu ziren, lau neska eta bost mutil.

Harritzekoa da Euskal Herrian dugun eskalatzaile kopurua eta maila ikusita, txapelketa horren isla ez izatea. Batzuek diote, gazte mailetan ez bezala, seniorretan krisia dagoela. Izan daiteke, baina, zergatik gertatzen da hori? Hainbat erantzun egon daitezke, eta indar gehien duena lehiaren formatua bera izan daiteke. Larunbateko saioan, adibidez, sailkapen fasean zein finalean bide bana bakarrik eskalatu zuten. Lehia ordu gehiegi bi bide eskalatzeko; itxaronaldia, horrenbestez, oso luzea izaten da.

16, 18 eta 20 urtez azpikoek, berriz, bestelako erantzuna eman zuten. Guztira 41 lehiakide aurkeztu ziren. Inolako zalantzarik gabe, Euskal Herriko zenbait eskalada taldek egiten duten lan bikainaren isla. Zorionak horiei guztiei!

Lehia ikusgarriak

Ohi den bezala, sailkapen fasea goizez jokatu zen. Aurreratu dugunez, aurten soilik bide batean jardun zuten eskalatzaileek. Finalak, berriz, arratsaldeko bostetatik aurrera izan ziren. Aipatu behar da finaletara makina bat ikusle bertaratu zirela. Gainezka egon zen Rocopolis, eta, hala, aulki guztiak betetzeaz gain, ikusle askok zutik jarraitu zituzten finalak.

Finalak nahiko dinamikoak izan ziren. 16 urtez azpikoetan, nesketan, Andrea de Goñik erakutsi zuen indartsu dagoela, eta nafarrak garaipena eskuratu zuen. Bigarrena Muriel Ruiz de Larramendi izan zen, eta, hirugarrena, Marta Camara. Mutiletan, Mikel Linazisorok bidea kateatu eta irabazi zuen. Haren atzetik Bittor Esparta eta Tasio Martin sailkatu ziren.

18 urtez azpikoen nesken mailak soilik bi ordezkari izan zituen: Jone Ugartemendia eta Irati Musitu. Ugartemendiarentzat izan zen garaipena. Mutiletan, Gorka Ruiz bilbotarrak jardun polita egin zuen eta txapelarekin egin zen. Mikel Garciak bigarren postua eskuratu zuen, eta, Mikel Inorizak, hirugarrena.

20 urtez azpikoetan, Itziar Zabala bere lehiakideak baino sasoikoago ikusi genuen. Garaipenaren bidean jarri eta Ilargi Perez eta Miriam Mulasi gailendu zitzaien dimoztarra. Ibai Isusik ere erakutsi zuen ondo baino hobeto lehiatzen dela, eta berarentzat izan zen lehen postua. Eneko Cantero bigarrena izan zen eta Mikel Madinabeitia hirugarrena.

Aurreratu dugun bezala, seniorretan soilik bederatzi eskalatzaile lehiatu ziren. Nesketan lau ordezkari ziren: Alba Lumbreras, Ane Mujika, Irati Anda eta Zuriñe Arrue. Eta bitxia bada ere, iazko berdinketa bera eman zen lehen bi sailkatuen artean. Horrekin beste behin ere Arruek eta Andak superfinala jokatu behar izan zutela esan nahi dugu. Baina iaz ez bezala, donostiarrak irabazi zuen saioa. Beste une berezi bat ere eman zen superfinal horretan. Finaleko proposamenean inork ez zuen bidea kateatzeko aukerarik izan, baina Arruek, ordea, superfinalekoa poltsikoratzea erdietsi zuen. Anda, beraz, bigarren geratu zen, Mujika hirugarren eta Lumbreras laugarren.

Mutiletan, bestalde, Iñaki Arantzamendi lehiara indartsu azaldu zen, eta ondarrutarrak ez zuen arazo larregirik izan aurtengo Euskadiko Eskalada Txapelketa irabazteko. Ekipatzaileek bide luze eta «nahasia» proposatu zuten, eta, bidea kateatzea lortu ez bazuen ere, Arantzamendi nahiko goian erori zen. Haren atzetik iazko txapelduna sailkatu zen: Antton Zabala. Hirugarren postua Mikel Velaskorentzat izan zen, laugarrena Iosu Viejorentzat, eta, bosgarrena, Kepa Bruñarentzat.

Horixe izan zen larunbatean Rocopolis rokodromoan Euskadiko Eskalada Txapelketan gertatu zena. Hala ere, bildutakoek disfrutatzeko beste aukera bat ere izan genuen. Antolatzaileek Mikel Linazisorori seniorren finaleko bidea probatzen utzi zioten; hori bai, lehiatik kanpo. Eta orriotan azkenaldian protagonismoa izaten ari den 13 urteko bergararrak bidea kateatzea lortu zuen.

Bestalde, aurreratu behar dugu larunbatean jokatutako Euskadiko Eskalada Txapelketak lekukoa pasako diola Euskadiko Boulder Txapelketari. Hitzordu nagusi hori heldu den larunbatean izango da, Aretxabaletan.