Amagoia MUJIKA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

Sustrai Colina lehena Murgian, eta itxi da bidean segituko dutenen zerrenda

Barrutik eta egiatan ospatu zuen Sustrai Colinak puntuazioa. Besoak altxatuz eta irria libre utziz. Gauza handia da BECeko oholtzara daraman eskaileran beste maila bat igotzea.

Txapelketako saioa puntutan neurtzen da. Baina badira saio baten kolorea eta usaina iradokitzen duten beste gauza batzuk. Esaterako, ofizioa elkarrekin josi duten bertsolariek berriro aulkira erretiratzean elkar nola agurtzen duten. Irribarre konplizeak eta bizkarrean igurtziak, adibidez, gauza ondo joan den seinale izaten dira. Horrelako asko izan ziren atzo Murgian saioaren hasieran, oso goitik hasi zelako. Gero izan zuen apalaldiren bat, baina gozatzeko moduko tarte asko joan ziren. Entzuleek errepika asko partekatu zituzten bertsolariekin. Hori ere, giroaren neurgailu ona izan daiteke.

Zortziko handia hasterako sumatu zen borroka latza izango zela. Zortziko handian eta txikian distira handiko uneak izan ziren. Colinak, Mendiluzek eta Gaztelumendik azkar agertu zuten burua. Saioa oso goitik eta oso azkar hasi zen. Gozamena. Gerora izan zuen apalaldiren bat, eta, kartzelako lana izan zen, akaso, epelenetakoa.

Sustrai Colinak ere, saioko irabazleak, goitik josi zituen ariketa guztiak, kartzelakoa izan ezik. Zortziko nagusian fin aritu zen Fredi Paiarekin. «Anaiak zarete. Beilatokian egiten duzue lan. Gaur zuen amona hil da eta haren gorpua prestatzen ari zarete». Horixe zuten gaia, eta konponbide ona jarri zioten bien artean. Ederra Sustrairen hirugarrena: «...nik jantzi diot ordularia ta mezatarako gona/ ondoren kaja betiko itxi ta naiz begira egona/ eman didazun guztiagatik eskerrik asko amona». Zortziko txikian oso ondo Agirrerekin, eta, puntu erantzunean, onena. «Cabacasen hilketa argitzeko dago», jarri zion puntua Zuriñe Iarrituk. «Ta argitzen ez bada kontua akabo/ nahiz ta lau auzipetu dituzte lehenago/ nere ustez errudunak badaude gehiago», lehen erantzuna. Eta beste biak ere goitik josi zituen. Seiko motzean ere ondo aritu zen. Hartara, ariketaz ariketa puntuak pilatzen joan zen Colina eta kartzelan puntutan oso behetik aritu arren, lehen postua eskuratu zuen.

Bigarrena, bederatzi puntura, Beñat Gaztelumendi. Lan fina egin zuen ariketaz ariketa, eta, azkenean, lanaren saria. Zortziko nagusian Silveirarekin batera jardun zuen zaintza partekatuaren aldeko bi aitaren paperean eta ideia zoragarriak josi zituzten biek. «Hemen gabiltza firma bilketan bion zaintzaren defentsan/ haurrak merezi duen maitasun erdia jaso ez dezan», bukatu zuen lehenengoa. Eta Silveiraren erantzuna, «emakumeen eskubidea behar da errespetatu/ baina umeen eskubiderik ez dezatela mugatu». «Haseran amets gisa hasia bilakatu da arazo/ bikote izan ezin badegu izan gaitezen guraso», segitu zuen Gaztelumendik bigarren bertsoan. Eta, Silveirak, «umeen aita izan ezina tortura da niretzako/ aita txar izan behar ote dut senar txarra nintzelako». Egia esan oso elkarrizketa polita osatu zuten bien artean.

Kartzelakoan hiru bertso eder utzi zituen Gaztelumendik, baina akaso gaiari erabat lotu gabe. Orokor samarra izan zen akats hori kartzelan. Silveira eta Agirre izan ziren gaiari gehien pegatu zirenak. Hau zuten gaia: «Prest duzu dena. Gonbidatuak falta dira».

Gaztelumendi familiarekin eseri zen mahaian, zendutako emaztearen aulki hutsari begira. Baina gonbidatuak bertan kokatu zituen lehen bertsorako.

Aitor Mendiluze izan zen hirugarrena eta bere kartzelak batu zuen puntu gehien. Anaiaren zain kokatu zen etxean, urduri, ez zelako iristen. Gonbidatu bakarra beraz, eta ez gonbidatuak, gaiak zihoen bezala. Hala ere, eta gaiak gai, gozarazi egin zuen Mendiluzek. Hauxe, bigarrena; «Ordua pasa berri da Aitor eta nerbioei eutsi/ itxarotea arte bat dala amak zigun erakutsi/ baina hala ere eskumuturra igurtzi eta igurtzi/ zenbat beldur ta iritzi/ zenbat pentsamendu bitxi/ zergatik ez da iritsi/ abiatuta ez iristeko behar baita horren gutxi/ ez nuke hortan pentsatu behar baina ezin diot utzi». Izugarria izan zen Mendiluzek nola hasi zuen saioa, ze abiadan eta ze seguru. Kasik hizketan bezala. Azken agurrean esan zuen bertso batzuk bota egin zituela eta beste batzuk erori egin zitzaizkiola. Hala ere, egin dezakeenaren abisu garbia eman zuen.

Unai Agirrek ere oso lan txukuna egin zuen. Bere kantaeraz eta bertsokeraz nortasun handiko saioa josi zuen, bere-berea. Ofizio guztietan eman zuen maila eta kartzelan gaiari ondo hurreratu zen bakarretakoa izan zen; bere semearen lehen urteurreneko festatxoa prestatzen jarri zen, gonbidatuak noiz etorriko zain.

Seiko motzean Gaztelumendirekin polito aritu zen, jantoki sozial batean sartzen zen lehen aldian. «... ate txikitik makur sartu naiz ta izerditan blai/ ez bainuen etorri nahi/ hargatik ez nago lasai/ nik lotsa badet barruan baina gosea ere bai», kantatu zuen bigarrenean.

Fredi Paia izan zen bosgarrena. Batzuetan freskoago eta bestetan nahasiago, baina berriz ere sinadura propioz osatu zuen saioa. Zortziko txikian Gaztelumendirekin batera arratsaldeko une politenetako bat sinatu zuen. Lankideak ziren eta Fredi Beñatengana hurbiltzen zen aldiro Beñatek ordenagailuan leiho bat ixten zuen. Horrela ireki zuen bidea Paiak: «Harrituta naukazu azken egunetan/ pantaila jeisten duzu baldin banaiz bertan/ zer aurkitzen duzu ba nabil galdeketan/ bertso porno jartzen dun pestaña horretan». Gaztelumendik bideari segi eta plaza piztea lortu zuten.

Xabier Silveira izan zen seigarrena. Ofizioak ondo osatu zituen, baina puntuari erantzuten nahasi ibili zen eta hor puntu asko galdu zituen. Eta kartzelakoan, ideia benetan originala plazaratu arren, askok ez zuten ulertu bere intentzioa. Bere buruaz beste egin aurretik bere azken agurrerako gonbidapenak bidali zituela kontatu eta han kokatu zen, etzanda, hilda, bere agurrera nor etorriko. «Nere buruaz beste egin dut banoa hemendik aparte/ ta agur on bat ez jasotzea marka handia litzake», esan zuen bigarrenean. Eta honela bukatu zuen hirugarrena, «zai jarraitzen dut eta ikusiz jenderik ez datorrela/ berpiztu enaiz berpiztuko ta izorratu daitezela».